Julen Apellak 'Postal bat desertuan' liburua aurkeztu du

Julen Apellak 'Postal bat desertuan' liburua aurkeztu du Donostia Kultura Poesia Lehiaketako epaimahaikideek "metaliteratura eta kritika sozialaren uztarketa" nabarmendu zuten saria ematerakoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julen-apellanek-postal-bat-desertuan-liburua-aurkeztu-du/@@download/image/Julen-apella-santamaria.jpg
2023/05/25
Donostia Kultura Poesia Lehiaketako epaimahaikideek "metaliteratura eta kritika sozialaren uztarketa" nabarmendu zuten saria ematerakoan.
Julen Apellak 'Postal bat desertuan' liburua aurkeztu du

Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren VI. edizioan saria jasotako Julen Apella Santamariak kaleratu du Postal bat desertuan izeneko poema-liburua.

Epaimahaikideek balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: “Ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak.”

Berrizen jaio zen Apella 1998an. Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle lanean ari da. Bere lehen liburua du honako hau.

Julen Apellak ekainaren 13an, 19:00etan, Victoria Eugenia Club aretoan egingo den 2023ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean parte hartuko du.