Jon Uriarte: "Argazki kamerak nire bizitza intimoan ere badu garrantzia"

Jon Uriarte: "Argazki kamerak nire bizitza intimoan ere badu garrantzia" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-uriarte-quotargazki-kamerak-nire-bizitza--intimoan-ere-badu-garrantziaquot/@@download/image/20122295922jon__1360825906.jpg
2012/03/02
elkarrizketa
Hondarribitarra da baina argazkilaritzak Madrilera, New Yorkera eta Bartzelonara eraman du.   



Argazki kamera eskutan, Madrilen, New Yorken eta Bartzelonan ibilia zara. Zer da leku bakoitzean gehien limurtu zaituena?
Bartzelonan nire argazkilari prestakuntzaren lehen pausoak eman nituen. Itsasoa edukitzeak eta Hondarribiako lagunak han edukitzeak etxean bezain ongi sentiarazi ninduen. New Yorken profesionalki eta pertsonalki ikaragarri ikasi nuen. Argazkilaritzaren hiriburua da New York. Madrilen, argazkilaritza irakasten hasi nintzen eta irakaskuntza argazkilaritza bezainbeste atsegin dudala ikusi dut.

'The men under the influence' proiektuan, gizon eta emakumeen rolen inguruan aritu zara. Sexuan ere rolak mantentzen al dira?

Bikote heterosexualetan emakumeek azken urteetan bizi izan duten aurrerapausoez eta aldaketa horrekiko gizonen erreferentzia faltaz aritu naiz. Hori islatzeko, gizonezkoek emakumeen arropak jantzi zituzten eta bikoteen etxeetan erretratatu nituen. Rol aldaketen inguruan hitz egin baino gehiago, gaur egungo harremanetan gizonezkoaren ikuspuntua landu nahi nuen.

Aberasgarria ote da rolak aldatzea?

Rolak ez dira guztiz aldatzen. Besterik gabe, zertxobait orekatu dira eta horrek gizarte aberastasuna ekarriko du epe luzera, baina, epe motzean, desoreka txikiak ere sustatu ditu.

Zein dira aldaketa nabarmenenak?

Emakumeek lortu dituzten aurrerapausoak dira garrantzitsuenak. Hitz gutxitan, nire amaren eta nire hiru urteko ilobaren artean alde handia dago eskubide berdintasunei eta gizartean lor dezaketenari dagokionez.

Erakusketa berdinean zure ibilbidearen eta naturaren arteko harremana aurkezten duzu, ze leku du naturak zure egunerokoan?

Nahi nukeena baino txikiagoa. Hondarribiatik joan nintzenetik hainbat hiritatik pasa naiz, eta natura hirietan oso eskasa da. Hala ere bilatuta aurkitu daiteke.
New Yorken nintzenean hiritik trenean ordu batetara surf egitera edo basora ibiltzera joateko ohitura nuen, hilabetean behin behintzat. Nahiz eta naturan ez bizi, gertu izatea eta disfrutatzea bakoitzaren aukera da.

Zure bizitza intimoan ere argazki kamerak lekurik al du?

Bai, baina oraingoz argazki horiek ere intimitatean gelditzen dira. Baliteke noizbait nere inguru edo pertsona intimoei buruzko proiektu bat egitea, baina oraingoz hori urrun ikusten dut.

Argazkiak atera ordez biluzi batean parte hartu duzu noizbait?

Intimatean bakarrik.

Baduzu aitortu dezakezun sekreturik?

Ez.