Josune Bereziartu: "Izugarri gustatzen zaizkit gabonak"

Josune Bereziartu: "Izugarri gustatzen zaizkit gabonak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/josune-bereziartu-quotizugarri-gustatzen-zaizkit-gabonakquot/@@download/image/25p56-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Josune Bereziartu: "Izugarri gustatzen zaizkit gabonak"
Lazkaotarra. Capricornus. Goi mailako eskalatzailea. Suitzatik bueltan topatu dugu. 

Arrunt laket dut: Aktibitate berrietan pentsatzen aritzea, argazkigintza… Fisikoki ere aktiboa naiz.
Ez dut parean ikusi nahi: Paperak, fakturak… Eta idazkaritza ikasketak egin nituen… Pentsa!

Lasaigarria da: Paseoan ibiltzea edo solasean jardutea. 
Sutan jartzen nau: Naturarekin dugun jokaerak. 

Gustura irakurri nuen: Ernest Hemingway-ren “Festa” liburua, Iruñeko sanferminak primeran irudikatzen ditu eta.
Lo seko geratu naiz irakurriz: Zenbait liburu. Hala ere, bakoitzak bere xarma duenez, denak amaitzen ditut.

Bertutea: Konformagaitza izatea. 
Akatsa: Burugogorra eta pazientzia gutxikoa izatea. 

Ametsa: Mundu txukunago bat lortzea. 
Ametsgaiztoa: Kontxako badia fuelolioz beteta ikustea. 

Barre algara eragiten didate: Lagunei eta niri gertaturiko pasadizoak. 
Negargura ez dut oso urruti: Naturari diogun errespetu urriagatik.

“Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…” Nik jo behar izan nuen mutil lagunaren atea. Dena dela, erdi zabalik zegoela uste dut.
“… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon”: Bai, jaso dut horrelakorik. Hala eta guztiz ere, ate hura betirako itxi zen.

Urrea: Azkenaldian jendeak dioenaren aurka, izugarri gustatzen zaizkit gabonak. 
Ikatza: Kontsumismoari eta materialismoari.