Josu Bergara musikariak kantu berria aurkeztuko du Eako jaietan
Herriko usadio batekin lotutako 'Errekara' abestia plazaratuko du igandean. Gaur arratsaldean kontzertua eskainiko du bertan, familia eta lagunekin batera.

Josu Bergara Aretxabaleta (Ea, Bikaia, 1979) musikari bizkaitarrak Eako jaietarako martxa estiloko obra konposatu du. Errekara izenburua izango duen obra honen proiektua duela hiru urte hasi zen lantzen. Urtero, San Juan jaien azken egunean, ekainaren 26an, “Erreka Eguna” ospatzen da herrian. Antzinetik datorren ohitura da eta herritarrak mahonez jantzi eta errekan sartzen dira. Usadio honen omenez sortu dute kantua, egun horren ereserkia izateko helburuz. "Ospakizun berezia eta ezberdina da, guretzat urteroko ezinbesteko hitzordua. Gure aitxitxek eta amumak ere hala ospatzen zuten, eta etxean ikasi genuen moduan, guk ere horrela ospatzen dugu", azaldu du Bergarak.
Bilboko Kontserbatorioko irakaslea ohia eta piano-jotzailea den Agustin Bergara bere aitarekin batera aritu da musikaria. Sorozabal edo Sarriegik konposatutako martxetan inspiratuz, San Juan jaietarako musika berezia sortzea erabaki zuten.

Obra sortzeko eta grabatzeko herritar askoren parte hartzea izan dute gainera. Karmelo Landa Mendibek egin du abestiaren letra. Iholdi Beristain eta Naroa Gaintza abeslariek ere euren ahotsa jarri dute, Josu Bergararekin batera. Eurez gain, herritarrez osatutako koru batek ere kantatu du. Ramon Lejardi bertako artistak, berriz, single-aren distribuzio digitalerako azala diseinatu du.
Josu Bergarak sortutako musika originalaren orkrestrarako moldaketa Mikel Nuñez Lauzirika piano-jotzaile durangarraren esku egon da. Ardoa Barrura Fanfarreak interpretazio musikala egin du grabaketan. Basauriko Blue Bayou estudioan egin due grabaketa, David Sanchez Damian teknikari eta ekoizlearen gidaritzapean.

Pieza musikala ekainaren 26an estreinatuko da, 13:00etan, herriko plazan. Aurrez, gaur arratsaldeko 18:30etan, Josu Bergarak kontzertu akustikoa eskainiko du. Bere diskografiako kantu ezagunenak joko ditu eta familiako kideek eta lagunek hartuko dute parte.