Jose Mari (Bizardunak): “Euskal rock erradikalaren garaiko jarrera gordina berreskuratu dugu”

Jose Mari (Bizardunak): “Euskal rock erradikalaren garaiko jarrera gordina berreskuratu dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jose-mari-bizardunak-euskal-rock-erradikalaren-garaiko-jarrera-gordina-berreskuratu-dugu/@@download/image/201012234546bizardunak_I.jpg
2012/12/13
berria
Rockaren esparruko mezuak doinu irlandarrekin uztartuta ustekabean harrapatu gintuzten nafarrek 2009an 'Bizardunak' diskoarekin. Euskal folk erradikalaren proiektua errotu egin da, eta urte berrirako bigarren lan osoa dakar: 'En zugzwang'. Jose Mari abeslariak argitu dizkigu taldearen momentuko erronkak. 

Bigarren diskoaren izenak –'En zugzwang'– xake joko bat du ardatz. Azaldu iezadazu hau pixka bat.
Xakean ari zarela, bada posizio bat, erabat galduta zaudenekoa, En zugzwang izena duena. Guk metafora hori erabili dugu Euskal Herriaren egoera politikoa azaltzeko. Nafar independentistak gara, marxistak… eta 2011ren atarian, egia esateko, ilun samar ageri zaigu panorama. Pesimista samar atera zaigu, baina tira…


Zer dakar bigarren diskoak? Aurrekoaren jarraipena da edo badago sorpresaren bat?

Disko honetan ez dugu bertsiorik sartu, eta zentzu horretan, musikalki desberdina da. Guretzat, behintzat, ez dago ustekaberik, baina hori entzuleak espero duenaren araberakoa da neurri handi batean. Irlandar musikaren etiketa hori jarri digu jendeak, baina gure abesti askotan ez dago halakorik. Folka egin baino gehiago, musika folkizatu dugu.


Euskal folk erradikala egiten omen duzue. Zer da hori?

Lehenengo diskoa aurkezteko baliatutako zerbait izan zen hori. Azken batean, batu nahi izan genuen irlandar musika hemen urtetan egin diren letrekin, Euskal Rock Erradikalak emandako letrekin. Garai hartan taldeak zeharo grinatsu ateratzen ziren eszenatokietara, elkarrizketetara… guk jarrera hura berreskuratu nahi genuen, azkenaldian euskal taldeak gehiegi apaldu direla iruditzen zaigulako;, agian profesionalizatu egin direlako-edo, ez dira ausartzen lehen Tijuanak edo Kortatuk esaten zituen gauzak esatera. Egia da talde batzuek mezu horiek bere horretan mantentzen dituztela, baina askoz ere modu profesionalizatuagoan zabaltzen dituzte. Guk ez. Gu iraganeko hamarkada horietara itzuli gara jarrera gordin hura berreskuratzeko.


Talde honetan batu baino lehenago, aritu izan al zarete folk estiloa jorratzen edo zuetako bakoitza esparru ezberdinetatik dator?

Guztiok gara arrotzak folk munduan. Batzuk bai, rockean ibilitakoak dira, baina beste guztiok lagun koadrila bat besterik ez gara. Musika kontzeptu honekin disko bat egitera ausartu ginen…


Pentsatzen dut aldea egongo dela rocketik folkera.

Bai eta ez. Ez dago hain urrun… gainera, gutxi gora behera, jendea engainatzea lortu dugu –barrez–.


Euskal Herrian estilo hau darabilen talde bakarretakoa zarete –edo bakarra–, orain arte izandako esperientziaren arabera, zer moduzko harrera izan du?

Oso ona. Egia da kritikaren bat jaso dugula batez ere folk tradizionaleko taldeen aldetik eta abar, baina oro har, oso harrera ona izan da. Oholtza gainean esandako zenbait astakeriarekin ere arazoren bat edo beste izan dugu, bat baino gehiago haserretu zaigu, baina, lehen aipatu moduan, ostia txarreko jarrera hau zen proiektuaren ardatzetako bat.


Ez zenuten, inondik inora, bide urratuena aukeratu.

Bai. Rock taldeek, azken batean, badituzte beren espazio eta zirkuituak. Folk taldeek ere bai; beste batzuk. Baina biak batzeak zailagoa zirudien. Nolanahi ere, eszenatokiak aurkitzeko ez dugu inongo arazorik izan: txosnetan aritu gara, festa giroan, trash metal kutsuko taldeekin ere partekatu ditugu oholtzak… Egia esateko, proiektua hasiera-hasieratik mamitu zen, entzuleek ondo ulertu dute zer den hau, eta berehala onartu gaituzte.     


Bederatzi zarete taldean. Zer moduz koordinatzen zarete?

Oso gaizki –barrez–. Denok dugu gure beste lana, batek semea izan du orain gutxi, batzuk gipuzkoarrak dira… entseatzeko gelditzeko eta abar… konplikatua izaten da. Hala ere, sorrerako unean asko entseatu eta prestatu genuen arren, orain zuzenekoekin mantentzen gara. Ahal duguna egiten dugu.


Ze asmo duzue urte berrirako?

Disko berria zabaldu nahi dugu ahalik eta gehien. Hiru taldekide joan zaizkigu, beste hiru sartu dira eta, beraz, gogor entseatzea tokatzen da. Martxotik aurrera itzuliko gara zuzenekoetara.