Jon Mirande: Gure haur besoetakoa

Jon Mirande: Gure haur besoetakoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Euskal literatura modernoaren lehen harriak jarri zituztenen artean, bi izen aipatzen dira sarritan: Aresti eta Mirande. 1925ean Parisen jaioa, jatorri zuberotarra zuen Mirandek. Bere bizitza nahiko nahasia izan zen, eta ez-bairik gabe, bere obran isladatzen dira gorabehera horiek guztiak. Alderdi naziarekiko hurbiltasuna, antiklerikala eta paganoa, neska gaztezalea... Garaiko ortodoxia euskaldunaren "seme kuttuna" zenik ezin esan. Etsai asko sortu zitzaizkion, eta margolari inpresionistekin gertatu zen antzera, urteak pasa behar izan ziren, bere lanen balioa behar bezala estimatzeko. Euskal literaturak zuen kutsu eliztarra ezabatzen saiatu zen bizitza osoan, bide berriak irekiz, eta beste hizkuntzetako idazleak gurera ekarriz.
Alor ugari jorratu zituen Mirandek: saiakera ("Euzko Gogoa", "Igela" edota "Egan" bezalako aldizkarietan barreiatuta daude bere idazlan gehienak), eleberrigintza ("Haur besoetakoa" polemikoa), ipuingintza ("Gauaz parke batean" gogoangarria), itzulpengintza (Poe eta Kafka itzuli zituen, besteak beste) eta, bereziki, poesia. Bere poemekin aski kantu famatuak abestu dituzte musika talde askok: Oskorri eta Hertzainak, esaterako.
Neurri handi batean, Hegoameriketan Borgesek egindako lana bete zuen Mirandek Euskal Herrian. Titulu akademiko askorik ez zuen arren, oparoa zen bere jakinduria. Hainbat hizkuntza menderatzen zituen. Hala eta guztiz ere, jasan zuen ulertezintasunaz eta giro ezkorraz etsirik, euskaraz idazteari utzi zion eta zelteraz arituko zen hurrena. Ez zen samurra izan bere bizitza. Azkenik, bere buruaz beste egin zuen 1972ko abenduaren 28an, Parisen.  
Hemendik aurrera hasiko da bereziki bere eragina. Atxaga, Izagirre eta Sarrionaindia bezalako idazleek maiz azpimarratu dute sortzaile honen garrantzia. Umore beltzez beterik daude bere idatziak, euskara eder eta paregabean. Naturaltasun osoz agertzen zituen sexu-harremanak eta ez zuen mingaina zuloan sartzen erlijio kontuetan. Garaikideek baztertu zuten arren, ezinbesteko erreferentzia da Mirande gure kulturan. 1999an, Hiria argitaletxeak bere obra osoaren bilduma kaleratu zuen.