Juanma Sarasola: "Etxetik ez dira iraultzak egiten, aldaketak kalean gauzatzen dira"

Juanma Sarasola: "Etxetik ez dira iraultzak egiten, aldaketak kalean gauzatzen dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/juanma-sarasola-etxetik-ez-dira-iraultzak-egiten-aldaketak-kalean-gauzatzen-dira/@@download/image/mosku_arg0643_1446548160.jpg
2015/11/16
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre
‘Moskuko Urrea. Kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993’ liburuan garaiko protagonisten bizipenak bildu ditu Juanma Sarasola (1969, Irun) kazetariak. Irungo plaza ezagunaren inguruan bizitakoez solastatu gara berarekin, eta gaur egun halako eztandarik posible ote den galdetu diogu.




Liburuan diozu ez dela liburu nostalgikoa, baina nondik ateratzen da garai haiei buruz idazteko gogoa?
Jakin-minak bultzatuta. Irunen garai hartan gertatu zena bizi izan nuen hein batean, baina gehiago jakin nahi nuen, eta kazetaria izanik azterketa bat, edo hobeto esanda, ahozko istorioen bilduma egitea interesgarri ikusi nuen. Gertatutako gauza batzuk oso ezagunak dira, mitifikatu ere egin dira zenbait, eta beraz, mito horiek hautsi eta orduan bizitakoak protagonisten ahotan jaso nahi izan ditut.

Azterketa objektiboa izatetik haratago, 40 bat lagunen bizipenak dira liburuaren oinarri. Aniztasunean dago aberastasuna?
50 bat lagunekin hitz egin dut, baina horietako batzuen testigantza sarreretan txertatu dut. Sakonean egindako 34 elkarrizketa daude liburuan. Batez ere musika arloan ibilitakoek osatzen dute liburuaren erdia edo, hori izan baitzen ezagunena, baina bestelako alorretan ibilitako jendea ere sartu dut, garaia modurik fidelenean jasotzeko. Gainera, protagonista guztiekin hitz egin dut hainbat alorren inguruan.

Hamasei dira musikaren alorrean elkarrizketatu dituzunak. Eztandaren erdigune izan zen?
Batetik, garaiaren soinu banda osatu zuten, eta bestetik, arlo mobilizatzailea edo kontzientziatzailea piztu zuten, batez ere jende gazteenaren artean. Mezuak aurreko garaiekiko zein sistemarekiko apurtzaileak ziren, eta, gainera, No Future filosofia hartatik haratago, alternatibak eskaintzen zituzten mezuak ziren; autogestioa eta helburu sozial eta politikoak uztartzen ziren. Musika izan zen gainerako alorretan ere katalizatzaile lanak egin zituena, guztia dinamizatu zuena.

Gizarte eraldaketarako tresna eraginkorragoa zen orduan musika?
Bai. Momentuko egoera aldatzeko gogoa bideratu zuen, protestarako eta haserrea adierazteko tresna izan zen. Garai hartan ez zegoen norbere iritzia espresatu eta komunikatzeko hainbeste baliabiderik, ez zegoen eskuko telefonorik edo Internetik. Mezuak kontzertuetan zein binilo edo kaseteen bidez zabaltzen ziren; kaseteen kopiak eskuz esku pasatzen genituen, eta fanzineek eta irrati libreek ere musikariei ahotsa ematen zieten. Bestetik, diktaduratik gentozen eta baliabide eskasia genuen. Hala ere, Do It Yourself filosofia aplikatu eta musika ezagutzarik izan ez arren jendearen gogoari esker taldeak eratzen ziren.

Musikaz gain, irrati libreak, gazte mugimendua, ekologismoa, antimilitarismoa, arte dramatikoa, feminismoa, baita futbola ere, aztertu dituzue. Guztiek jarraitzen zuten ildo bera?
Ez. Oso mugimendu heterogeneoa zen. Hasteko, ez zegoen batasun baten parte izatearen kontzientziarik. Bazeuden ezker abertzalearekin lotutako ildo batzuk, gerora Martxa eta Borroka bezalako kanpainetan bideratu zirenak, baina beste batzuk horren kontra zeuden, edo ideia berdinak izan arren ez zuten alderdi politiko batek hori bideratzea nahi. Beste batzuek ez zuten helburu ideologikorik, ondo pasatzea zuten helburu. Eta mugimendu feministan, ekologistan edo literaturaren inguruan, are zabalagoa zen aniztasuna. Horretaz gain, elkarrizketatutako batzuk ez zuten lotura zuzenik Moskurekin; epizentroa zen, baina dena ez zen hor zentralizatzen, beste inguru batzuetan paraleloan ari zen jendea ere izan zen, eta horiek ere sartu ditut, ikuspunturik zabalena izateko.

Zoritxarrez, liburuan ager zitezkeen protagonistetako batzuk jada ez daude gure artean. Drogak sekulako sarraskiak eragin zituen; alde ilunak ere izan ziren.
Garai hura ez zen ideala, bukolikoa ezta perfektua ere izan. Eskasia zen nagusi, eta droga gogorren kontsumoa presente zegoen. Kontsumitzeko moduak ere ez ziren egokienak. Gainera, interes politikoak ere baziren atzean, adibidez, heroina edozeinen eskura jartzeko. Horretan, poliziak esku-hartze zuzena izan zuen, edo behintzat ez zuen ekiditeko lanik hartzen. Komeni zitzaien oso aktibo zegoen jendea desmobilizatzea. Ez dakigu drogen ondorioz zehaztasunez zenbat jende hil zen, askok lotsagatik edo ofizialki ez onartzeagatik ez zituztelako heriotzaren arrazoiak azaleratzen. Gaindosietaz haratago, gainera, HIESA edota C Hepatitisa ere ezezagunak ziren.

Zer nolako harrera izan du liburuak Irun inguruan?
Irunen hasieratik egon da liburuarekiko interesa; aurkezpen egunean bertan liburu asko saldu nituen, eta inguruko dendetan ere erantzun ona izan du. Jende askok ahoz ahokoaren bitartez izan dute liburuaren berri, adibidez, senide edo ezagunen bat agertzen delako. Gainera, batzuk sorpresak ere hartu dituzte, ez zekitelako liburuan agertzen direnetako batzuk saltsa haietan ibili zirenik. Bestetik, liburua nik autoeditatu dut, eta horrek komunikabideetan agertzea zaildu egin dit. Orain Durangoko Azokan egotea ahalbidetuko didan norbaiten bila ari naiz; ziur liburua bertan egotea lortuko dudala.

Hamarkada hartan bizi izandako eztanda bezalako mugimendurik garaiotan berriz gerta daitekeela uste duzu?
Gizartea asko aldatu da. 80ko hamarkadan gertatu ziren gauza askoren giltza kalea izan zen, jendea kalean batzen zen. Gaur egun, aldiz, etxeko logelatik komunikatzen gara, telefonoen edo ordenagailuen bitartez, protesta ere birtualki egiten dugu, kalera atera gabe, sare sozialetan adibidez. Gaurko teknologiak alde onak ere baditu, baina egoera guztiz aldatu dute. Etxetik ez dira iraultzak egiten. Teknologiak balio du hitzorduak egiteko edo informazioa trukatu eta zabaltzeko, baina eraiki gauzak fisikoki kalean eraikitzen dira, kalean gauzatzen dira aldaketak.

Aldatu beharreko gauzarik ez dagoelako ez da izango...
Sistema politiko kapitalista hau injustizia izugarriz beteta dago, arlo sozialean zein politikoan. Eta krisi deritzen iruzur ekonomikoa ere hor dago. Beraz, garai hartan bezala badago zeren kontra protestatu. Kontua da orain kontrol sozial eta poliziala handiagoa dela, nahiz eta begibistakoa ez izan. Hala ere, DIY filosofia baliagarri zaigu gaur ere, goitik ez baitigute ezer emango. Funtsean, garai hartan bezala, badugu zer egin, eta horretarako irudimena eta sormena oso arma potenteak dira.