Jon Arretxe: “Oso bizimodu anarkikoa dut”

Jon Arretxe: “Oso bizimodu anarkikoa dut” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-arretxe-oso-bizimodu-anarkikoa-dut/@@download/image/27p18-1_1369677110.jpg
2003/02/07
elkarrizketa
Jon Arretxe: “Oso bizimodu anarkikoa dut”
Jon Arretxe idazle eta abenturazale basauritarra aski ezaguna da literaturaren arloan: "Tubabu", "Ostegunak", "Urrezko triangelua"… Hainbat bidaia liburu idatzitakoa, Iran oinarri hartu du bere azken lanean: "Ekialdeko mamuak".

Filologia doktorea, heziketa fisikoan lizentziaduna, piano jolea... Zerbait gehiago ikasteko prest?
Gaur egun, ingeles filologia ikasten ari naiz; ikasten, ez "estudiatzen". Gainera, kontserbatorioan kantu klaseetara joaten naiz. Lanpostu finkorik gabe bizi naizenez, aspertu egiten naiz...

Nola bizi da abenturazale amorratu bat?

Egun bakoitzean bizimodu bat egiten dut, oso anarkikoa naiz. Gauza txiki asko egiten ditut, baita kirola ere. Triatloi talde batean entrenatzen dut.

Diru aldetik, zer moduz moldatzen zara?

Zortea izanez gero, ondo. Nire liburuak saltzen badira, poltsikoa erdi beteta izango dut. Alderantziz bada, hutsik. Bidaiak nik neuk ordaintzen ditut; horregatik, txartel eta ostatu merkeenak hartzen ditut. Ez dut inoiz diru laguntzarik eskatu, horrek konpromiso batzuk betetzera derrigortuko ninduelako. Ez nuke nire bizimodua aldatuko, ezta milioi erdiko soldata baten truke ere.

Zein da zure bizitzaren helmuga?

Une bakoitzean zoriontsu izatea, etorkizunari begira egon barik. Nire ustez, epe laburreko helburuak jarri behar dira, beti.

Txikitan zer izan nahi zenuen?

Egun bakoitzean gauza bat: pilotaria, astronauta, kazetaria… Oso aldakorra izan naiz beti.

Bidaia asko egin dituzu, eta baita parranda asko ere...

Egia da, baina dena da bateragarria: parranda, bidaiak, ikasketak... Gogoratzen dudan parranda gogorrena Markinan egin nuen. Pot eginda amaitu nuen, koñak-a ardoa balitz bezala hartu nuen eta. Harrezkero, ez zaizkit horrelako edari gogorrak gustatzen.

Bidaia kronikak, gazte literatura eta fikziozko eleberriak idatzi dituzu. Zein genero duzu nahiago?

Nahiago dut tartekatu, estilo baten barruan "klitxetuta" ez sentitzeko. Hasieran, bidaia literatur idazle bezala aurkeztu nuen neure burua. Hala ere, hori aldatzearren, umorezko trilogia sortu nuen. Orain, bi esparru horietatik irten nahi dut, eta beste zerbait egin: fikzio hutsa, alegia. Zerbait noiz bururatuko zain nago, presa barik.

Zer eramaten duzu bidaietara?

Normalean, bizikleta. Horrez gain, oso zama arina eraman ohi dut, erosoago mugitzeko: koadernoa eta boligrafoa, bizikleta konpontzeko tresnak, arropa, lumazko lozorroa eta beste ezer gutxi.

Herrialde askotan ibili zara: gaixotasunen bat harrapatuko zenuen, ezta?

Asko. Esaterako, Txinan, egun batean begiak ireki ezinik altxatu nintzen. Pentsa, nolako estuasuna! Izurri bat izan zen, eta jende guztia berdin zegoen. Kontuz ibili behar da, batez ere, urarekin; nik ura garbitzeko pilulak eramaten ditut.

Egin iezaiguzu "Ekialdeko Mamuak" liburuaren laburpena.

Istanbuletik Teheranera egindako bidaia kontatzen dut, leku ezagunetik hasita, hau da Turkiatik, ezezagunera joanda, Iranera. Nire asmoa gure artean nagusi diren mamuak argitzea izan da. Zer bilatzen dudan nire abenturetan? Pertsona arrut baten esperientzia herri xumearekin lotzea.

Bat batean



Beldur une bat. Amazonian jaguarrekin topo egin nuenekoa. Zorionez, ez zidaten ezer egin.
Gorritu zaren momentu bat.Amari gezurra esaten nion bakoitzean; oso gezurti txarra naiz.
Une dibertigarri bat.Amazonian, inauterietan, indioekin dantzan aritu nintzenekoa.
Parranda ostegunean, ostiralean ala larunbatean?Oraindik, ostegunetan. Gazteizko ikasleen gauak mundialak dira.
Pertsonaia bitxi bat.Indonesiako irla isolatu batean ezagutu nuen andre holandar bat; bakarrik bizi zen bere tximinoekin, Europako bizimoduaz nazkatuta.
Euskal liburu bat.“Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian”, Bernardo Atxagarena
Garrantzitsuena.Zoriona, zeure buruarekin gustura sentitzea.