Juan Kruz Lakasta: “Potroso samarra naiz”

Juan Kruz Lakasta: “Potroso samarra naiz” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/juan-kruz-lakasta-potroso-samarra-naiz/@@download/image/1p40-1_1370380213.jpg
2000/10/06
elkarrizketa
Jon Odriozola
Juan Kruz Lakasta: “Potroso samarra naiz”
Jakan jaioa bada ere, Juan Kruz Lakasta iruindar peto-petoa da. Euskaldunon Egunkarian hamaika atal landu du. Igandetan egunkariaren azken orrialdeko «Kate motzean» itaunketa gidatzen du. Arpa jolea eta umore zorrozduna, «Sorginen Laratzan» lanean hasi berria da.

Felix Juan Cabases, jesuita eta kazetari nafarrak, zera esan berri du : «Kazetaritza existentzia irenstera iristen ari da».
Egun dagoeneko zenbait alorretan irentsi egin du. Politikan esaterako, gero eta argudio gutxiago entzuten ditugu, eta aldiz, guztien kalterako gertaera mediatikoagoa da nagusi.

Hedabideen egoerak kazetari ikasketak hirugarren ikasturtean uztera bultzatu zintuen?

Ordurako Euskaldunon Egunkarian hasia nintzen jo ta su. Aldi berean ikasi eta lan egiten duenik bada ere, ni ez nago eure artean. Unibertsitatean bezala, lana gogoz eginez. asko ikas daiteke.

Bizitza honetan hiru gauza egin behar omen dira. Zuhaitz bat landatu, haur bat izan eta liburu bat idatzi. Noizko, erdi ezkutuan, bueltaka eta bueltaka darabilkizun idazlan famatu hori?

Gehiena eginda dago. "Eskaileretan behera" izeneko ipuin liburua da. Nafar samarra, bai umorez baita egituraz ere, eta gazteak ditu hizpide. Susa argitaletxeari lehen zirriborroa aurkeztu diot eta zuzenketak egin ostean, azken bultzada falta du. Dena den, potroso samarra naiz.

"Sorginen Laratzean" lanean hasi berria zara. Akelarre berezi horretako aker berria al zaitugu?

Neskalagunari musu bat bidaltzeaz gain, espero dut adarrik ez jartzea...

Saioan kide izango duzun Klaudio Landa, "Yo Claudio" bihurtu al da?

Euskal kazetaritzan beharrezkoa zen pertsonaia osatu du. Horrelako gauza gehiago egin beharko lirateke. Nire ustez, desdramatizazioa eta fribolizazioa behar ditu Euskal Herri hain serio honek.

Prestidigitadore edota erdi mago zaitugu: txilborretik biloa ateratzen arrunt iaioa omen zara.

Egia da, familiatik dator. Parranda egiten dudanean zenbait zirisartze erabiltzen ditut, hau barne. Prestakuntza gogor baten ondorioz egiten dut, behekaldeko abdominala oso landua baitaukat.

Giputxek Nafarroako perretxiko guztiak lapurtzen omen dituzte. Egun, telebista saioa dela eta, Donostian bizi zarenez, ez zara hondartza zati bat eskatzen hasiko, ezta?

Ez. Nafarrok hondartzara, zapatilekin ez ezik galtzerdiekin ere joaten garen euskaldun bakarrak garenez, udaro, hondarra gure galtzerdietan garraiatu eta ondoren, Iruñean, "Orikaingo hondartzan" hustutzen dugu.

Entzierroetan aterea omen zara. Ze eratako korrikalaria zaitugu: suziria entzun ahala zezen plazan, txistu artean, aitaren batean sartzen dena, edota "divino" deritzenekin, adar artean dabilena.

Parrandetan zein Egunkarian hasi nintzen arte irten izan naiz entzierroetan. Saiatu arren, korrikalari txarra naizenez, askotan lurrean bukatzen nuen. Gehienetan, zezenak albotik edota gainetik pasatzen ikusten nituen.

Osasunaren partidetan esatari lanetan hasi zara Euskalerria Irratian. Osasunaren golak oihukatzeko irrikitan egoten zara, ezta?

Espero dut Osasunaren gol asko kantatzen ez baditut ere, aurkarienak gutxiago izatea. Batik bat, Real Madriden aurkakoak gustura oihukatuko nituzke. Halare, asko sufrituko dugulakoan nago.

Azal ezazu zure burua: futbolzalea edota "futbol-eroa" zara?

Parrandazalea! Egia esan, ez bata, ez bestea.

Leloak dionez, "Intsumisioa ez da delitoa". Zein bekatu egin zenuen Iruñeko espetxean urtebete emateko?

Ezer gutxi. Duela gutxi, urte judizialaren estrainekoan , Felezek, Nafarroako fiskal nagusiak, espetxeratu gintuenak alegia, intsumisioa ez dela zigortu behar aitortu berri du. Nik Estatuak intsumisioa ez zela bekatua aitor zezan eta antimilitarismoaren mezua gizarteratzearren egin nuen hautu hori.

Horrekin gutxi ez eta, Iruñean, Gobernu Zibilaren parez pare bizi zara. Aldarrikapena etxeko habira eman nahian edo?

Ez. Pisua oso polita da eta lagun batzuekin alokatu nuen. Osasuna Lehen Mailara igo zenean oso gustura jarri genuen ikurriña balkoian.

Zure abizena Lakasta da. Ba al duzu ahaiderik Korsikan? Laeticia Casta edo?

Ez, izatekotan oso urrunekoa litzateke.