Joystick Bi: Errebolberrak eta bizi ohitura osasungarriak

Joystick Bi: Errebolberrak eta bizi ohitura osasungarriak Altxa dezala eskua Ennio Morriconeren soinu banda jarri eta errebolber pare batekin imajinatu dena. Urteak zain egon ostean, esku tartean dugu Rockstar bideo-joko konpainiaren harri bitxi berriena, eta ziurtasun osoz esan daiteke, sagako bigarrengo hau, orain arte argitaratu den jokorik osoena dela. Eta zer demontre, nork ez du izan nahi Clint Eastwood une batez? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joystic-bi-errebolberrak-eta-bizi-ohitura-osasungarriak/@@download/image/Captura de pantalla 2019-01-25 a las 12.32.20.png
2019/01/24
erreportajea

Testua: Beñat Rodriguez @studioolrait

Altxa dezala eskua Ennio Morriconeren soinu banda jarri eta errebolber pare batekin imajinatu dena. Urteak zain egon ostean, esku tartean dugu Rockstar bideo-joko konpainiaren harri bitxi berriena, eta ziurtasun osoz esan daiteke, sagako bigarrengo hau, orain arte argitaratu den jokorik osoena dela. Eta zer demontre, nork ez du izan nahi Clint Eastwood une batez?
Joystick Bi: Errebolberrak eta  bizi ohitura  osasungarriak

Red Dead Redemption 2, Mendebalde Urrunean burutzen den abentura bat da. Arthur Morgan gaizkilearen azalean sarturik, honen bandaren gora beherak biziko ditugu. Bankuen lapurretak, altxorren bilatze lanak, norberak bere eskuz harturiko justizia iniziatibak eta beruna. Bitxikeria moduan aipatu, beruna oinarrizko txanpona den unibertso honetan, diplomaziak ere rol garrantzitsu bat jokatzen duela. Izan ere, ugariak izango dira gatazkak konpontzeko edukiko ditugun tresnak. Egia da hala ere, kolpeen edo mehatxu bitartez lortutako diplomazia izango dela gehienetan, baina tira, XIX. mendeko Amerikan gaude!

Belaunaldi berriko kontsolekin batera iritsi zitzaigun jokalarioi aginte kontrolekin hartutako erabakiek jokoaren argumentuan eragina izateko aukera. Kasu honetan, murgilketa erabatekoa da, higiene aproposa ez baduzu adibidez, jendeak ez dizu hitz egingo duzun usain edo itxuragatik, biolento fama baduzu, jendeak beldurra edukiko dizu, bertako dendetan erostea galarazteraino. Finean, zu zara zure ekintzen erantzule. Jokoko unibertsoko inguruak ere eragina izango du guregan, gure pertsonaiak hotza edota beroa badu, gure osasunean islatuko da. Gaizki jaten badu edota alkoholarekiko gehiegizko afizioa hartzen badu, gure gaitasunak kaskarragoak izango dira. Izugarriak dira joko honetan landu diren detaileak.


Honen adierazle dira, gure lagun fidel izango diren zaldien testikuluak. Bai ondo irakurri duzu, izan ere tenperaturaren arabera txikitu eta handitu egingo zaizkio. Detaileek egiten dute berezi eta hain interesgarri joko hau. Detailetxo horietatik bi azpimarragarrienak: soinu banda eta paisaien argiak. Bi hauek osotasunean gozatzeko nire gomendioa? Kaskoekin jolastea.

Red Dead Redemption 2an, ez dago aspertzeko astirik, nahiz eta istorio nagusiko misioak ez bete, gure zaldia hartu eta paseoan gabiltzan bitartean, edozer gerta lekizuke anekdota barregarri eta zirraragarriak pilatuz; bere bizitza kontatuko digun gerlari batetik, banda arerioen segadetaraino.

Azpimarratzekoa baita ere jokoak duen influentzia: Hasierako zatiak Tarantino handiaren The Hateful Eight filmaren eszena bat dirudi eta elkarrizketa asko, Django Unchained-ekoak.

Aipatu beharra dago joko honetan ez dela kritika sozialik falta, arrazismoa, biolentzia, genero berdintasuna edota erlijioa bezalako gai potoloak jorratzen ditu, gu historiaren parte sentitzeraino. Guk erabakiko dugu esate baterako sufragio unibertsalaren alde edo aurka egingo dugun edo Ku Klux Klana jipoituko dugun edo ez. Azken hau oso gomendagarria, terapeutikoa esango nuke nik.

Garaiko atmosferagatik, jokoak dituen detaile izugarriengatik eta ironikoki, nahiz eta garai zahar batean oinarritu, duen freskotasunagatik, Red Dead Redemption 2 joko soil batetik harago doan esperientzia bikaina da.