Jon Ander Urrestiren 'Eucalyptus' proiektuak irabazi du Durangoko Azokako Sormen Beka
Jon Ander Urresti sortzaile bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka, Eucalyptus izeneko proiektuarekin. Urrestik azaldu duenez, eukaliptoaren errelatoa kontatuko du antzezlanean: "Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako". Bide eszenikoa erabiliko du horretarako, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi duen poetika batekin. Periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi dituela adierazi du, "euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz", hurbilketa garaikide batekin.
Epaihamaia Oier Guillan aktoreak, Leire Vargas idazleak, Jon Maya dantzariak, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendariak, eta Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzaileak osatu dute. Epaimahaiaren hitzetan, "proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak. Jon Ander Urrestik sortzaile gisa izan dezakeen bilakaeran pausu bat gehiago izan daitekeela iruditu zaigu, ahots eszeniko propio baten bila".
Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, hau da, hurrengo urteko azokara arte.

