Jon Plazaola: "Sexuan, hobe gauzak argi, garbi eta sarri-sarri"

Jon Plazaola: "Sexuan, hobe gauzak argi, garbi eta sarri-sarri" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-plazaola-quotsexuan-hobe-gauzak-argi-garbi-eta-sarrisarriquot/@@download/image/jon_plazaola_1391684976.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
ETB1-eko ‘Kontrako Eztarria’ saioko aurpegi gazteena da Jon Plazaolarena (Urretxu, 1982). Kameren aurrean bezala, sexuan ere gardentasuna eta umorea ditu lagun. 


Bakarrizketetak, telebista, antzerkia… Izaera polifazetikoa ohean ere aplikatzen duzu?

Saiatzen naiz behintzat, gogotsu gainera. Bizitzan nahiz sexuan, aniztasunean dago gustua.

Eta horietakoren batetik bidali izan al duzu mezu subliminalik?
Sexuan, subliminaltasuna baino, hobe gauzak argi, garbi eta sarri-sarri.

Umorearen bueltan aritzen zara gehienetan. Ligatzeko ere errekurtso ona izango duzu…
Galtzen azkena itxaropena beharrean, umorea dela esatea gustatzen zait. Ligatzerako orduan, baina, erabili beharreko lehenengotariko tresna da. Gizonek negarra eragin dieten emakumeak gogoratzen omen dituzte. Emakumeek, aldiz, barrea eragiten dieten gizonak.

Aldiz, kontrako eztarritik sartu zaizun piroporik bota al dizute inoiz?
Asko botatzen ez dizkidatenez, botatakoak gogoz hartzen ditut.

Hiruzpalau gizonekin konpartitzen duzu pantaila iluntzero. Halako morroi koadrilarekin, zaila izango da ikusleen atentzioa erakartzea…
–Barrez—. Egia esan, bai, dagoen gizon usainarekin! Baina beno, edozein pertsonaren atentzioa lortzeko ez dago modu natural eta jatorrean jokatzea bezalakorik.

Azkenaldian protagonismoa elkarbanatzen duzun arren, bakarrizketa izan duzu oinarri. Sexuan ere, bakarrizketatik elkarrizketara?

Inork ez du bere burua norberak bezala ezagutzen. Horra arte, ados. Baina gidoigintza  irakasle batek behin esan zigun istorio bat idazteko modurik onena, erosoena, biren artean egitea dela. Eta sexuan, horretan bezalaxe, nahiago biren artean egitea. Gutxienez.

Sekulako txortaldia izan duzu. Zein esaldirekin abiatuko zenuke berari buruzko bakarrizketa eta zeinekin amaitu?
"Oooooooohhhh!!" eta "Aaaaaaaahhhh!!".

2014ko sagardo denboraldiko lehen txotxa egin zenuen. Kupelez kupel sagardo ezberdinak dastatzen dituenetakoa zara, ala gustukoari fidel eusten diona?
Nola jakin sagardo bat dela gehien gustatzen zaizuna beste asko oraindik probatu ez dituzunean?

Interesatzen zaigun pertsona ohera bidean jartzeko sekula huts egiten ez duen teknika?

Begietara zuzen begiratu eta benetan ze gogo dauzkazun transmititzea, naturaltasunez.

Larrutan egin duzun tokirik arraroena?
Joder, aparkaleku baten sarreran, igo eta jaitsi egiten den hesi horietako baten ondoan. Posteari begirik kendu gabe egon ginen, behar ez zen tokian sartu ez zedin… YouTuben ez egotea espero dut!