Julen Apellak irabazi du VI. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Julen Apellak irabazi du VI. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa Idazle gazteak mila euroko saria jaso du eta Balea Zuria argitaletxeak bere lana argitaratuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julen-apellak-irabazi-du-vi-donostia-kultura-poesia-lehiaketa/@@download/image/Julen-Apella-Arantza-Urkia.jpg
2023/03/22
Idazle gazteak mila euroko saria jaso du eta Balea Zuria argitaletxeak bere lana argitaratuko du.
Julen Apellak irabazi du VI. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) izendatu dute VI. Donostia Kultura Poesia Lehiaketako irabazle, Postal bat desertuan lanagatik. Epaimahaikideek azaldu dutenez, "ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak.”

Berriztarrak 1.000 euroko saria eta Imanol Larrinagaren margolana jaso ditu. Gainera, Balea Zuria argitaletxeak bere idazlana argitaratuko du eta ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.

Apella euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle lanetan aritzen da. 

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen dute lehiaketa, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz.