Jude Law: sexy jude

Jude Law: sexy jude https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Beatles taldearen musikak Jude Law iradokitzailearen bizipenak zipriztindu ditu hasiera-hasieratik. Haren gurasoek Liverpooleko laukotearen "Hey Jude" abestia izugarri maite zuten. Hortik datorkio izena, hain zuzen ere, Law atseginari. Ez zen Liverpoolen jaio, ordea. Londresen baizik. Lewisham auzoan, zehatz-mehatz. Aita eta ama irakasle zituen arren, ez zuen inoiz eskola gustuko izan. Hortaz, hamabi urte besterik ez zituenean, ikasketak utzi eta National Youth Music Theatre ospetsuan sartu zen antzezle bihurtzeko asmoz.
Urte luzez britaniar antzokietan bere aktore dohaiak erakutsi eta gero, Paul Anderson zinemagileak rol esanguratsu bat eskaini zion "Shopping" filmean. Zinemarekin izan zuen estreinako esperientzia hura, baina, etsigarria izan zen oso. Hala eta guztiz ere, "Shopping" traketsaren errodajean Sadie Frost aktorea ezagutu zuen eta harekin maitemindu zen. Sasoi hartan, Gary Kemp musikariarekin zegoen ezkonduta Sadie. Judengatik sentitzen zuen maitasunak, ostera, Spandau Balleteko kidearekin apurtzera bultzatu zuen.
Duela lau urte ezkondu zen Sadierekin Jude. Beatles taldearen musikak bere maitasunari ere melodia ipini ziola dirudi. Harrez geroztik, aktore britaniarrak bere musika talde kuttunaren "Sexy Sadie" abestiaren esaldi bat tatuatuta baitarama ezker besoan emaztearen omenez. Elkarrekin bi seme-alaba izan dituzte dagoeneko: Rafferty eta Iris.
Ezkontzak zortea ekarri zion Jude erakargarriari, zinez. Ezkondu eta gutxira, bere talentua ezagutzera emateko aukera izan baitzuen Andrew Niccolen "Gattaca" ilunean, nahiz Clint Eastwooden "Midnight in the Garden of Good and Evil" surrealistan ere. Dena dela, Anthony Minghellaren "The Talented of Mr. Ripley" finak eman zion ospea. Ordutik hona, zinemagile handienen harribitxi bilakatu da. Aurki, Spielberg maisuaren A.I. zirraragarrian miresteko parada izanen dugu.
Hollywoodeko star-systemak txurroak bezalatsu sortu ohi dituen izar iheskor eder eta hutsal horietatik haratago dago Jude Law. Aktore benetakoa baita britaniarra. Laurence Olivier ahaztezinaren oinordeko argia. Bere belaunaldiko aktorerik onena, ezbairik gabe.