Jose Luis Ansorenari agur

Jose Luis Ansorenari agur Musikasteren, Andra Mari Abesbatzaren eta Eresbil Euskal Musikagileen Artxiboaren sortzailea zendu da, 90 urterekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jose-luis-ansorenari-agur/@@download/image/jarraia165818.jpg
2019/05/02
albiste-laburra

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Musikasteren, Andra Mari Abesbatzaren eta Eresbil Euskal Musikagileen Artxiboaren sortzailea zendu da, 90 urterekin.
Jose Luis Ansorenari agur

Euskal musikagintza lutoan dago aste honetan; Jose Luis Ansorena (Donostia,1928-2019) musikologo, konpositore eta zuzendaria hil da, 90 urterekin. Sekulako lana egin zuen euskal musikagileen obrak hedatzeko eta baita ondarea berreskuratu eta gordetzeko; besteak beste, berak sortu zituen Errenteriako Musikaste jaialdia (1973), Eresbil Euskal Ereslarien Bilduma edo Musikaren Euskal Artxiboa eta Andra Mari abesbatza.

Erakunde horiek sortzeaz gain, musikagilea ere izan zen Ansorena. Luis Urteaga eta Beltran Pagola maisuekin ikasi ondoren, apaiz ordenatu zen Altsasuko kaputxinoen apaiztegian, eta han hasi zen abesbatzekin lanean, San Antonioren Gaztedia korua sortuz eta Zaragozako Torreroren Komunitateko korua zuzenduz. Gerora etorri zen Errenteriako Andra Mari Abesbatza, eta harekin batera, Karnaba Zortzikotea zuzendu zuen. Gerora, 70eko hamarkadan, Orereta haur korua, Alai emakumezkoen zortzikotea eta Oinarri gazte korua sortu zituen.

Euskal Herriko kultura sustatzeko egindako lana eskertuz, 2011n Manuel Lekuona saria eman zioten; urtebetera, Errenterian omenaldia egin zioten.