Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako telesaila grabatzen ari dira
Jon Arretxe (Basauri, 1963) idazlearen eleberrietan oinarritutako Detective Touré telesaila grabatzen ari dira duela ia bi hilabetetik. Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré, eta bat-bateko detektibe lanetan aritzen da. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexuetan buru-belarri sartzera eramango du Touré: higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak, Nigeriako mafia...
Malcolm Treviño Sitté aktoreak antzezten du Mahamoud Touré, eta beste hainbat aktore ditu inguruan: Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain. David Perez Sañudok eta Carlos Vila Sextak sortu dute gidoia, Flora Gonzalez Villanuevaren laguntzarekin.

Ekaina hasieratik ari dira filmatzen Bilbon eta inguruetako zenbait espaziotan, tartean Arriaga Antzokian eta San Frantzisko auzoan. Iraila erdialdera amaituko da grabazioa.
