Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka

Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka 'Anderik Ande' izeneko proiektuak Amerikara joandako euskal herritarren eta Ameriketatik Euskal Herrira garbiketa eta zaintza lanetara etorritako emakume gazteen istorioak jasoko ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-artanok-irabazi-du-tene-mujika-beka/@@download/image/artano urdin.png
2022/01/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Anderik Ande' izeneko proiektuak Amerikara joandako euskal herritarren eta Ameriketatik Euskal Herrira garbiketa eta zaintza lanetara etorritako emakume gazteen istorioak jasoko ditu.
Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka, "Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak" kontatuko dituen Anderik Ande proiektuarekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Artanorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak liburu bihurtuko den lana burutzeko. 

Bi zati izango ditu lanak: lehena, Joandakoez, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu, Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste. Bigarrena, Etorritakoez, gaur egun Latinoameriketatik Euskal Herrira migratu, eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.

Jon Artano Izeta (Zestoa, 1978) kazetaritzan lizentziatua da eta hogei urteko ibilbidea egin du irrati, telebista zein prentsa idatzian. 2016tik 2019ra Latinoamerikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat, eta hango esperientzia baliatuko du, besteak beste, liburu hau idazteko.