Josu Martinez: "Beharrezkoa da medioetan agertzen ez diren biktimen memoria aldarrikatzea"

Josu Martinez: "Beharrezkoa da medioetan agertzen ez diren biktimen memoria aldarrikatzea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/josu-martinez-quotbeharrezkoa-da-medioetan-agertzen-ez-diren-biktimen-memoria-aldarrikatzeaquot/@@download/image/20091249737josu_martinez_2.jpg
2009/12/04
elkarrizketa
Iñaki Lazkano
Josu Martinez: "Beharrezkoa da medioetan agertzen ez diren biktimen memoria aldarrikatzea"
'Itsasoaren alaba' dokumentalaren zuzendaria da Josu Martinez zinemagile gaztea. Zinema engaiatuaren maitale, hedabide boteretsuen agendatik at dauden errealitateak bihurtu ditu bere pelikulen jomuga.

GALek Mikel Goikoetxea Txapela etakidea tiroz hil zuenean, haren alaba Haize haur bat besterik ez zen. Ez zuen ezagutzeko paradarik izan. Aita ezagutzeko irrikiz, maite izan zutenen testigantzen bila abiatuko da Haize Itsasoaren alaba filmean. Eta, iraganerako bidaia hunkigarri horretan, Josu Martinezen kamera izango du lagun. Ikusmin handia sortu zuen filmak Donostiako Zinemaldian aurkeztua izan zenean. Durangoko Azokan DVD euskarrian kaleratuko da Itsasoaren alaba orain. Zinema izarren argazkiz betetako kafetegi batean egin dugu hitzordua zinemagile bilbotarrarekin. Euria ari duen arren, aterkirik gabe dator. Ez da bustitzeko beldur.

Nola sortu zen Itsasoaren alaba filma egiteko ideia?
Kazetaritza ikerketa batzuk eginak nituela omen zekien Haize Goikoetxeak, eta aita ezagutu zuen jendea bilatzeko laguntza eskatu zidan. Eta, horretan ari nintzela, indar handiko istorioa zela iruditu zitzaidan. Kontatu beharreko historia. Hala, dokumentala egiteko proposamena egin nion eta baietz erantzun zidan. Geroago, GITE-IPESen Julio Araluze beka lortu nuen eta hori funtsezkoa izan da Itsasoaren alaba gauza zedin.

Zer adierazi nahi izan duzu dokumental honen bitartez?

Mezua argia da. Hots, Haize eta haren aita bezalako pertsonak ere badirela islatzea. Izan ere, hedabideetan sekula agertzen ez diren biktimak ere badira; duintasun eta maitasun handikoak. Ezinbestekoa da jende ikusezin hori badela erakustea. Besteen antzera, sufritu eta amets egiten dutela azaltzea. Alegia, behar-beharrezkoa da jende horren memoria aldarrikatzea. Zinema-dokumentalik gabeko herria argazki-albumik gabeko familia bezalakoa baita. Ezkutuko errealitate honekin topo egingo du askok film honetan. Eta, hori, hain zuzen ere, elkar ulertzerako lehen urratsa izan daiteke.

Testigantzak eman behar zituztenen aldetik erreparorik jaso zenuten?

Denetarik izan da. Halako gauza bati buruz hitz egitea hain da zaila… Hogeita bost urte igaro diren arren, pertsona askok oraindik ere ez dute hitz egin nahi. Batzuk beldur direlako. Eta, beste batzuek, ezin dutelako. Alegia, hilda daudelako edo kartzelan preso dauzkatelako. Zailtasun handiak izan ditugu, zinez. Nolanahi ere, erreparorik izan arren, kameraren aurrean hitz egin du hainbatek. Oroz gainetik, Haizek aita benetan ezagutzeko aukera izan zezan nahi zutelako. Zentzu horretan, maitasun handiko jendea da, eta gainera, maitasun hori adierazi egiten dutela uste dut.

Zer da gehien hunkitu zaituena dokumentala errodatzeko sasoian?

Maitasunaren kontua, ezbarik gabe. Maitasun handia baitago film honen atzean. Maitasun handia antzeman daiteke Haize Goikoetxearen begiradan; testigantzak eskaintzen dituztenen baitan; dokumentala egin dugunongan; eta, noski, maitasun handia zegoen ere Txapela-ren barnean. Mundua aldatzeko maitasuna. Besteenganako maitasuna. Euskal Herriarekiko maitasuna… eta nire iritziz oso garrantzitsua da hori guztia lehen planoan jartzea.

Zer suposatu zuen filma Donostiako Zinemaldian aurkezteak?

Benetako jauzi kualitatiboa izan zen, egiazki. Kontuan hartu behar baita 3.000 euroko aurrekontua duen pelikula apala dela Itsasoaren alaba. Euskal Herrian barrena 40 emanaldi inguru eskaini ditugu, baina ukaezina da Donostiako Zinemaldiak oihartzun mediatiko handia eman diola dokumentalari. Horrezaz gainera, harrera aparta izan zuen jendearen artean. Eta, hori, bereziki pozgarria da filmean lan egin dugun guztiontzat.

Itsasoaren alaba filmak, ordea, ez du oihartzun handirik izan hedabide handienetan.

Ez genuen besterik espero. Zirkuitu alternatibo bat sortzen baduzu, baina, ez zara geratzen kultura zer den erabakitzen duten horien eskuetan. Dirulaguntzak banatzen dituztenek zein hedabide handiek zehazten dute zerk izan behar duen arrakasta eta zerk ez. Konprometituak ez diren gauzak hartzen dituzte aintzat. Engaiatuak diren bakanak statu quo-aren mantentzea bermatze aldera onartzen dira. Lantzean behin, ordea, zirrikitu batzuk uzten dituzte film engaiatuak pasa daitezen. Sistimarentzat inongo arriskurik ez dute, ostera. Eta, berehala, anekdota huts bihurtzen dira. Gabriel Arestik zioen poesia mailu bat dela. Horretan sinesten dugu. Artea iraultza egiteko, gauzak aldatzeko, modua izan daitekeela, alegia.

Durangoko Azokan DVD euskarrian kaleratuko da dokumentala.

Halaxe da. Itsasoaren alaba DVD euskarrian aurkeztuko dugu Durangoko Azokan. Ohiko filma ez denez gero, kaleratzea ere ez da ohikoa izango. Dokumentala zabaltzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun arren, ez genuen-eta produktu komertzial huts bilaka zedin nahi. Hortaz, DVDak borondatezko dirulaguntza baten truke banatuko ditugu GITE-IPESen stand-ean. Ale bakoitzarekin batera, mimo handiz atondutako liburuxka bat ere oparituko da. Bertan, Julen Gabiria, Edurne Brouard, Antxon Ezeiza eta Alfonso Etxegarai deportatuaren –hurrengo dokumentalaren protagonista– idatziak aurki daitezke. Jasotako dirua jada errodatuta dagoen filma finantziatzeko erabiliko dugu.

Dokumentalgintza engaiatuan eroso zabiltza, antza.

Oso gustuko dut dokumentala. Gauzak zintzotasunez kontatzeko gaitasun handia duen generoa dela iruditzen baitzait. Itsasoaren alaba trilogia baten lehen atala da. Bigarren dokumentala, aipatu bezala, errodatua dago jada eta Alfonso Etxegarai deportatuaren bizipenak dakartza. Hirugarrenean, berriz, preso baten nondik norakoak jaso nahi genituzke. Nolanahi ere, ez diot inolaz ere fikzioari aterik ixten.

Deportazioaren inguruko filmari buruz xehetasun gehiago emango al dizkiguzu?

Alfonso Etxegarai deportatuaren eta haren bikotekide Kristian Etxaluzen bizipenak dira hurrengo dokumentalaren ardatz. Sao Tomen, Afrikako uharte txiki batean, ia mende laurden egin du deportaturik Alfonso Etxegaraik. Kristian Etxaluzek, aldiz, bizitza erdia han eta beste erdia Euskal Herrian ematen du. Bi pertsona horien bizitzak paraleloki kontatzen ditugu filmean, elkar ezagutzen duten arte. Orduantxe, istorioak uztartu egiten dira. "Beti paratuko naiz gizonaren alde" zioen Gabriel Arestik. Eta, horixe da, hain justu, gure asmoa. Giza ikuspegitik islatzen dugu-eta erbesteratuon maitasun istorioa.

Beste dokumental bat ere omen duzue esku artean.

Gerra sasoian milaka emakume eta haur preso izan zituzten Saturrarango hondartzako espetxean. Kartzela lazgarri hari buruzko dokumental batean lanean gabiltza aspalditxo. Txaber Larreategi eta ni gara zuzendariak. Kasu honetan, Tentazioa ekoiztetxearekin ari gara lanean. Aurrekontua handiagoa du dokumentalak eta telebistara bideratuko da. Lau testigantza oinarri dituen filma da. Duela gutxi preso izan zen emakume baten egunerokoa iritsi zaigu eta horrek gauzak aldarazi dizkigu. Baina aurki estreinatuko da.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Dokumentalgintzan jarraitzeko asmoa dut. Bakoitzak iraultza egiteko bere modua bilatzen du, eta ni, behintzat, oso eroso nabil lan honetan. Beti gustatu izan zait gauzak kontatzea eta uzten didaten arte zineman jarraitzeko asmoa dut. Ahal izanez gero, fikziora jauzi egingo dut. Ideiak ez zaizkigu falta, baina aztertu behar dugu ea ekonomikoki bideragarria ote den.