Jone Mitxelena zientzialariaren ikerketa saritu dute 'For Women in Science' programan

Jone Mitxelena zientzialariaren ikerketa saritu dute 'For Women in Science' programan Ikerketak kolon eta ondesteko minbiziaren zabalkundean zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea du helburu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jone-mitxelena-zientzialariaren-ikerketa-saritu-dute-for-women-in-science-programan/@@download/image/jone-mitxelena_web (1).jpeg
2022/07/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkia: Unai Zorriketa.

Ikerketak kolon eta ondesteko minbiziaren zabalkundean zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea du helburu.
Jone Mitxelena zientzialariaren ikerketa saritu dute 'For Women in Science' programan

L’Oréal-UNESCO For Women in Science programak, urtero 40 urtez azpiko bost emakume ikerlariren punta-puntako lanak aitortzen ditu.  Aurten Bizitzaren Zientziaren esparrua izan da sarien ardatz eta 15.000 euro ematen dira zientzia esparruko emakumeen lana eta buruzagitza ikusgarri egiteko.

Jone Mitxelenak Sare transkripzionalak epitelio-mesenkima trantsizioan eta metastasiaren garapena (TransEMeT) ikerketagatik jaso du aitortza. Kolon eta ondesteko minbizia gorputzeko toki urrun batera barreiatzen zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea du jomuga ikerketak, gaixotasun horrek eragindako heriotzaren arrazoi nagusia baita. Izan ere, kolon eta ondesteko minbizia hirugarren minbizirik ohikoena da eta heriotza eragiten duten gaixotasunen zerrendan laugarrena da. Mitxelenaren hitzetan, ikerketa hau "lagungarria izango da metastasien garapenean zerikusia duten mekanismoak argitzeko eta diana terapeutiko berriak identifikatzeko ateak irekiko ditu”. 

Zientzien arloan emakumeek duten presentziari dagokionez, ikertzaileak zera nabarmendu du: “Nire ikerketa arloan minbizia ikertzen ari direnen %60 emakumeak dira, baina goi erantzukizuneko hamar postuetatik bitan baino ez daude emakumeak. Lanbide zientifikoko etapa guztietan lehentasuna izan behar da gizon eta emakumeen berdintasuna gobernuentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat. Karreran mantentzea da erronka, potentziala garatu ahal izatea eta erantzukizuneko karguetan parte hartzea”.  

Ibilbide aintzatetsia
Jone Mitxelena barakaldarra Biokimikan lizentziaduna (2008) da Euskal Herriko Unibertsitatean, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan Masterra (2010) egina, eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea (2014) unibertsitate berean.  Karrera Amaierako Sari Berezia jaso zuen eta Hezkuntza Ministerioaren Errendimendu Akademiko Unibertsitarioaren Bikaintasuneko Lehen Sari Nazionala (2007-2008) ere bai.  

Zuricheko unibertsitatean egin zuen doktoretza ondorengo etapa, DNA kaltetu eta konpontzearen mekanismoetan espezializatu zen (2016-2019). Ikerbasque Research Fellowship beka eman zioten ondoren, eta horri esker sartu zen Euskal Herriko Unibertsitatean.  

EHUk adierazi duenez, "haren lan zientifikoek ezagutza mekanistiko berriak eskaini dituzte ziklo zelularraren aurrerapenei buruz eta DNAko kalteen erantzunari buruz, baita tumore prozesuetan mekanismo zelular horiek duten alterazioari buruz ere. Gainera, Zuricheko unibertsitatean egin zuen etapan botika kimioterapeutikoen erantzuneko toxikotasun maila kuantifikatzeko gerturapen bat garatu zuen". Aurkikuntza horiek nazioarteko aldizkarietan argitaratu dira, hala nola Nature Communications, Molecular Cell eta EMBO Journal.