Jonah Hill: Serio hartzeko komediantea

Jonah Hill: Serio hartzeko komediantea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jonah-hill-serio-hartzeko-komediantea/@@download/image/jonah_hill_1389260669.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
New Yorken zuen ikasle apartamentuko gela hotzean antzerki obra laburrak idazteari ekin zion Jonah Hill gazteak, unibertsitate klaseek uzten zioten denbora librea betetze aldera.

East Village auzoko Black and White tabernan sortzaile gazteak begirunez tratatzen zituztela entzunda, garagardo bat esku artean zuten ikusleen aurrean hasi zen oholtza gaineko lanetan. Han ezagutu zituen Rebecca eta Jake, Dustin Hoffman izeneko baten seme-alabak. Aktorea film bat prestatzen ari zen, eta castingean parte hartzera animatu zuen Jonah. Hala, David O. Russell Oscar irabazlearen I Love Huckabees (2004) komedian estreinatu zen zinean, Hoffman bera, Isabelle Huppert, Jude Law, Mark Whalberg edota Naomi Watts bezalako izarren artean.

Lehen lan horrek atentzioa eman zion amerikar komedia berritu duen Judd Appatowri, eta froga bezala, The 40-Year-Old Virgin (2005) arrakastatsuan paper txiki bat eskaini zion zuzendariak. Espektatibak beteta, bigarren mailako rol pisutsuak izan zituen Superbad (2007) eta Knocked Up (2007) ezin dibertigarriagoetan. Ondorioz, Todd Phillips zuzendariak The Hangover (2009) filmeko hiru protagonistetatik nahi zuena aukeratzeko proposamena egin zion, baina pertsonaia komikoetan betirako sailkatua izateko beldurrez, film serioagoetan aritzeko apustua egin zuen Hillek. Eta halaxe etorri zitzaion Hollywooden kotoiaren froga gainditzeko aukera. Oakland Athletics baseball taldeko kirol zuzendari Billy Beani buruzko Moneyball (2011) filma prestatzen ari zen Brad Pitt, eta haren laguntzailearen papera eman zion gazteari. Urteko filmik laudatuenetakoa izan zen, eta bigarren mailako aktorerik onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Jonah.

Behin dramarako jauzia eginda, zaila izango da Hill ekoizpen handi bateko protagonista izatea, talentuaren eta sormenaren gainetik, Hollywooden idatzi gabeko legeak gailentzen baitira beti. Baina bokaziozko aktoreak nahi duena pertsonaia onak dira, zuzendari bikainek zuzenduak. Eta bide horretan pausoak ematen darrai gazteak. Adibiderik onena, hilabete honetan Martin Scorsese maisuaren esanetara ikusiko dugula The Wolf of Wall Street filmean. Leonardo DiCaprio izarraren dirdira indartsua da oso, baina dirdira hori itzaletan uztea bezalakorik ez da "lurreko" aktoreentzat.

Nortasun Agiria


Izena: Jonah Hill Feldstein.
Jaioteguna: 1983-12-20.
Jaiolekua: Los Angeles (AEB).
Aktore kuttuna: Bill Murray.
Film maiteena: Rushmore (Wes Anderson, 1998).
Liburu gustukoena: High Fidelity (Nick Hornby, 1995).
Maite du: Howard Sternen irrati saioa.
Gorroto ditu: Txoriak.