Joseba Sarrionandia eta Iholdi Beristain izango dira gazteei zuzendutako 'Sormen Ola' programaren larunbateko saioan
Loraldiak eta EHUk antolatutako Sormen Ola 16-29 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailer-programa da. Hilean behin ari dira tailerrak egiten eta hurrengo saioa larunbatean izango da, EHUko Bizkaia Aretoan, Joseba Sarrionandia idazlearekin eta Iholdi Beristain kantariarekin, Literatura eta Kantak izenburupean.
Sarrionandiak ibilbide anitza eta oparoa du literatura arloan eta hainbat liburu kaleratu ditu. Pott bandan hasi zen euskal letren norabidea irauli nahian eta bidea zabaltzen egin du lan urte hauetan guztietan. Iholdi Beristain, berriz, sortzaile gaztea da, ETBn aktore eta kantari lanetan aritua, eta gaur egun kantak sortzen ditu ahizpa lagun duela. Sarrionandiaren zale amorratua da Beristain, eta haren poemekin egindako kantu batzuk plazaratuko ditu.
Bost orduko tailerra izango da larunbatekoa, 9:30etik 15:00etara, eta parte hartzeko ez da esperientzia berezirik behar. EHUko Bizkaiko campuseko ikasleentzat doakoa izango da eta beste parte hartzaileentzat hamabost euroko kostua izango du saio bakoitzak. Aukera askeko kredituak ere aitortuko ditu EHUk, egindako tailerren (orduen) arabera.
Hurrengo tailerrak
Saio bakarrean parte har daikeen arren, beste pare bat hitzordu ere izango dira datozen hilabeetan. Apirilaren 29an Paul Urkijo zinemagilea izango da, eta bere esperientziatik abiatuta euskal zinemaren gaurko egoera ezagutzeko aukera izango da tailerrean. Gainera, zuzendaria izateaz gain gidoigilea ere badenez, zinemaren hizkuntza ere jorratuko da.
Maiatzaren 27an, berriz, Miren Amuriza eta Amaia Egidazuk Hitzak irudietan. Irudiak hitzetan. Joskintza tailerra eskainiko dute. Amuriza bertsolaria eta idazlea da eta Amaia Egidazu idazlea eta ilustratzailea. Hitzen eta irudien munduan murgilduko dira saioan.

