Judith Mariezkurrena: “lehen gazteria borrokalariagoa zen”

Judith Mariezkurrena: “lehen gazteria borrokalariagoa zen” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/judith-mariezkurrena-lehen-gazteria-borrokalariagoa-zen/@@download/image/34p18-1_1368695874.jpg
2003/10/03
elkarrizketa
Jon Odriozola
Apunte artean topatu dugu Judith Mariezkurrena "Basetxea" saioko aurkezlea. Txokolatezko irabiatu eta pintxozale amorratua dugu segapotorik gabe bizi ezin den donostiar hau. Funky dantzaren maitale, telebistaz, festez eta gazteez jardun dugu berarekin.

Enpresaritza fakultatean, kredituak lortzeko sartu omen zinen antzerki taldean…
Halaxe da. Betidanik gustuko izan dut antzerkia. Enpresaritza ikasketetan kredituak lortzeko aukera aztertzen ari nintzela, antzerkian jarduteko aukera nuela ikusi eta berehala eman nuen izena.

Zenbakietatik oholtzara. Aldaketa handi samarra, ezta?
Txikitatik ispilu aurrean dantzan eta kantuan aritu izan naiz. Madrilera Arte Dramatikoa ikastera joatea ere burutik pasatu zitzaidan, baina hura bohemioegia zen niretzat.      

Antzerkian eta telebistan aritu ondoren, non ikusten duzu etorkizuna?
Telebista izugarri gustatzen zait, eta amets txiki bat egia bihurtzeko aukera izan dut. Hala ere, mundu hau oso zaila da. Badira lana utzita ametsa betetzera abiatzen direnak. Bejondeiela! Niri horrek beldurra ematen dit. Aukerak sortu ahala aprobetxatzen saiatuko naiz.     

"
Goenkale"-n egin zenuen estreinako saioa. Olgak eta Judithek ba al dute antzik?
Olga, "Goenkale"-n baino, "Hasiberriak"-en egin zen ezagun. Nire pertsonaia kaskarina eta tuntuna zen; ez dut antzekotasunik berarekin. Baina moda eta dotore janztea asko gustatzen zait; pinpirina naiz.

Nire bizilagun Pepiren aburuz, "
Hasiberriak"-eko ikasleen pisua arrunt bitxia zen, inork ez baitzuen inoiz otordu bat bera ere prestatzen...
Askotan entzun dut telesailak ez zuela euskal gazteria islatzen. Agian idealegia zen, baina, hala ere, audientzia handia zuen. Harrezkero, ETB-n bada gaztetxo eta helduentzako programazioa, baina gazteei begira ez dago ia ezer. 

ETBko "
Hasiberriak"-etik Espainiako Antena 3-ko "Un paso adelante"-ra. Beste urrats bat…
Saioa amaitzear zegoela, zenbaitek curriculum-ak Madrilgo ekoiztetxeetara bidali genituen. "Hasiberriak" amaitu eta astebetera, telesail horretako bi ataletan parte hartzeko aukeratu ninduten.

Hurrengo pausoa: "
Basetxea" saioko aurkezle.
Primerako esperientzia hau ere, zuzeneko saioak baititut gogokoen. Zer nolako hotza Izaban! Ikaragarria izan zen! Behin termometroa zero azpiko 20 gradura iritsi zen. "Basetxea"-n nik ez nuke lehiakide gisa parte hartuko; ez dut ezertxo ere ezkutatzeko, baina, dena dela, nire intimitatea nirea da.

2002-03 denboraldiko prime time-ko erregea "Basetxea" izan da.
"Basetxea"-rekin zera gertatu da: euskaldunak orain arte ikusi gabeak zirela reality show-etan, eta onartu egin dugu. Euskaldunok lotsatiak baino itxiak gara. Baina jatorrak.

Hona hemen Josemari Otermin ETBko programazio zuzendariordearen iritzia: "
Gehiegizkoa da gaur egun telebistan zaborra besterik ez dela ematen esatea. Aukera egiteko orduan, ikusleak du eta izango du azken erantzukizuna". Ados?
"Gran Hermano"-ren gisakoak saio morbosoak iruditzen zaizkit;  "Basetxea", aldiz, beste kontu bat da. Telebistan, audientziekin lan egiten denez, ikusleak du azken hitza. Dena dela, telebistak badu ardura morala.

Udaran, Aragoiko Monegros-en grabatu dute "Basetxea"-ren azken edizioa, 42 gradu inguruko beroarekin…
Eta 54 graduetara ere iritsi omen dira! Ondorioz, lau lagunek lehia uztea erabaki omen zuten. Gogorra baino gogorragoa!

"
Gazte gara gazte eta ez gaude konforme, injustiziaren kontra bizi nahi genuke" kantua zaharkituta geratu al da?
Gizartea materialista bada, gazteok ere bai. Lehen gazteria borrokalariagoa zen. Egungo gazteok pasiboagoak gara; nork bere kontuengatik baino ez du borrokatzen.

Zure kanturik gogokoena "
festarik festa hor nabil ni egunero" al da?
Ez dut esango parrandazalea ez naizenik, baina gautxori lasaia naiz. Egunaz gozatzea izugarri gogoko dut. Gaua, kalera irten ez arren, laket dut eta, noski, asko kostatzen zait oheratzea.

Eduard Estevill sendagilearen aburuz, gazteek ez omen dute behar adina lo egiten. Hain gautxoriak al gara?
Lotia naiz; jaikitzeko prozesuak ordu erdi irauten du. Ez naiz bat-batean jaikitzen diren horietakoa!