Joseba Sarrionandia: ihes betea zilegi balitz...

Joseba Sarrionandia: ihes betea zilegi balitz... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-sarrionandia-ihes-betea-zilegi-balitz/@@download/image/14p34-1_1370515592.jpg
2001/12/07
erreportajea
Harkaitz Cano
1985. urteko San Fermin egunetik dabil Joseba Sarrionandia ihes eginda. Sarri non dagoen, ordea, gutxienekoa da: urtero idazten digu norberak bere eskutitz partikular bihurtzen duen liburu bat. Aurten bere lehen nobela: Lagun izoztua.

1985eko uztailaren 7a: GAL sigla ilunen pean ezkutatzen den gerra zikina puri-purian dago. Tortura salaketak eguneroko ogia dira. Felipe Gonzalezek bere agintaldiko lehen krisiari aurre egiten dio, ministro batzuk kargu gabetuz. Ronald Reaganek, EEBBtako presidenteak, Libia, Iran, Nikaragua eta Kubako gobernuek "Nazioarteko Konfederazio Terrorista" delako bat osatzen dutela salatzen du. Bernard Hinault da Frantziako Tourreko liderra. Gurutzetako ospitalean in vitro sorturiko lehen haurra jaiotzear dago. Albistea ahoz aho zabaldu da: Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martuteneko espetxetik hanka egin dute.

San Fermin eguna zen eta Imanol kantariak kontzertua eman zuen kartzela barruan, eguerdi partean. Ihesa ikusgarria izan zen bere ikusezintasunagatik: kontzerturako alokatutako bafleetan ezkutatuta egin zuten ihes. Hurrengo egunean, El País egunkari espainiarreko lehen orrialdean bi argazki. Batean, Boris Becker tenislari alemaniarra, hamazazpi urterekin Wimbledongo txapelketa sekula irabazi zuen jokalaririk gazteena bilakaturik, trofeoa zerurantz jasoz, irribarretsu. Bestean, Joseba Sarrionandiaren fitxa polizialeko argazkia. Argazki hartako Sarri ez zegoen inolaz ere irribarretsu, baina pentsatzekoa da, ordu hartan egunkaria sostengatzen  zuen Joseba Sarrionandiak beste aurpegikera bat izanen zuela horrez gero. Hogeita hamar urteko kartzela zigorrari ihes egin dionaren aurpegia.

San Fermin egun hartako jai giroa, Iruñetik Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu zen. Durangon, adibidez, (iurretarra da Sarrionandia) bereziki nabarmena izan zen festa giroa, arratsean hasi eta gauean jarraitu zuena. Dena ez zen, ordea, ospakizuna izan: ondorengo egunetan, Martuteneko kartzelan zeuden hemezortzi euskal preso politikoetatik hamasei Langraizko kartzelara eramanak izan ziren, espetxe agintariek bi presoen ihesaldiari emandako errepresalia gisa. Bestalde, Imanol kantariari eta Josu Landa idazleari Lege Antiterrorista ezarri zieten, azkenean haiek ihesaldiarekin lotzeko inolako arrastorik aurkitu ez, eta kargurik gabe aske utzi behar izan zituzten arren.  

Itxura guztien arabera,  Mikel Antza  izan zen ihesaldia prestatu zuena: garai hartan Argia astekariko erredaktore eta Susa argitaletxeko kide zen Mikel Antza (antzerki kritikak idazten zituen, besteak beste) eta bera izan zen soinu ekipoaren nahiz hau garraiatzen zuen furgonetaren alokairuaz arduratu zena. 1985eko uztailaren 7tik, Sarrionandiaz gain, Mikel Antza ere iheslari ibili zen urtetan.

Non dago Sarri?

Joseba Sarrionandiaren sormen lanak bezain aipagarriak dira bere itzulpenak. Hainbat hizkuntza menperatzen ditu, eta bereziki ezaguna da portugesarekiko bere miresmena (Mikel Laboak abesten duen "Nao es tu facultade de sentir" poema berea da, eta baita Pessoaren "Mariñela" liburuaren euskarazko itzulpena ere). Bere poemetan aipatzen dituen paraje, idazle eta hizkuntzei jarraiki, Martutenetik ihes egin osteko urte hauetan egin duen ibilbidea imajinatzera jolas dezakegu, urratsez urrats, Afrikan hasi eta Hego Ameriketan jarraituz... Portugal, Angola, Cabo Verde, Brasil... Irudimen ariketa bat besterik ez da, jakina. Inork ez daki Sarri non dagoen. Badago irlaren batean dagoela dioenik, baina ia ziur nago ogia erosten ikusi nuela behin, etxepeko okindegian. Mito bihurtutako iheslariaren xarma du Sarrik. Gure artean egon gabe gure artean egote horrek ematen diona. Sarri non dagoen, gutxienekoa da: urtero idazten digu norberak bere eskutitz partikular bihurtzen duen denontzako liburu bat.

Literatur ibilbidea

Kartzelatik ihes egin zuenean hogeita zazpi urte baino ez zituen arren, Joseba Sarrionandia orduan ere aski ezaguna zen euskal kulturaren munduan. Argia, Anaitasuna edo Jakin bezalako aldizkarietan parte hartzeaz gain, izen bereko aldizkaria argitaratzen zuen Pott literatur bandaren sortzaile izan zen 70eko hamarkadaren bukaeran, Bernardo Atxaga, Jon Juaristi eta beste hainbatekin batera. Kartzelan zelarik, hiru literatur sari irabazi zituen, bai eta gaur egun oraindik ere bere libururik onentsuenak bezala gogoratzen ditugun "Izuen gordelekuetan barrena" eta "Narrazioak" liburuak argitaratu ere. Martutenetik ihes egin aurretik, Carabanchel eta Puerto de Santa Mariako kartzeletan egon zen, eta  bere poemetan asko dira espetxe hauei egindako erreferentziak (azken urteotan euskal  poesiako libururik salduenetakoa izan den "Gartzelako poemak" bilduman biltzen dira gai honi lotutako gehienak).

Testu laburretan maisu dela erakutsi izan du betidanik Sarrionandiak: ipuinak eta poemak idazteaz gain, aforismoak, burutazio xelebreak eta diario zatiak ere badiren saio laburrak idatzi izan ditu. Hitzekin jolas egitea gustuko du Sarrik; eguneroko bizitzako talka eta estropezu txikietan sortzen diren paradoxak azpimarratzen dizkigu, harridura sortarazten diguten printzen bidez. Aurten, Durangon, "Lagun izoztua nobela" emango du argitara. Bere lehen nobela den honetan, erbesteaz mintzo da, besteak beste, berak autobiografikoa ez dela esan badu ere.  

Izan ere, erbestearena eta iheslariarena dira Sarrionandiaren obsesioetako bi. Erbesteratuak beldur dio etxera itzultzen denean topatuko duenari: amesgaiztoetan, beldur da bere etxeko ateko sarraila aldatuta aurkituko ote duen, desberdina izango ote den atearen zura. Baina, itzultzerik izango al luke Sarrik? Espainiako legediaren arabera, kartzelatik ihes egin eta kartzelan eman beharko zukeen denboran justiziak iheslariaren berririk ez balu, dagoeneko ez luke kausarik bere zain edukiko. Sarrionandiari hogeita bost urteko espetxe zigorra geratzen zitzaion betetzeko 1985ean ihes egin zuenean. Horrek esan nahi luke, 2010. urtean itzuli ahal izango lukeela. Berak esana da: batzuetan, etxera itzultzea, denik eta gauzarik zailena da.

Ihesaldi sonatuak



Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearenarekin batera, Segoviako ihesa izan da euskal presoak protagonista izan dituen ihesaldirik ikusgarriena:  1976an gertatu zen eta hogeita lau etakidek lortu zuten ihes egitea, estolderietara ematen zuen tunel bat zulatu ondoren. Hauetako hogei, ordea, atxilotuak izan ziren Frantziako muga zeharkatu aurretik. Lauek baino ez zuten ihesa burutu, muga inguruko txaletetan hainbat egun ezkutuan pasa eta gero Frantziar estatura igaroz. Pikabea eta Sarrirena ez zen urte hartan Martutenen gertatuko ihesaldi bakarra izan: urtarrilean, ETA politiko-militarreko hiru kidek ihes egitea lortu zuten, espetxera presoak bisitatzera joanak ziren hainbat familiakideekin nahasian kartzelako atea zeharkatuta. 

Sarri eta musika



Joseba Sarrionandia da, ziur aski, Itxaro Borda eta Bernardo Atxagarekin batera, euskal talde eta kantariek gehien musikatu duten poeta: Ruper Ordorika (“Ene begiek”, “Galtzetan gordetzeko koplak”, “Martin Larralde”...), Mikel Laboa (“Lili bat”), Oskorri, Jabier Muguruza, Fermin Muguruza, Naun, Dantzut, Mikel Markez, Deabruak Teilatuetan... Zerrenda amaigabea da. Jende askok ez badaki ere, Kortaturen “Sarri sarri” kantu entzuna ere Joseba Sarrionandiari eskainitakoa da, eta hitzei arreta jarriz gero, ohartuko zarete Martuteneko ihesa dela kantu horretan kontatzen dena.

Preso egon denaren gogoa



Presoa egon denaren gogoa
Gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da
eta poliziek, identifikatu ez arren,
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
Betirako kondenatu bat dago.