Jon Urdapilleta: "Oso momentu bereziak bizi ditut nire hamar hatzekin areto oso baten erreakzioa aldatu dezakedala jakinda".

Jon Urdapilleta: "Oso momentu bereziak bizi ditut nire hamar hatzekin areto oso baten erreakzioa aldatu dezakedala jakinda". Soilik 22 urte dituen arren, Jon Urdapilleta (Bidania-Goiatz, 1996) piano jotzaile birtuosoak ibilbide oparoa egin du. Berriki, zilarrezko domina eskuratu du 1st Vienna International Music Competition lehiaketan, eta Londresko Royal Academy of Music akademia prestigiotsuan dabil ikasten. Dena den, Urdapilletak argi du bere bidea hasi besterik ez dela egin; musika klasikoaz, talentuaz, lan gogorraz eta etorkizuneko ametsez hitz egin dugu berarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-urdapilleta/@@download/image/Foto Victoria Eugenia.png
2019/03/26
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkia: Iñigo Pastoriza

Soilik 22 urte dituen arren, Jon Urdapilleta (Bidania-Goiatz, 1996) piano jotzaile birtuosoak ibilbide oparoa egin du. Berriki, zilarrezko domina eskuratu du 1st Vienna International Music Competition lehiaketan, eta Londresko Royal Academy of Music akademia prestigiotsuan dabil ikasten. Dena den, Urdapilletak argi du bere bidea hasi besterik ez dela egin; musika klasikoaz, talentuaz, lan gogorraz eta etorkizuneko ametsez hitz egin dugu berarekin.
Jon Urdapilleta: "Oso momentu bereziak bizi ditut nire hamar hatzekin areto oso baten erreakzioa aldatu dezakedala jakinda".

Argazkia: Iñigo Pastoriza

Sari ugari irabazi dituzu piano jotzaile moduan (Vienna International Music Competition azkena) eta egun Londresko Royal Academy of Music-en ikasten duzu bi bekari esker; gogorra izan al da horren gazte zauden lekuraino iristea?

Ez da batere gogorra izan. Asko ikasi behar da, ordu asko sartu... Baina egiten duzuna benetan gogoko baldin baduzu, ez da gogorra izango. Nik zorte handia dut, nire lanbidea nire pasioa baita; jende askok ezin du hori esan, oso zorionekoa naiz.

Txikitatik jakin zenuen pianoa lanbide bilakatu nahi zenuela; musikari, eta zure kasuan piano jotzaile izateko oso gaztetatik hasi behar al da? Zenbateko garrantzia daukate etxean jaso dituzun babes eta ikaspenek?

Etxean jaso dudana ezinbestekoa da nire garapenean. Nire ama piano irakaslea da eta berarekin ikasi nuen pianoa 7 urte nituenetik 17 urterekin Londresera etorri nintzen arte. Gaur egun ere etxera bueltatzen naizenean askotan entzuten nau, bere iritziak oso garrantzi handia du niretzat. Gurasoek beti lagundu naute nire helburu eta ametsak gauzatzen. Hau ez da derrigorrezkoa piano jotzailea izateko, baina asko laguntzen du prozesua oso era naturalean garatu dadin.

 

"Justu gauzak oso ondo doazenean, orduan zure buruari zera esan behar diozu: orain gehiago eta hobeto ikasi behar dut. Bestela oso erraza da alferkerian edo harrotasunean erortzea".

 

Talentuaz gain, diziplina eta ordu pila sartzea ezinbestekoa dira zurea bezalako lanbide batean; zein da dena pikutara ez botatzeko gakoa?

Niretzat gakoa oso erraza da: ez duzu inoiz konforme geratu behar. Zer esan nahi dut honekin? Normala da kontzertu baten ostean pozik egotea, edo sari bat lortzen duzunean harro sentitzea. Baina arriskutsua da honek zure garapena moteltzen edo geldiarazten badu, momentuko poz horrek zure buruari 'aski da' esan diolako. Justu gauzak oso ondo doazenean, orduan zure buruari zera esan behar diozu: orain gehiago eta hobeto ikasi behar dut. Bestela oso erraza da alferkerian edo harrotasunean erortzea, hori gertatzen bada jai duzu.

 

Pianoaz gain biolina ere ikasi duzu; nolakoa izan da esperientzia instrumentu horrekin? Besterik ikasteko jakin-mina izan al duzu?

Oso esperientzia ona da zure lehen instrumentua ez den beste bat ikastea, beste perspektiba bat ematen dizu. Atzerriko hizkuntza bat ikastearekin konparatu genezake; hizkuntza bat baino gehiago ikasten badituzu, zure ikuspuntuak zabaldu egiten dira. Biolina 7 urtez jo nuen, Catalin eta Anton Bucatarurekin ikasi nuen Donostiako Orfeoian eta Pedro Aginagarekin 'Francisco Escudero' Kontserbatorioan. Euskadiko Gazte Orkestrako kidea ere izan nintzen 3 urtez. Gainera, organoa ere ikasi nuen Kontserbatorioan Loreto Fernandez Imazekin, hau ere oso esperientzia garrantzitsua izan da piano jotzaile bezala beste teklazko instrumentu bat ezagutzea.

Kontaiguzu zure esperientzia Londresen; Euskal Herrian jasotako ikaskuntzarekin alde handia nabaritu al duzu? Ze beste herrialdetan edota akademiatan ikasi nahiko zenuke?

Beste herrialde batera ikastea oso esperientzia aberasgarria da, hizkuntzagatik, ezagutzen duzun jendeagatik... Erresuma Batuak ospe handia du oso unibertsitate onak dituelako, eta musikan ere horrela da. Royal Academy of Music munduko musika kontserbatorio onenetakoa da, eta toki askotako beste musikari gazteekin han egotea oso positiboa da.

Nolakoa izan da zure esperientzia topatu dituzun beste ikasleekin?

Lehia handia dago piano jotzaileen artean batez ere, baina oso ongi eramaten gara, giro ona dago gure artean.

 

"Hezkuntzarekin bakarrik ez da nahikoa, musika klasikoak gizartean merezi duen lekua izan behar du [...] ERRESUMA BATUAN BBC Young Musicians izeneko lehiaketa dute, BBC telebistak zuzenean ematen du eta lehiakideak Erresuma Batukoak izan behar dira eta 18 urte baino gutxiago izan".

 

Musika klasikoan badira ikasle gazte pila, ez ordea horrenbeste ikusle; zerk egiten du huts? Egun musika klasikoak konektatu ote dezake gazteriarekin? Hezkuntza kontua da, edota beharbada kulturala? Edo ekonomikoa?

Hezkuntza oso garrantzitsua da; eskolan musika irakaskuntzak garrantzi handiagoa izan behar du, eta hobeto planteatu beharko litzateke nire ustez. Baina hezkuntzarekin bakarrik ez da nahikoa, musika klasikoak gizartean merezi duen lekua izan behar du, ez eskolan bakarrik. Hau da niretzat Erresuma Batuan bikain egiten dutena. BBC Young Musicians izeneko lehiaketa dute, BBC telebistak zuzenean ematen du eta lehiakideak Erresuma Batukoak izan behar dira eta 18 urte baino gutxiago izan. Gazteek musika klasikoa plataforma garrantzitsu batean jotzea du helburu, eta maila izugarri altua da. Lehiaketa hau herrialde osoan ikusten da eta familiek afalostean ikusten dute. Honi esker, musika klasikoak garrantzi handiagoa lortzen du gizartean. Bestalde, ABRSM musika hezkuntza sistema dute. Sistema hau 8 mailaz osatuta dago, eta edozein mailako diplomak ofizialtasuna du; hau da, nahiz eta musikaria ez izan, zure kurrikulumean jarri dezakezu ABRSM biolineko 5. maila duzula, esaterako. Tontakeria bat dirudi, baina honek baliogarritasuna ematen dio musika klasikoari Erresuma Batuko gizartean, eta hori eguneroko bizitzan nabaritzen da, ikuslerian ere bai. Ekonomiak ere zerikusia du, musika klasikoak eskuragarria izan behar du. Hala ere, jende askok musika klasikoa garestia dela esaten du, futbolerako abonamendua duenean edo asteburuetan eskiatzera joaten direnean, esaterako. Bi eredu hauek oso maiz ikusten ditudalako aipatu ditut, eta musika klasikoko edozein kontzertu baino garestiagoak dira.

Zuk txikitatik ikasi eta bizi izan duzu musika. Zure ustez, zenbaterainoko garrantzia du hezkuntzan musika irakasteak? Ze onura eskaini ditzake zure ustez?

Garrantzi handia du, edozein gai hezkuntzan baldin badago, gazteek gutxieneko jakituria izango dute gai horri buruz. Batez ere, gizarte osoak behar dituen gauzak sakon egon beharko lirakete hezkuntza sisteman: musika, filosofia, kirola... Irudikatu al dezakegu gure bizitza musikarik gabe, pentsatu gabe edo jarduera fisiko minimo bat egin gabe? Beharrezkoak ditugu gaur egun, bizitza hain azkar doala ikusita.

 

"Irudikatu al dezakegu gure bizitza musikarik gabe, pentsatu gabe edo jarduera fisiko minimo bat egin gabe?".

 

Pianoa beharbada instrumentu bakartienetako bat izan daiteke; zuk nola bizi duzu? Nahiago orkestrarekin jo, ala bakarrik?

Biak asko disfrutatzen ditut, ezingo nuke bat aukeratu, oso esperientzia desberdinak dira. Bakarrik jotzean erantzukizuna zuk duzu 100%; oso momentu bereziak bizi ditut nire hamar hatzekin areto oso baten erreakzioa aldatu dezakedala jakinda. Orkestrarekin antzekoa da baina desberdina aldi berean: erantzukizuna ez da bakarlariarena bakarrik, beste 90 lagunekin batera lortzen den energia eta intentsitatea izaugarriak dira.

Zein da zure obra gogokoena? Eta konpositorea?

Lehen obra birtuosoak asko nituen gogoko: Liszt Mazeppa, Ravel Scarbo, Prokofiev Toccata... Azkenaldian, ordea, momentu eder eta bereziak ematen dizkidan obrak izugarri disfrutatzen ditut: Schubert Sonata D894, Beethoven Sonata op. 111... Hala ere, Rachmaninov-en 2. Piano Kontzertua Euskadiko Gazte Orkestrarekin jo nuen pasa den udan, eta nire bizitzan izan dudan esperientzia hoberenetarikoa da. Nik esango nuke geroz eta musika gehiago dudala gustoko, musika klasikoko edozein estilotan oso eroso sentitzen naiz gaur egun.

Zure burua ikusten al duzu klasikoa ez den errepertoriorik interpretatzen? Demagun, rock edota bestelako estiloko talderen batean...

Nahiz eta asko disfrutatzen dudan rock, jazz eta beste musika estiloak entzuten, ez dut nire burua ikusten musika klasikotik kanpo.

Zeintzuk dira etorkizunean betetzeko dituzun ametsak? Non ikusten duzu zure burua hamar urte barru?

Nire ametsa bakarlari bezala kontzertu asko ematea da. Gaur egun bizitza oso azkar doa, horregatik uste dut inoiz baino gehiago musika klasikoak oso funtzio garrantzitsu bat duela: pertsona bat gauza bakar batean, musika, kontzentratua egoten lortzea. Hau oso garrantzitsua da nire iritziz; 2 orduz eguneroko bizitzatik atera, begiak itxi eta musikak beste mundu batera eraman zaitzala. Esperientzia honek nire ustez sekulako balioa du, bai musikariarentzat bai entzulearentzat.