Joseba Baleztena (Sumision City Blues): “"Ezagutzen gintuztenak harrituta geratzen dira"

Joseba Baleztena (Sumision City Blues): “"Ezagutzen gintuztenak harrituta geratzen dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-baleztena-sumision-city-blues-quotezagutzen-gintuztenak-harrituta-geratzen-diraquot/@@download/image/2012121127sumis_1360921489.jpg
2012/01/06
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Joseba Baleztena (Sumision City Blues): “"Ezagutzen gintuztenak harrituta geratzen dira"
Gasteiz aldetik dator proposamena. David Marin –bateria–, Iñigo Azazeta 'Anti' –gitarra–, Iñaki Urbizu 'Pela' –ahotsa–, Enrique Lafuente 'Peni' –baxua– eta Joseba Baleztena –gitarra– batu dira "elkarrengatik ikasi" eta "musikari gisa hazteko". Proiektu paraleloak alboratu gabe, abentura honetan etengabeko bilaketan dabiltza, helmuga batera iristeko presarik gabe. Beratarrarekin hitz egin dugu guk.

Jende berriarekin bide berriak jorratzeko gogoz elkartu zarete. Orain artekoarekin aspertuta, ala?
Ez da aspertuta egon beharrik horretarako. SCB osatzen dugunok musikariak baino gehiago musikazale amorratuak gara, gure disko bildumetan era orotako musika aurkituko duzu. Izan ere, ez zenuke inoiz imajinatuko kontzertuetara bidean gure furgoan entzun daitekeena, edo Penikek bere autoko kaseteetan artean zein harribitxi gordetzen dituen... Gauza horiek guztiak, belarritik sartzen diren bezala, gero nonbaitetik atera behar dira, eta hagitz zaila da hainbertze eragin proiektu bakarraren baitan islatzea eta saiakeratik onik ateratzea. Nire kasu partikularrean, etxean pilatutako kanta guztiek ez zuten lekurik Sexty Sexers-en baitan. Lokalera ideia berriekin joaten zarenean, batzuek filtroa pasatzen dute, eta bertze batzuek ez; lokalera ailegatu ere egiten ez denik bada. Talde berri honek kajoian gordetako bozeto batzuk askatzeko aukera eman dit, baina ez denak.

Zertan da orain Sexty Sexers?

Stand by antzeko egoeran dago. Erraten ahal da lozorroan dagoela, indarrak hartzen etorkizun ez urrunegi batean berriro eraso egiteko. Hausnarrerako tarte hau hartzea erabaki genuenean taldea erretzen hasia zen; kontzertuak etengabe ematen genituen, entseatzeko tarterik ez genuen ateratzen, gutako bakoitza hiri desberdin batean bizi zen... honek guztiak ekarri zuen noiz edo noiz kontzertu bat eman behar eta indarrez edo gogoz eskas egotea. Taldearen izaera ez da inoiz hori izan, ez gara profesionalak, beraz, kontzertuek ez dute konpromiso bat izan behar.  Dena hasi zenean, Beran elkartzen zen lagun taldea ginen, musika piloa ezagutzen hasiak ginen batzuek bertzeei diskoak pasatuz... Kontzertuetara joatea zen gure astebururoko plana, eta ia konturatu gabe eszenatoki aitzinean egotetik gainean egotera pasatu ginen. Pasio handiz bizitzen genuen dena. Azken boladan, aldiz, pasio hori itzaltzen hasia zen. Horregatik erabaki genuen taldea sortu zuen ilusio hori berreskuratu arte hobe zela zuzenekorik ez ematea. Hala ere, ez gaude geldirik. Nahiz eta elkarrekin jotzeko ez elkartu, bakoitza bere kabuz hurrengo diskoa izan daitekeen horretarako ideiak pilatuz goaz.

Noiz eta nola jakiten du musikari batek fase bat agortuta dagoela eta beste bati ekin behar diola? Edo agian beharra baino gehiago nahia da...

"Fase" hitzarekin talde edo proiektu erran nahi duzula suposatzen dut. Galdera ona da hori, eta musikariok gure buruari maizago egin beharko geniokeena, hasten bezala bukatzen ere jakin behar baita. Nik, momentuz, ez dut nire burua ataka horretan ikusi, eta zaila egiten zait erantzutea. Baina noizbait momentu hori ailegatzen bada eta ez banaiz konturatu, eskertuko nieke nire lagunei garaiz abisatzea...  Edozein modutan, proiektu berri bat hasteak ez du inondik inora erran nahi aurretik abian zenuena agortuta dagoenik. Lan bakoitzak kezka desberdinak asebetetzen ditu, eta hainbat proiektu batera lantzeak egiten duzun hori ikuspegi desberdinetatik ikustea ahalbidetzen dizu. Nire iritziz, hori aberasgarria besterik ezin da izan.

SCBen, asmatu al duzue bilaketa berri honetan?

Horretan gabiltza. Talde honekin argi dugu zer ez dugun egin nahi: ez dugu gure aurreko taldeetako indarrak batu eta superbanda bat egin nahi. Aitzitik, denek hazi nahi dugu musikari gisa, eta elkarrengandik ikasteko aukera izan dugu. Hasiera batean, beharbada, ez genuen argi norantz joan nahi genuen, baina pixkanaka zehazten ari da bide hori. Asmatu dugun? Batzuetan bertzeetan baino gehiago, baina oraindik bide luzea gelditzen dela iruditzen zait.

Datozen asteetarako ez zaizue kontzerturik falta, behintzat. Seinale ona.

Zuzenean aritzea beti da ona, eta azken hiru hilabeteak oparoak izan dira zentzu horretan. Taldeak, gainera, behar zuen. Lokaleko lana hagitz ona da, baina komeni izaten da berandu baino lehen bertatik atera eta kontzertuak ematen hastea, kantuek bertan hartzen baitute bizitza eta taldea batu egiten da. Erran bezala, azken hiru hilabeteetan ia gelditu gabe aritu gara eta taldearen baitan aurrerapauso handia nabaritu dugu.

Gainera, irailean grabatutako kanta batzuk argitaratu nahian zabiltzatela irakurri dut. Nola egingo duzue?

Asmoa da martxorako kanta horiek kalean izatea eta ordutik aurrera berriro ere zuzenekoetan zentratzea. Oraindik ez dakigu nola kaleratuko dugun lan berria, horretan gabiltza lanean, baina, lehendabizikoarekin egin genuenaren antzera, argitalpen zaindua izatea da plana. Ahal izanez gero, biniloa aterako dugu, eta berriro ere iraupen laburra izanen du. Hasieratik ikusi genuen laburrak maiz kaleratzea izan zitekeela taldearen lan egiteko era. Horretaz gain, aurkezpena berezia izatea gustatzen zaigu. Diskogintza nola dagoen ikusita, bistan da modu berriak bilatu behar direla. Internetek eskaintzen dituen baliabideak eta abar ongi daude, eta baliatu behar dira, baina guk euskarri fisikoa maite dugu, eta duen garrantzia ematen saiatuko gara. Dena dela, gauzak ongi, hori baino lehen Gasteizko hainbat talderekin batera prestatutako bilduma batean argitaratuko ditugu pare bat abesti.

Blues eta punk doinu artean, sanaziorako eta meditaziorako musika pixka bat!

Etiketena konplikatua da, eta normalean musikarioi gehiegi gustatzen ez zaigun afera. Gehiago da kazetarien kontua. Gure proposamenari oraindik ez dio kazetari bakar batek etiketarik jarri, beraz, jorratzen dugun estiloaz galdetzen digutenean zaila izaten da asmatzea. Ez da erraza nork bere burua bi hitzetan deskribatzea. Punka diogu, estiloagatik baino gehiago, jarreragatik. Jakin nahiko nuke punk rocker batek baino gehiagok zer iritzi duen gure musikaz! Eta bluesa diogu sustraietara jotzeko intentzioagatik, baina ez dut uste inoiz blues jaialdi baterako deituko gaituztenik. Sanazioarena txantxa da, jakina, Myspace bezalako orriak zabaltzen dituzunean hiru estilo aukeratu behar dituzu zerrenda luze batetik. Punka eta bluesa nahiko egokiak iruditu zitzaizkigun; hirugarrena betetzeko zentzurik gabeko bat aukeratu genuen.  

Zuen kasuan bezala, eskarmentu handiko jendea batzen denean, bakoitza ongi errotutako bere ohiturekin, gustuekin, inkluso maniekin... nolakoa izaten da elkar egokitzapena?

Egia erran ez da arazorik egon horretan. Talde bakoitzak lan egiteko modu bat du, elkar ulertzeko kode batzuk, eta baita hiztegi propioa ere. Gutako bakoitza gurera ohituta geunden arren, berehala sortu genuen kode berri bat. Maniak tartean daudenean, aldiz, hoberena da denari baietz erratea eta gero kasurik ez egitea –barrez–.

Eta entzuleen artean enkajatze hori?

Entzuleen artean era guztietako erreakzioak ikusi ditugu. Gure ezer entzun baino lehen aurretik egindakoagatik ezagutzen gintuztenak harrituta gelditzen dira beti. Batzuentzat sorpresa atsegina da, eta bertze batzuentzat disgustua. Ez dago arazorik horrekin, guk gureari emanen diogu behin eta berriz, eta entzuleari bide berriak eskainiko dizkiogu, hori baita, neurri batean, gure betebeharra. Dylanek 1965eko Newporteko Folk jaialdian txistuak entzun behar izan zituen gitarra elektrikoak eta organoa erabiltzeagatik. Bere zale folkyek entzutea espero zutena jotzera mugatu izan balitz, ez ziren burutu izanen musika garaikidearen historiako obrarik garrantzitsuenetako batzuk.

Zure kasuan, eta zure ikuspegitik, zein izan da Sexty Sexersetik SCBrako aldaketa nabarmenena?

Mundu bat dago Sexty Sexers eta Sumision City Bluesen artean, eta biak bihurtu dira ezinbesteko nire bizitzan. Alde nabarmena dago taldeak nola sortu ziren. Sexty Sexersekoak musikari edota musikazale izan baino lehen lagunak ginen, elkarrekin musikara hurbildu ginenak. SCB, aldiz, musikari esker elkar ezagututako  bost laguneko taldea da. Honetaz gain, alde handia dago, nolabait errateko, bi taldeen statusen artean. Sexty Sexersek nahiko ibilbide luzea du dagoeneko, eta ondorioz, badugu egina gure lekutxoa. SCBrekin berriro zerotik hastea izan da, zentzu horretan. Bertzalde, bi taldeetan nik dudan posizioa ere aldatzen da. Sexty Sexersen, kanten konposizoaren ardura nirea izan da neurri handi batean. SCBn, aldiz, banatuago dago hori eta alde horretatik lasaiago ibiltzen naiz. SCBen gehiago naiz gitarra jolea konposatzailea baino.  

Epe luzerako proiektua omen da hau.

Bai, azken finean, bilaketan gabiltza. Pixkanaka forma hartzen ari da egiten duguna, eta gero eta gustorago gaude. Eremu batzuetatik ibili nahi dugu, norabide jakin batean, baina zehazki jakin gabe nora iritsiko garen. Norabide horiei helduko diegu eta bidea eginen dugu, helmuga batera iristeko batere presarik gabe.