Jonathan Castroviejo: “"Denborak emango dit konfiantza”"

Jonathan Castroviejo: “"Denborak emango dit konfiantza”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jonathan-castroviejo-quotdenborak-emango-dit-konfiantzaquot/@@download/image/2011627990jonat_1361378772.jpg
2011/06/03
elkarrizketa
TESTUA: Igone fernandez Argazkiak: Euskaltel Euskadi
Jonathan Castroviejo: “"Denborak emango dit konfiantza”"
Getxoko gaztea iaz aritu zen profesionaletan lehen aldiz. 24 urte bete berrirekin, bide oparoa du begi aurrean eta zangoetan. Batez ere erlojupekoetan erakutsi du adorea, baina kirolari osoa dela frogatu du. Martignyn aurtengo Romandiako Tourreko aitzin-etapan gailentzea gakoa izan da Castroviejorentzat, urrats bat aurrera.

Kontaidazu, zer moduzko sentsazioekin zabiltza?
Ongi nabil. Nahiko urte lasaia izango da. Azken lasterketak ongi irten dira, orain atseden hartzea tokatzen zait eta burua hurrengoetan jartzea.

Hasiera, behintzat, bikaina egin zenuen Martignyn Romandiako Tourraren aitzin-etapa irabazita. Ez da nolanahiko garaipena.

Bai, ni neu ere izugarri harritu nintzen. Azken urteko ia erlojupeko guztietan lehenengo hamar postuetan sartzea lortu dut, eta horri eustea zen helburua. Ez nuen garaipena espero, neure aurreikuspenak ere gainditu nituen.

Etorkizun handiko mutila zarela diote batzuek, oso kontuan hartu beharrekoa. Zer diozu zuk?

Txirrindularitzan garrantzitsuena urtez urteko progresioa da. Aurten urrats bat aurrera egitea lortu dut, baina bide luzea dut oraindik.

Eta zer moduz ikusten duzu Euskaltel Euskadi taldea oro har?

Taldea sendo ikusten dut. Girokoaren ostean ere ea Igorrekin edo besteren batekin etaparen bat irabaztea lortzen dugun... borondatea eta gogoa badago behintzat.

Helbururen bat aurtengo denboraldirako talde gisa?

Ba, niri behintzat, ez didate halakorik komunikatu. Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan paper ona jokatzea dago taldearen gogoan.

Eta ze erronka jarri diozu zuk zure buruari?

Erlojupekoan hobetzea zen helburuetako bat, eta astebeteko itzulietako sailkapen nagusietan sartzea ere bai. Uste dut lortzen ari naizela.

Batez ere erlojupekoan ibiltzen zara fin. Baina jakingo duzu eskalatzaile ona izatea ezinbestekoa dela etapa garrantzitsuetan eta itzulietan gailentzeko.

Bai, tira, goraka ere ondo moldatzen naiz. Profesionaletara salto egin aurretik ongi ibiltzen nintzen, eta iaz ere Suitzako itzulian eta bestelako etapa gogorretan maila eman nuen. Aurten Madrileko itzulian hirugarren postua eskuratu dut... agian konfiantza pixka bat falta zait, baina hori denborak emango dit.

Kuriositatez, zer pentsatu ohi duzu irteerako maldan ateratzeko prest zaudenean?

Ba, begira, erlojupekoa buruan ez dudan momentu bakarra izaten da hori. Baliteke aurreko bi egunetan zehar hori buruan jira eta buelta ibiltzea, baina momentua iritsita, erlojupekoa ez den beste mila gauza etortzen zaizkit gogora. Egunak azterketa bat prestatzen pasa eta azterketaren egunean burua hutsik geratzea bezalakoa da.

Noiz eta nola zaletu zinen?

Ba, egia esan, ez dakit... koadrilako lagun batekin batera eman nuen izena talde batean eta horrela hasi nintzen. Kirola asko gustatu izan zait beti, aukera aurkeztu zitzaidan eta... gaur arte.

Zergatik lotzen zaitu?

Batez ere etengabe hobetze hori gustatzen zait, autosuperazioa. Motibazio hori eduki ezean, zaila da egunero entrenatzera irtetzea. Gero, gainera, gauzak ondo ateratzen badira, ba, errazagoa da.

Weylandtek Giroan izandako eroriko hilgarria eta antzeko istripuak gertatzen direnean ere jarraitzen duzu txirrindularitzarekin kateatuta?

Ba, tira, hobe da horrelakoei buelta gehiegi ez ematea. Egia esan, ez dakit zehatz mehatz nola gertatu zen, baina pentsatzen dut kolpe txarra izango zela beste ezer baino gehiago, urte asko dira ezer gertatzen ez zela. Kolpe txar bat, azken finean, bizikleta gainean eduki dezakezu edota beste edozein egoeratan... hobe da horretan ez pentsatzea.

Dopingaren inguruko polemikek desengainua eragin dute kirol honen inguruan, ezta?

Bai, baina txirrindularitza kirol aitzindaria da gai honi dagokionean, eredugarria da zentzu horretan. Nik, behintzat, hala bizi dut barrutik. Agian kanpotik desberdin ikusiko dira gauzak...

Ba askok txirrindulariak ipini zaituztete jopuntuan, eta edozertarako prest egotea leporatzen dizuete, medikuen eta abarren txotxongilo hutsak zaretelakoan. Ze iritzi duzu zuk?

Ez dakit nola izango ziren lehen kontuak, ni iaz iritsi nintzen profesionaletara. Baina orain dena oso kontrolatua dago, lasterketan zehar, etxean... txirrindularitzan medikuntza bigarren planora pasa dela iruditzen zait.

Bizkaiako jubenil onena izendatu ostean, Euskadi Fundazioak fitxatu eta talde profesionalaren filialera pasatu zinen, Orbeara. Honetan bi urte eman zenituen profesionaletan hasi aurretik. Trantsizio prozesua pixkanaka eta behar bezala egitea garrantzitsua da, ezta?

Oso garrantzitsua da. Amateur mailan bi urte egin nituen, 80 edo 90 kilometroko lasterketak izaten dira, Lehendakari Txapelketaren antzekoak. Hortik zuzenean saltoa profesionaletara egitea ezinezkoa da 230 edo 240 kilometroko etapak direlako, bikoitza baino gehiago da! Horregatik, Orbean aritzea oso lagungarria izan zitzaidan, erdibideko maila da.

Zaila dirudi futbolarekin eta beste zenbait kirolekin lehiatzea, baina txirrindularitzak gero eta jende gehiago erakartzen duela dirudi. Piriniotako maldetan jende pila biltzen da uztailean, eta tropela.net-eko kinieletan ere parte hartzea handia da.

Egia da kirol honek oso urte gogorrak bizi izan dituela, batez ere, dopingaren auzia dela eta. Azken boladan, ordea, suspertzen ari da, zaleengatik eta, batez ere, talde berri eta indartsu asko sortzen ari direlako. Zenbat eta talde gehiago, marketing gehiago, lehia aberatsagoa, kirol gehiago eta, azken batean, egonkortasun handiagoa.

Bukatzeko, porra eskatu behar dizut: Tourreko, Vueltako eta Munduko Txapelketako podiumak.

Tourrean, azkenean Contador-ek parte hartuko badu: lehenengo Contador, bigarren Andy Schelck eta hirugarren Samuel Sanchez, etxekoen alde egingo dut! Espainiako Vueltan: lehenengo Igor Anton, bigarren Nibali eta hirugarren Menchov. Eta Munduko Txapelketan: lehenengo Oscar Freire, bigarren Husvod eta hirugarren Cancellara.