Joseba Elorza: "Gauza bat da zerbait egiteko gai izatea, eta beste bat, oso ezberdina, egitea"

Joseba Elorza: "Gauza bat da zerbait egiteko gai izatea, eta beste bat, oso ezberdina, egitea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-elorza-quotgauza-bat-da-zerbait-egiteko--gai-izatea-eta-beste-bat-oso-ezberdina-egiteaquot/@@download/image/_arg4590_1421063247.jpg
2015/01/15
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa. @abaroa37
Irratiko soinu-teknikari lana utzi eta ilustrazioaren munduan ibilbidea egiten
hasi zen Joseba Elorza (Gasteiz, 1983). AEBetako hainbat argitalpen  ezagunentzako ilustrazioak egin dituen arren, Berri Txarrak taldearen ‘Denbora da poligrafo bakarra’ disko hirukoitzerako egin duen lanarekin ezagutu dugu.


Artean, dena asmatuta dago ala dena berrasmatu daiteke?
Ez dakit dena asmatuta ote dagoen, ezetz pentsatzeko joera daukat, baina seguru nago dena berrasmatu daitekela. Gizarteak aurrera egin ahala (edo atzera, egia esan), bizitzarekiko dugun ikuspuntua aldatzen doa, eta berarekin batera artea. Beraz, behin eta berriz ikuspuntu berri hori islatzeko berrasmatu egin behar da derrigorrez.

Zure lanetan ez duzu kolore paleta zabala erabiltzen, baina erabiltzen dituzunak oso indartsuak dira.
Zuri-beltzean dauden elementuak erabiltzen ditudan momentutik, kolorea irudiaren beste aktore bat bihurtzen da. Koloreak sentsatzioetan oinarritzen ditut, eta horien arabera aldatu, gehitu, gutxitu... Beti paleta mugatua erabiltzen dut kolore horiek kontrolpean edukitzeko. Ohikoa da kolore gehiegirekin lan egin eta azkenean irudiak ezer ez transmititzea.

Paisaia naturalek ere pisu handia dute zure ilustrazioetan, izan zelai, mendi zein desertu. Zer eskaintzen dizute?
Paisaia naturalak erabiltzen ditut ikuslea mundu honetara itsatsita mantentzen duten elementuak direlako. Horrela, hortik abiatuta, surrealismoa landu dezaket.
Azken hamarkadetan zeharo hiritartu gara eta naturatik urrundu?
Ni hirian bizi izan naiz beti, eta ez dut ezagutzen ni baino hiri-zulo-arratoiago den inor. Hala ere, naturarekiko dugun erlazioa gure barrenean izango da beti; ez naiz gauza mistikoei buruz hitz egiten ari. Kotxea hartu eta Euskal Herriko mendateetatik pasatzen naizen bakoitzean, mendi berde horiek liluratu egiten naute, salbuespenik gabe. Ez dut uste hori alde estekikoagatik soilik izango denik.

Normalean, zure lanetako pertsonak zuri-beltzean daude, eta iraganeko argazkietatik ateratakoak dirudite. Zergatik?
Bi arrazoi daude: Bata, ‘prozedimentala’, argazki horiek libreak direnez arazorik gabe erabili baititzaket; eta bestea, horiek erabilita sortzen den anakronismo moduko hori izugarri gustatzen zaidalako. Duela 60 urte hartutako argazki bat moztu eta 2015an irudi berri bat sortzeak badu asko gustatzen zaidan lotsagabekeri puntu bat. Pertsona horiei bizitza berri bat ematea Jainko izatera jolastea bezalakoa da.

Nolako esperientzia izan da Galder Izagirrek proposatutako argazkiekin lan egitea?
Lehen aldia izan da horrelako zerbait egiten dudana, eta esperientzia oso interesgarria izan da. 50 edo 60 bat argazki bidali zizkidan nik collage-ak egiteko, eta flipatu egin nuen, ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Normalean erabiltzen ditudan argazki zaharrek ez dute gehienetan zentzu artistikorik izaten, nahiko ‘begirada’ dokumentala edo objektiboa igortzen dute, baina kasu honetan Galderren argazkiek intentzio artistikoa dute, zerbait kontatzeko eginda daude, eta hortik elementuak hartzea nahiko ezberdina izan da niretzat. Hortik aurrera, berarekin ideia batzuk trukatu, frogak egin eta hona aldizkarian emaitza. Ni pozik geratu naiz; eta ez zait beti hori gertatzen.

Ilustrazioetatik haratago, bideoklipak ere egiten dituzu. Air Review talde estatubaturraren ‘Young’ abestiarena edo Berri Txarrak taldearen azkena, ‘Zerbait asmatuko dugu’.
Air Reviewrena nire lehenengo lan serioa izan zen animazioaren munduan. Abestiak haurtzarotik heldutasunerako bideaz hitz egiten du, eta bidaia hori literalki erakustea otu zitzaidan. Gainera, haurtzaroaren gaia jorratzeak surrealismoa lantzeko aukera ederra ematen du. Lehen lana izanik, lau hilabete behar izan nituen amaitzeko. Berri Txarraken abestiak, aldiz, atzera kontu bati buruz hitz egiten du, eta hori islatzeko zoom-out bat egitea bururatu zitzaidan, bideoaren bukaeran zerbati garrantzitsua egon behar dela transmititzeko, abestiko emakumea zerbaiten zain dagoen era berean.

Ilustrazio baten ideia duzunetik, zenbat denbora behar izaten duzu gauzatu arte?
Enkargua egiten duenak ematen didan denbora, ez gehiago, ez gutxiago. Aldizkari batzuentzako lanak pare bat egunetan egin behar izaten dira, beste batzuk aste batean edo aste eta erdian. Ematen didaten denbora erabiltzen dut azken minutura arte. Izan liteke egun batean ideia aurkitu, materiala bilatu eta irudia bukatzea, baina denbora gehiago baldin badut, buelta gehiago ematen dizkiot zerbait hobea lortzeko. Aukeran, nahiago dut pare bat egun baino gehiago izatea.

Artxiboko irudien erabilera egiten duzu. Denbora asko ematen duzu bilaketa lanetan?
Asko. Prozesuaren alderik dibertigarrienetakoa da, hor sortzen baitira gehienetan ideiarik onenak. Are gehiago, nahiz eta lanik ez izan, orduak pasatzen ditut Interneten argazki eta bideo zaharren artxiboetan arakatzen. Argazki horiek guztiak bata bestearen ostean ikusita ezinezkoa da milaka ideia burura ez etortzea. Eta noski, ordenagailua artxiboz beteta daukat.

‘Collagea’-aren artean, lizentzien kontuarekin arreta izan behar da? Inoiz arazorik izan duzu?
Ahalegintzen naiz gauza horiekin kontuz ibiltzen. Zorionez, ez dut inoiz arazorik izan. Erabiltzen ditudan argazki eta bideoak hain dira zaharrak jada libreak bihurtu direla, eta gehienak nahi duzunerako erabili ditzakezu. Hala ere, argazki eta bideo bakoitzaren lizentzia kontutan izan behar da. Espero dut FBIa nire etxean ate-joka inoiz ez aurkitzea.

Baten batek esango du Photoshoparekin edonork egin dezakeela zuk egiten duzuna...
Eta ez diot arrazoirik kenduko. Nik nire kabuz Photoshop edo After Effects erabiltzen ikasi badut, edozeinek egin dezake. Hala ere, gauza bat da zerbait egiteko gai izatea, eta beste bat, oso ezberdina, egitea.

Zu autodidakta izan zara. Orain, aldiz, Domestika bezalako plataformetan online ikastaroak ematen dituzu.
Internet gauza jakin batzuk ikasteko eskola ezin hobea bihurtu da. Dakidan ia guztia Interneten irakurri eta bideoak ikusita ikasi dut, baina egia da batzutan faltan bota izan ditudala hainbat ezagutza teoriko, eta horiek, suposatzen dut, hobeto irakasten dituztela eskoletan. Mundu grafiko honetan hasi nahi duen gazte bati eskola on batera joatea gomendatuko nioke, baina argi utzita ez diola inoiz ikasteari utzi behar. Zentzu horretan, nik nire ekarpena egiten dut Domestikako ikastaroan, ez baitut sekreturik gordetzen.

Irudiz inguratuta bizi gara, baina inork ez digu irakasten, testuak irakurtzen irakasten diguten bezala, irudiak irakurtzen. Irudiek manipula gaitzaten kondenatuta gaude?
Uste dut arrazoi guztia duzula. Ikus-entzunezkoen aro edo gizartean gaude, baina guztiz analfabetoak gara arlo horretan, bai irudiak irakurtzeko orduan, zein irudi berriak ekoizterakoan. Twitter, Facebook edo YouTubetik bueltatxo bat ematea nahikoa da horretaz konturatzeko. Hara, duela ez asko herritar askok ez zekiten irakurtzen, eta hori gutxi batzuentzako oso onuragarria zen. Badirudi norbaitek zerbait irabazteko duela jendearen analfabetismo berri honekin ere.

‘Esquire’, ‘New Scientist’ edota ‘The Hollywood Reporter’ bezalako argitalpenentzako lanak egin dituzu. Nola heldu zaizkizu enkargu horiek?
Gaur egun AEBetako aldizkari bati berdin dio Los Angelesko edo Gasteizko ilustratzaile bat kontratatu, emailez egiten baita kontaktua, bilera fisikorik gabe. Eta behin horrelako aldizkari batean agertzen zarenean besteetakoek ere zure lana ikusten dute, eta errazagoa da haiek ere zurekin lan egin nahi izatea.

Eta nola da posible Berri Txarrak taldearentzako lan egin arte Euskal Herrian zure lana oso jende gutxik ezagutzea?
Ezin jakin zergatik. Normalean garestiagoa da ilustratzaile bati irudi bat sortzeko ordaintzea agentzia batetik argazki bat erostea baino. Eta iruditzen zait hemendik kanpo gehiago inbertitzen dutela ilustrazioan, beraz, errazagoa da niri atzerritik deitzea hemengo aldizkari batetik baino.

Ilustrazioa gustuko duen irakurleari, zure portfolioaz gain, zein artista edo webgune gomendatuko zenioke?
Pare bat ilustratzaile edo artista aipatu beharko banitu, Jeremy Geddes eta Nicolas Delort azpimarratuko nituzte. Lehenengoaren margoekin maiteminduta nago, eta bigarrenaren zuri-beltzeko irudiak ikaragarri gustatzen zaizkit. Horietaz gain, azkenaldian denbora asko pasatzen dut Behance.com webgunean.  Sortzaileen sare-sozial modukoa da, eta bertan ilustrazioak, diseinu grafikoa, animazioa edota argazkilaritza lanak aurkitu daitezke.