Joseba Larratxe ilustratzaileak sortu du aurtengo Itzuliaren kartela

Joseba Larratxe ilustratzaileak sortu du aurtengo Itzuliaren kartela Bizikleta gainean ahalegina egiten ari den txirrindularia ageri da kartelean, eta bere betaurrekoetan euskal zaleen isla ikusten da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-larratxe-ilustratzaileak-sortu-du-aurtengo-itzuliaren-kartela/@@download/image/n770_Itzulia_cartel_2024jpeg.jpeg
2024/03/06
Bizikleta gainean ahalegina egiten ari den txirrindularia ageri da kartelean, eta bere betaurrekoetan euskal zaleen isla ikusten da.
Joseba Larratxe ilustratzaileak sortu du aurtengo Itzuliaren kartela

Aurtengo Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra izango da eta 63. edizioa iragarriko duen kartela zabaldu berri dute. Duela sei urtetik lan literarioen ilustrazioaren kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatzen du Itzuliaren kartela. Joseba Larratxek jaso du aurteengo saria, Ni ez naiz Mikel Laboa lanarekin, eta, beraz, bera izan da kartela egin duena. 

Joseba Larratxek azaldu duenez, Itzulia Basque Country-ren aurtengo kartela egiteko enkargua jaso zuenean bi irudi etorri zitzaizkion burura: “Batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin lotu dut beti txirrindularitza. Bestetik, euskal zaletuen irudia etorri zitzaidan gogora, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterrak ikurrinez betetzen. Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena. Ondoren, txirrindulariaren betaurrekoetan zaletuen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela konturatu nintzen. Modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu”. Larratxek adierazi duenez “ikurrina kartelean txertatu eta dituen kolore biziak ongi integratzeko modua topatu nuen: irudi osoa ikurrinaren hiru koloreekin konposatzea”.

Joseba Larratxe Berazadi (Irun, 1985) Josevisky ezizenez da ezaguna. Donostiako eskolan arkitektura ikasketak egin zituen, baina komikigintza izan du beti pasio. Hainbat hedabidetan argitaratu ditu ilustrazioak eta komikiak eta diskoetako azalak ere egin ditu. Zenbait liburutako ilustrazioak ere egin ditu, tartean Ni ez naiz Mikel Laboa komikikoak. 

Itzulia Irundik abiatuko da
Itzulia Basque Country-k 100 urte beteko ditu aurten. Irundik abiatuko da apirilaren 1ean eta Eibarren amaituko da apirilaren 6an. Guztira sei etapa izango dira: Irun-Irun, Irun-Kanbo, Ezpeleta-Altsasu, Etxarri Aranatz- Legutio, Gasteiz-Amorebieta Etxano eta Eibar-Eibar.