Jon Maia, dantzaria eta koreografoa: Oreka eta desoreka, biak bat

Jon Maia, dantzaria eta koreografoa: Oreka eta desoreka, biak bat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-maia-dantzaria-eta-koreografoa-oreka-eta-desoreka-biak-bat/@@download/image/20096244236Jon_Maia_kukai_soka.jpg
2009/07/03
elkarrizketa
Mantalak, gerrikoak, abarkak… horiek guztiak euskal dantzekin lotu ditugu orain arte. Kalea, arropa modernoa eta banbak jantzi ditu,  ordea, Kukai taldeak bere ikuskizun berrian: 'Soka'. Hiru mutil eta bi neska orekari eutsi nahian. Proiektuaren arduraduna Jon Maia dantzaria eta koreografoa da.  

Soka ikuskizuna estreinatu berri duzue eta, Valladolideko Nazioarteko Jaialdian, esaterako, epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu duzue. Nolako harrera izan du ikuskizunak Euskal Herrian?
Oso pozik gaude. Hasiera batean emanaldi batzuk egin genituen Korrikan eta Herri Urratsen, froga gisa, eta gero Leioan estreinatu genuen obra. Geroztik egindako emanaldiak oso ondo atera dira. Ikuskizunak jendearen arreta pizten duela konturatu gara, ikuslea harrapatzen duela. Hitzartutako emanaldiak baditugu eta, beraz, ezin gara kexatu, ikuskizun honekin genituen helburuak eta aurreikuspenak gainditzen ari baikara.

Aurreko ikuskizunaren, Hnuy illa-ren, eta honen artean aldea handia da. Nabarmenena, akaso, antzokitik kalera jauzi egin duzuela. Eta, ikuskizunaren eszenaratzea (edo kaleratzea) ere xumeagoa dela. Aldaketa beharra sumatzen al zenuten?

Hnuy Illa eta Soka osagarriak dira. Oraindik ere Hnuy Illa-rekin jarraitzen dugu, gustura, gainera. Soka ideia tailer baten ondoren sortu zen. Ona da zure burua frogatzea, eta horren bila abiatu ginen Pantxika Telleriarekin. Dantza arloan bilaketa lana izan da Soka, eta kalean aritzea, berriz, esperientzia bat. Hnuy Illa-rekin osagarri eginez, horrelako lan bat egiteko une aproposa zela uste dugu.

Sokadantza da ikuskizunaren oinarria, baina ez orain arte ezagutzen genuen sokadantza tradizionala. Dantza berriak sortzeaz gain, betikoen berrirakurketa beharrezkotzat duzue?

Sokadantza oso maitea dut, dantzari gisa uste dut  San Joan bezperan gozatzen dudala gehien. Lan honetarako oinarri garrantzitsua izan da, bilaketa gauzatu ahal izateko helduleku garrantzitsua. Nik uste sokadantza tradizionalak bere horretan jarraitu behar duela, nik ez nuke ordezkatu nahi. Kasu honetan inspirazio iturri izan da, baina ez batak bestea ordezkatzeko asmoz. Sokadantzak eduki eta sinbologia ugari ditu, eta horiek mantentzen saiatu gara, nahiz eta beste dantzakerarekin eta ikuspegiarekin egin.

Kukai Dantza Konpainiak sorreratik uztartu ditu euskal dantza eta dantza garaikidea edo beste estilo batzuk. Soka-n dantzatzen duten dantzariek, oreka horri eutsi nahi al diote?

Dantzari gisa, gure formazio handiena tradizionala da, baina beste estiloetan sakontzen goazen heinean, gure lanetan haien eragina sumatzen da. Soka-n, Kukai eta Pantxika Telleriaren arteko topaketa izanik, bien eragina nabari da, baina modu orekatuan elkarbizitzen dutela uste dut. Orekak eta desorekak bat egiten dute pieza honetan.

Zer adierazi nahi du, zehazki, Soka lanak?

Lehenik eta behin bilaketa lan baten emaitza da. Sokadantzaren hainbat eduki (gizartearen bateratzea dantzaren bidez, desafioa, dantzari bakoitzaren aurkezpena, eskaintza, festa...) azaltzen ditu eta dantzarien arteko harreman horretan desorekak gertatzen dira. Soka-k dantzarien jarduera baldintzatzen du, baina dantzari bakoitzaren jarrerak ere Soka eraldatzen du.

Zu izan zara proiektuaren zuzendaria, baina, Pantxika Telleria koreografo lapurtarraren laguntza ere izan duzue. Zer nolako esperientzia izan da?

Oso positiboa. Dantzaren inguruko bi ikuspegi arras ezberdin elkartu ditugu proiektu honetan, baina oso ondo ulertu dugu elkar. Dantzariak ere oso ondo egokitu dira proposatutako mugimendu berrietan, eta lan prozesua atsegina izan da.

Musikak ere, jakina, garrantzia du lanean. Oraingoan, zuzenekoa aukeratu duzue.

Perkusioarekin lan egiteko hautua apustua izan zen, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Iñaki Telleriak sortutako partiturek hainbat kolore ematen dizkiote lanari, eta zuzenean aritzen diren bi perkusio jotzaileek indar handia transmititzen dute. Musika eta dantza oso ondo batu dira pieza horretan, eta batasun horrek nortasuna ematen dio ikuskizunari. Oso gustura gaude musikariek egindako lanarekin.

Udan sartu berriak gara. Nola du agenda Kukai Dantza Konpainiak?

Azken hilabeteak mugituak izaten ari dira. Hnuy Illa, Soka, hainbat proeiktutan parte-hartzea… Orain, uztailean, Soka-rekin emanaldi batzuk egin eta oporrak hartuko ditugu. Azkena hilaren 24ean izango da, gure herriko jaietan. Uda ostean, Hnuy Illa-rekin Ekuadorrera, Argentinara eta Mexikora joango gara eta Miarritzen, Donibane Garazin eta beste zenbait herritan ere emanaldi eskainiko ditugu. Ezin kexatu, urtea oso-oso ona izaten ari baita.