Jokoaren hiriburua

Macao da jokoaren munduko hiriburua, hamasei kilometro karratuko azaleran bildutako 33 kasinoek 3.920 milioi dolarreko irabaziak izan baitzituzten iaz, Las Vegasekoek baino zazpi aldiz gehiago. Hong Kong parean kokaturik dago garai batean Portugalen kolonia izandako hiria, eta kafetegiz, lorategiz, elizaz eta Unescok babestutako monumentuz jositako kaleek oasi modukoa osatzen dute etxe orratzen artean. Txinatarrak zori-joko eta apustu zaleak dira, baina herrialde osoan soilik Macaon jokatu dezakete legalki. Horregatik, tontakeriak albo batera utzita, dirua egitera joaten dira bertara; festa giroa ez da ohikoa, bertsio amerikarrean ez bezala.