Jon Apezetxea: "Munduko kirolik politena da pilota"

Jon Apezetxea: "Munduko kirolik politena da pilota" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-apezetxea-quotmunduko-kirolik-politena-da-pilotaquot/@@download/image/61p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Jose Mari Palacios 'Ogeta' zenaren atzetik, pilotaren historia modernoan bigarren pilotaririk gazteena da, 17 urterekin profesional gisa ari baita. Apirilean beteko ditu 18 urte. Aries. Goizuetarra. Gidabaimena ateratzen ari da. Inor miresten ez badu ere, Asier eta Haimar Olaizola herrikideak, "begi puntuan" jarriak ei ditu. Oraindik indarra falta duen arren, "pilota gutxi galdu, eta tantoa erraz bukatzen duen" pilotaritzat dauka bere burua.

Arrunt laket dut: Lagunekin hitz egitea, eta lau erregetara musean jokatzea.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Inbidia. Profesional egin naizenetik, tarteka, jarrera hori antzematen dut hurbiltzen zaidan jendearen artean.

Lasaigarri zait: Pilota partida gogor bat jokatu, eta galdu arren, itxura ona eman izana.
Sutan jartzen naute: Jendearen zentzugabeko kritikek.

Gustura irakurri nuen: Bueno! Egunkariak beti gainbegiratzen ditut, baina kirol albisteak soilik.
Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Sekula ez. Ezta garai batean apunteak irakurtzen ere. Profesional egin orduko, ikasketak laga ditut.

Bertutea: Lagunen laguna izatea.
Akatsa: Pazientzia gutxikoa naiz pilotalekutik at; frontoian, aldiz, nahiko lasaia naiz.

Ametsa: Lehen Mailan jokatzen hastea; halere, ez dut presarik, gaztea bainaiz.
Amesgaiztoa: Besoren bat txikitu, eta pilota utzi behar izatea



Barre algara eragiten dit: Irribarre errazekoa naizenez, edozein txistek, baita txarrek ere.
Negargura ez dut urruti:  Sentibera naizenez, telebistan gertaera minberaren bat ikusiz gero.

Urrea: Gurasoei eta anaiari, ikaragarri lagundu baitidate.
Ikatza: Politikari guztiei.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Zorionez, neskalaguna dut duela urtebetez gero; Aintzane izena du.
"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Kalabaza pila ederra jasota nago. Zer uste duzu, neskek pilotarioi besteei baino kasu handiagoa egiten digutela?



"Pilota da eskulturarik onena" (Jorge Oteiza). Munduko kirolik politena da pilota. Eta jendeari eta komunikabideei esker, esku-pilota asko indartzen ari da.
22-1 galtzea. Hori al da egin daitekeen azkeneko gauza? Gogorra izan behar du, baina edonori gerta dakioke. Behin, Martinez Irujok tanto bakarra eginda utzi zuen Haimar Olaizola



Udaberriari zer eskatu diozu? Eguraldi ona, eta pilotan, eginbeharrak ondo egitea.
Zein da alergiarik desatseginena pilotari batentzat? Dudarik gabe, lesio bat izan, eta pilota utzi beharra.