Josu Martinezen 'Bizkarsoro' filma estreinatuko da ostiralean
Josu Martinezek zuzendutako lehen fikziozko lan luzea, Bizkarsoro, estreinatuko da ostiralean, hilaren 12an, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan aldi berean.
Bizkarsoro herria ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira. Martinezek berak azaldu duenez, "euskararen desagertzea" kontatu nahi izan du film honekin, eta baita "biziraute borroka ere. Hizkuntzarena baino gehiago, hiztunena. Euskara jendearena".

Honako toki hauetan estreinatuko da pelikula: Gasteizko Florida, Durangoko Zugaza, Tolosako Leidor, Baionako Atalante, Garaziko Le Vauban, Altsasuko Lortia eta Mauleko Maule Baitha aretoetan. Ondoren, Euskal Herri osora zabalduko dutela azaldu dute. Herriz herriko emanaldiak antolatzeko eskaerak ere egin daitezke webgunearen bidez.
