Jon Maiaren 'Kantu bat gara' ikuskizunaren azken emanaldia eta Zea Maysen kontzertu akustikoa izango dira Gernikako Haziberri jaialdian
Gernikako Haziberri jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu dute uztailaren 14rako, "lehenengo urteko ilusio eta urduritasunarekin". Aurten berrikuntzak ere izango dira, Gernikako Europako Herrien parkeko kontzertu guneko eszenatokiaz gain, Euskal Herria Museoko atzeko lorategian, zuzeneko musikaz gozatzeko espazioa sortukoko baitute.
Aurtengo emanaldien artean izango da Jon Maia bertsolari, kantari eta idazlearen Kantu bat gara ikuskizuna. Euskal Herri osoan ibili da Maia ikuskizuna eskaintzen eta hau izango du azken kontzertua, gonbidatu bereziekin.
Zea Mays taldea ere bertan izango da, formatu akustikoan. Pitiren gitarrak eta Aioraren ahotsak batuko dira jaialdian.
Gainerako artistek, atseden gunean, museoaren atzeko lorategian, egingo dute zuzenekoa. Eire, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-a arituko dira bertan.

Ordutegiei dagokienez, 18:00etan irekiko dituzte ateak eta Eirek berrogei minutu geroago joko du. Kontzertu gunera 19:30 aldera sartu ahal izango da eta 20:00etan hasiko da Zea Maysen kontzertua. Atseden gunean afaltzeko tartea izango da 21:00etan, Mogumbo Brass Band taldeak girotuta. 22:15ean, berriz, Kantu bat gara hasiko da kontzertu gunean. Amaitzeko, 00:30ean, TPR izango da atseden gunean, 01:30ak arte.
Sarrerak webgunean eros daitezke 25 euroan. Gernikako Euskal Herria Museoa dohainik bisitatzeko aukera emango du kontzertuko sarrerak, urtea bukatu aurretik.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria eginez gero, egun bat atzeratuko da kontzertua, uztailaren 15era alegia.
