Juan Luis Zabala: Azkoitiko gaztetxean

Juan Luis Zabala: Azkoitiko gaztetxean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Juan Luis Zabala: Azkoitiko gaztetxean
Iaz, apirilaren 15ean, "Gaztetxeak eta literatura" izeneko solasaldia eskaini zuen Juan Luis Zabala idazleak, garai hartan botatzeko arriskuan zegoen Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Garai bertsuan, gaztetxe harekin elkartasunez, Susa argitaletxeak "Galdu arte" nobela osorik jarri zuen interneten.
Egunen batean, norbaitek gaztetxeek euskal literaturan izandako tokia aztertu nahi badu, generoan "klasiko" bihurtutako liburu honetara jo beharko du, derrigor. Gurean hainbeste oihukatu den "irabazi arte" esamoldearekin kontrajarrita, "Galdu arte" izenburuaz baliatu zen Zabala; izan ere, nobela honetako pertsonaiei borroka asko galdutakoek soilik izan ohi duten xarma dariei. 
Askoren ustez, 80ko hamarkadan Euskal Herria astindu zuen gaztetxeen mugimenduaren lekukotza da nobela hau. Liburua 1996an argitaratu zen, eta Azkoitiko gaztetxea du kokaleku. Juan Luis Zabalak horrela dio nobelaren hitzaurrean: "Hau ez da Azkoitiko gaztetxeari buruzko liburua, Azkoitiko gaztetxean girotutako nobela baizik. Zehatzago esateko, "Galdu arte" 1984tik 1993ra bitartean Azkoitian izan ziren hiru gaztetxeetan ezagutu nuen giroan kokatutako nobela da. Pertsonaia nagusiak, Xepek, giro horretan ezagututako hainbat pertsonaiaren ezaugarriak ditu, eta baita giro horretatik kanpo ezagututako beste batzuenak ere".
Atraskuatik gaztetxera
Punk musika eta kontzertu zaratatsuak. Droga eta parranda. Mundua aldatu nahia eta ezina. Gaztetasuna. Gaizki ulertuak eta haserreak. Familiarekin arazoak. Laguntasuna. Azkoitiko pertsona atzerakoienen erra… Alderdi asko ageri dira Juan Luis Zabalak euskara zuzen eta indartsuan idatzitako nobela honetan. Atraskua tabernako tabernariak kontatzen du istorioa; protagonista, Xepe, lehengusua baitu. Gaur egun, Atraskua tabernak zabalik jarraitzen du Azkoitian.
Hona hemen beste liburuko beste pasarte bat: "Negoziazioekin etsi, eta gaztetxea okupatzea erabaki genuen azkenik. Herri askotara zabaldu genuen deia, hainbat ekitaldi antolatu genituen —txalaparta, txaranga, kale antzerkia, asanblada, herri bazkaria eta rock jaialdia— egun hartarako, eta Gipuzkoako Gazteen Eguna deitu genion 1984ko otsailaren 5eko ospakizun ezohiko hari. Sekulako arrakasta izan zen. Herri askotatik etorri zen gazte jende mordoa, eta ekitaldi nagusia gaztetxe baten okupazio jendetsua izan zen".
Jakin ezazue, hala ere: "Galdu arte" ez da Zabalak idatzitako liburu interesgarri bakarra. Besteak beste, bereak dira "Zigarrokin ziztrin baten keak", "Ahaztuaren artxipelagoa", "Kaka esplikatzen" eta "Agur, Euzkadi".