Jon Azkue: "Eskubaloian lehen mailan dabilenak hilea pasatzeko beste irabazten du"

Jon Azkue: "Eskubaloian lehen mailan dabilenak hilea pasatzeko beste irabazten du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-azkue-eskubaloian-lehen-mailan-dabilenak-hilea-pasatzeko-beste-irabazten-du/@@download/image/jon_azkue_2_1412853122.jpg
2014/10/06
elkarrizketa
Argazkiak: Nagore Koch. Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Hemeretzi urterekin, Asobal Ligako sorpresarik atseginenetakoa izan zen aurreko denboraldian Jon Azkue (1994) oriotarra, baina CD Bidasoa-Irun taldeak maila galdu zuen. Hala ere, eta beste talde batzuen eskaintzak izan dituen arren,
Artalekun jarraituko du.


Hemeretzi urterekin lehen mailako talde baten gidaritza hartzea ez da oso ohikoa.
Asobal Ligan azken urteetan maila asko jaitsi da, eta ondorioz, jokalari gazteek jokatzeko aukera gehiago izan dugu. Ni aukera aprobetxatzen saiatu nintzen, eta hasieran horrelako denboraldia egingo nuenik uste ez nuen arren, jardunaldiek aurrera egin ahal gusturago eta konfiantza gehiagorekin sentitzen nintzen. Eta entrenatzaileak ere konfiantza handia eman dit.

Zentral postuan jokatzen duzu, ez bereziki golak sartzen diren lekuan, eta hala ere, taldeko goleatzaile nagusia izan zinen.
Denboraldi hasieran jokalari asko izan genituen min hartuta, tartean hiru hegaleko, eta beraz, geundenok atera behar izan genuen taldea aurrera. Ni golak sartzen hasi nintzen, horrek indarra ematen dio jokalariari, eta azkenean 150 gol sartu nituen.

Irunen urtebeteko kontratua geratzen zitzaizun, eta taldea Ohorezko Mailara jaitsi arren, eta Asobal Ligako hainbat talderen eskaintzak izanik ere, beste urtebetez luzatu duzu kontratua.
Erabaki zaila izan da, baina hogei urterekin denbora dut oraindik gero ere edonora joateko. Klubak helarazi didan mezua da epe motzean Asobalera bueltatzeko helburua dagoela, aurtengo fitxaketak ere helburu horretara bideratuta egin dira, eta talde polita dugu. Beraz, ateratzeko goiz zela ikusita eta taldearen helburuak zein diren kontuan hartuta, egokiena geratzea iruditu zait.

Arrazoien artean, ziurrenik, ikasketak (Ingeniaritza elektrikoa) amaitzea ere egongo da.
Bai, noski. Etxean nago, eta horrek ikasketak hasi ditudan lekuan jarraitzea esan nahi du. Kanpora joanez gero zailagoa izango litzateke ikasten jarraitzea. Ikasketek pisu handia izan dute erabakian.

Sarritan, guraso eta ingurukoen buruhaustea izaten da ikasketak ez uztea...
Bai, gazteagoa nintzenean ala zen, eta orain ere bai. Hala ere, duela lau urte ez nekien kirolean noraino iritsi nintekeen, eta orduan zalantzagarriagoa zen guztia. Baina orain ikusita gauzak ondo doazela, ikasketak inoiz alboratzeko asmorik gabe, baina gauzak lasaixeago hartzen ditut.

Espainiako gazteen selekzioarekin 2013ko udan Munduko Txapelketa jokatu zenuen, eta antolakuntzak txapelketako sari berezia eman zizun.
Harritzekoa izan zen, izan ere, horrelako txapelketetan postu bakoitzeko onenari eta txapelketako onenari ematen zaie saria. Baina sari banaketan ezagutzen ez genuen sari hori atera zuten, eta niri eman zidaten. Pertsonalki, egindako mundialarekin oso gustura geratu nintzen, baina ez nuen horrelakorik espero, eta beraz, sorpresa atsegina izan zen.

Munduko Txapelketa bat ez da egunero jokatzen.
Oso polita da, izan ere, mundu osoko zure adineko jokalariekin parekatu dezakezu zure jokoa, bidaiatzeko aukera ematen dizu, eta horretaz gain, urte askotan zehar eskubaloiaren bitartez egindako lagunekin uda berezia partekatzea ederra da. Betirako oroitzapenak geratzen zaizkizu.

Iragan udan, Europako Txapelketan brontzezko domina irabazi zenuten.
Aurreko bi urteetako txapelketetan ere finalaurrekoetara sailkatu ginen, baina bietan laugarren geratu, eta junior mailan txapelketa garrantzitsu bakarra geratzen zaigula kontuan hartuta, aurtengoa derrigorrez aprobetxatu beharreko aukera zen. Finalaurrekoan Alemaniak egurtu egin gintuen, baina hirugarren postua lortzeko partiduan Danimarka izan genuen aurkari. Taldeen fasean gol bakarreko aldearekin irabazi ziguten, oso estu, eta beraz, argi genuen irabazi beharreko partidua zela. Zortea ere alde izan genuen eta brontzezko domina eskuratu.

Eta txapelketako MVP saria eman zizuten! Normalean, gainera, txapelketa irabazten duen taldeko norbaiti ematen zaio sari hori.
Oso pozik nago sari hori jaso izanagatik, baina argi dago taldeko lanaren ondorio ere badela, eta taldeari ahal bezainbeste lagundu izanaren sari bezala ulertzen dut.

Eskubaloian Europa iparraldeko herrialdeak dira jaun eta jabe. Adin horietan dagoeneko maila ezberdintasuna igartzen da?
Bai, Danimarka edo Alemania bezalako herrialdeek adin horietan jada oso selekzio potenteak izaten dituzte. Adibidez, nik Espainiako gazte selekzioekin bi Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa bat jokatu ditut, eta guztietan geratu dira Danimarka eta Alemania lau talde onenen artean, eta Suedia hiru txapelketetatik bitan.

Etorkizunera begira jarrita, eskubaloi taldeen egoera ekonomikoa ere, noski, latza da.
Badira dirua duten talde batzuk, Bartzelona eta Naturhouse Logroño, adibidez, baina gainontzeko guztiak ahal duten bezala jokalariak lotu eta ordaintzen ari dira. Urte batetik bestera taldeen maila mantentzea oso zaila da azkenaldian. Hala ere, krisiaren ondorioz gazteoi jokatzeko aukera eman digute; lehen diru asko ordainduta kanpotik ekartzen ziren jokalarien ordez, orain bertako gazteei ematen zaie aukera. Beraz, momentu egokia izan da, adibidez, nik aukera hori izateko.

Baina era berean, aretoan lortutako lorpenez ezin gozatzea ere badakar diru eskasiak, horra Bera-Beraren kasua.
Azken bi urteetan inor baino hobeak izan dira, liga, kopa eta superkopa irabazi dituzte, eta Europan jokatzeko eskubidea eurenganatu dute. Baina egoera ekonomikoaren ondorioz, bi aukera izan dituzte: lehena, Europan jokatu eta ekonomikoki taldea hankaz gora jartzea, bidaiak, kanonak eta bestelako gastuak oso altuak baitira, edo bigarrena, Europari ezezkoa eman eta kluba egonkor mantenduta denboraldi honetan ere liga irabazteko borrokatu. Putada handi bat da jokalari zein zaletuentzat, baina buruarekin pentsatuta, hartu duten erabakia guztiz zuzena iruditzen zait.

Eskubaloian ere, futbolean bezala, Asobal Liga deskafeinatu samarra da. Badakigu Bartzelonak irabaziko duela liga eta beste pare bat talde lehiatuko direla bigarren postuagatik.
Xarma galdetzen du, baina talde horiek ez dute kulparik. Bartzelonako eskubaloi taldeak, adibidez, dirua du futbol taldeak ordaintzen duelako; baina behintzat, norbait eskubaloiaren alde egiten ari da. Tristea da aldez aurretik jakitea liga nork irabaziko duen, baina beno, beti dago sorpresetarako aukera. Bestalde, Bartzelona bezalako taldeek munduko jokalaririk onenak erakartzen dituzte, eta guretzako luxu bat da euren aurka jokatu ahal izatea. Aurten, adibidez, ez dugu zorte hori edukiko, eta beraz, aprobetxatu egin behar dira aukerak, ez baitakigu berriz aukera hori izango ote dugun.

Orain eskubaloian egiten ari zaren ibilbidea futbolean egiten ariko bazina, pentsatu duzu zure bizitza zein ezberdina litzatekeen?
Ezberdintasun nagusia dirua litzateke. Lehen mailan futbolean jokatu izan banu, orain dudana baino askoz diru gehiago izango nuke. Eskubaloian lehen mailan dabilenak hilea pasatzeko beste irabazten du, beste edozein lanpostutan beste. Badira jokalari jakin batzuk hilean 5.000-6.000 euro irabazten dituztenak, baina gutxi batzuk dira. Hara, Asobal Ligan gutxieneko soldata 900 euroko da, eta gainera, taldeek ez dute zertan jokalari guztiak soldata horrekin izan beharrik. Hala ere, eta futbolak milioiak mugitu arren, nik nahaigo dut eskubaloian jokatu; ez dut gehiagorik behar.

Euskal Herrian badira herriak eskubaloia estimu handian dutenak.
Bai, horren adibiderik garbiena agian Zarautz da. Nik uste herrian kirolik indartsuena dela eskubaloia; astebururo 800-1.000 lagun batzen dira kiroldegian, eta hori herri batean oso polita da. Gainera, txikitatik harrobia asko lantzen dute, talde asko daude, eta hori txalotzeko jokabidea da.