Jone Otxo-Aizpurua: "Munduko gosetea amaitzea eskatu diot Olentzerori?"

Jone Otxo-Aizpurua: "Munduko gosetea amaitzea eskatu diot Olentzerori?" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jone-otxoaizpurua-quotmunduko-gosetea-amaitzea-eskatu-diot-olentzeroriquot/@@download/image/58p59-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Jone Otxo-Aizpurua Anoetakoa da. 19 urte besterik ez dituen arren, lehen diskoa kaleratu berri du Tolosako Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Iaz, kanta bat grabatu zuen Tolosaldeko musika taldeen 'Martxaundi' bildumarako, "eta kontzertu batzuk eman ostean, diskoetxekoek hots egin zidaten diskoa grabatzeko proposatuz", dio. Ezustean jasotako proposamenari baietz erantzun zion gemini honek, eta sei kantekin osatu du diskoa. Ikus-entzunezko komunikazio ikaslea da, eta gitarra ederki jotzen du.

Arrunt laket dut: Oso ugaria dudan lagun koadrilarekin egotea. Oso pertsona normala naiz.

Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Gezurra.

Lasaigarri zait: Musika mota asko entzutea; baita sortzea ere.
Sutan jartzen naute: Igande gauak; baita astelehenak ere, goizean goiz ibili behar izaten baitut Leioako unibertsitatera joateko.

Gustura ikusi nuen: Gioconda Belliren "La mujer habitada".
Lo seko geratu nintzen…: Oso pisutsuak ez badira ere, apunteen aurrean.

Bertutea: Lana egin behar denean, egiten jakitea.
Akatsa: Arinegi lehertzen naiz; "prontoa" dut.



Ametsa: 'Jone' diskoak aurrera egitea. Durangoko azokan jendeari gustatzea ez legoke gaizki.
Amesgaiztoa: Azterketak. Lana egunean egunekoa egitea gustatzen zait, bestela lana pilatzen baita.

Barre algara eragiten dit: Txiste on batek. Txiste entzulea naiz, ez kontalaria.
Negargura ez dut urruti: Arazo asko pilatu eta erabateko etsipen unean. Baina etortzen direnean aurre egiten diet.

Urrea: Etxekoei, eman didaten laguntza guztiagatik; ama dut nire jarraitzaile sutsuena.

Gorotza: Emakumeen kontra tratu txarrak eragiten dituenari.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ezin naiteke kexa; duela urtebete ingurutik, bikotekidea baitut.
"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Ez zaizkit maitasun ate asko itxi…

Hatzak zupatzen ditut: Entsalada janaz: gulak, patata egosia, arrautza, tomatea, letxuga…
Gogoko ez dudan jakia: Azalorea. Maionesan itotzen dut.

Dirua ordainduko nuke: Osasun ezinhobea izatearen truke.
Ez nioke xentimorik emango: Diru asko irabazi eta ezer ere itzultzen ez duenari.

Zer eskatu diozu Olentzerori? Munduko gosetea amaitzea.
Nori oparituko zenioke ikatza?: Gosetea desagerrarazteko ezer egiten ez duenari.