Josu Billelabeitia (Belako): "Estudioko lehen diskoa argitaratuko dugu"

Josu Billelabeitia (Belako): "Estudioko lehen diskoa argitaratuko dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/josu-billelabeitia-belako-estudioko-lehen-diskoa-argitaratuko-dugu/@@download/image/belako_1_1359545042.jpg
2013/02/04
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Josu Billelabeitia (Belako): "Estudioko lehen diskoa argitaratuko dugu"
Orain bi urte elkartu ziren lehen aldiz Josu eta Lore anai-arrebak, Cris eta Ibonekin –2012ko martxoa bitarteko bateria jolea– batera. Hainbat iturritatik edaten duen "estilogabeko" taldea dira, eta gazte izanagatik, ibilbide indartsua egin dute jada.


Oker ez banago, denentzat lehen proiektu musikala da Belako.
Hala da. Oso gazte hasi ginen. Lorek, arrebak, hamasei urte besterik ez zituen lehen aldiz elkartu ginenean eta nik, berriz, helduenak, hemeretzi nituen orduan. Orain, hala ere, proiektu gehiagotan gabiltza taldekideak, baina oraindik ezer gutxi aurreratu dezakegu alde horretatik.

Nola gogoratzen duzue zuen lehendabiziko kontzertua?
Mungian izan zen, auzoan. Lagunarteko Gauapro izeneko enpresan gaude sartuta, eta 2011ko ekainean antolatu zuten irekiera festan aritu ginen lehendabizikoz. Orduan Ibon zebilen gurekin baterian, Landerrek 2012ko martxoan ordezkatuko zuen gero. Hiru kanta besterik ez genituen jo, baina orduan hasi zen gurpila maldan behera!

Harrigarria da taldearen ibilbidea. Lehen urratsak soilik egin zenituztelarik RNE3-eko Disco Grande lehiaketan hirugarren postua eskuratu zenuten. Nola iritsi zineten?
Guk ere ez genuen espero! Nire irakasle batek Belakoren lehen maketa RNE3-era bidali zuen, guri ezer esan gabe. Egun gutxiren buruan, irratian entzun genuen maketa horretako lehen kanta –Beautiful world–, eta urtea amaitu zenean, berriro ere guk ezer jakin gabe, maketa-erreferendum batean hirugarren gelditu ginen. Harriduraz eta pozez bizitu genuen!

Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zenuten gero...
Esperientzia hura umetan herriko futbol txapelketa irabaztea bezalakoa izan zen. Momentuan, lorpen handia egin izanaren sentsazioa eduki genuen, une zoriontsua izan zen zalantzarik gabe! Lagunak eta familia inguruan genituen lehen minututik, beraz, jaso genuen babesa erabakiorra izan zen lehiaketa irabazteko.

Sari horrek zer ekarri zuen?
Lehiaketa irabazi genuenean kontzertuak atera ziren bazter guztietatik. Gure aldetik jokabide aldaketa ekarri zuen, zalantzarik gabe. Taldeak behar zuen erantzukizunaz ohartu ginen. Ordura arte, kontzertuak ondo pasatzeko uneak besterik ez ziren, baina sariak ezagutzera eman zuen taldea eta konpromiso gehiagoren beharra ekarri zuen, ondorioz. Diru-saria, bestalde, ezin hobeto etorri zaigu ganorazko musika-tresnak eskuratzeko.

Orain arte maketa grabatu duzue, baina datozen egunetarako zerbait duzue esku artean, ezta?
2011ko abuztuan grabatu genuen lehen maketa –Nuit Block–, eta bigarrena 2012ko otsailean –Winter–. Orain, berriz, guztia behar bezala badoa, estudioko lehen diskoa argitaratuko dugu hilabete honetan.  Hamar kanta izango ditu eta gure ez-estilo edo estilo nahasien ohiturarekin jarraituko dugu. Rock doinu klasikoenetatik, elektronikaren mundu hasiberrienetara mugitzen saiatzen gara etengabe.

Zein dira zuen erreferentziak?
Asko. Zentzu horretan zorionekoak gara guztiak; guraso, lehengusu eta neba-arrebek ondo hezi baikaituzte musikalki. Lauron haurtzaroan presente egon dira beti musika klasikoa, bluesa, rock psikodelikoa, punka, brit popa, teknoa eta housea, besteren artean, eta taldean nabari da horren eragina.

Hitzek non dute jatorria?
Hitzen estiloa ere nahiko eklektikoa da. Zenbaitetan esperientzia pertsonaletan oinarrituak izaten dira eta ezaugarri malenkoniatsu zein erasotzaileak nahasten ditu Crisek. Besteetan, gaurko edo etorkizun hipotetikoan gertatuko diren egoerak irudikatzen dituzte.

Hizkuntzari dagokionez, euskara baztertu eta ingelesaren aldeko apostua egin duzue. Zergatik?
Euskara ez dugu guztiz baztertu. Orain kaleratuko dugun disko honek bi abesti ditu euskaraz: Eurie eta Zaldi Baltza. Horrez gain, etorkizunerako ere, euskarazko abesti gehiago egiten saiatzen ari gara eta ingelesez abestearena ez da apostu bat. Txikitatik entzun dugun musika gehiena ingelesezkoa izan da eta naturalki irtetzen zaigu hitzak hizkuntza horretan egitea. Gazteleraz abestuta ateak irekiko zaizkigula azpimarratu izan digute maiz, baina guk ez dugu egingo gustuko ez duguna. Belako proiektu musikalak euskararen eta ingelesaren bideak jarraituko ditu.

Konposizio aldetik, nola egiten duzue lan?
Gehienetan, kantak nik egiten ditut etxean, pianoa, gitarra eta ordenagailua erabilita. Aitaren laguntza erabakiorra da prozesu horretan; bera musikaria ez bada ere, erronkak ezartzen dizkit. Kantak sortu ditudanean, lokalean aurkezten ditut eta, harrigarria bada ere, taldeak gustuko izaten ditu beti. Crisek melodia zoragarriak ateratzen ditu ondoren ahotsean, eta Landerrek eta Lorek bariazioak edo konponketak sartzen dituzte. Hala ere, zenbait kanta lokalean bertan sortzen dira.

Krisiaren eraginik sumatu al du Belakok?
Zuzenean ez. Egia da, hala ere, krisiak kultura zigortzen duela orokorrean. Amorrua ematen du, bide  horretatik jarraituz gero, gizartea ezjakina eta automata bilakatuko delako. Gure gisako talde arrunt eta txikientzat arriskutsua da kulturaren gabezia, baina zorionez orain arte gure bideak ez du krisiaren zigorrik ezagutu eta horrela jarraitzea espero dugu!

Talde gazteek erraza al dute gaur urrutira iristea?
Hasiberrientzat zaila izan da beti, musikatik bizitzera heltzea baldin bada urruti iristea. Izan ere, musutruk ez du inork ezer ematen. Gure kasuan, zorte handia izan dugu ingurukoen partetik babesa eta irakaskuntza jaso dugulako eta esango nuke, hein handi batean, laguntza horri esker iritsi garela gauden tokira.

Amaitzeko, aurrerantzean, zein dira zuen erronkak?
Gure erronka diskoa atera ondoren Euskal Herritik kanpo gure musika hedatzea da, kontzertuak ematea eta esperientzia horietatik ikastea.