'Joker': munstroak sortzen dituen gizarte bati buruzko maisulana

'Joker': munstroak sortzen dituen gizarte bati buruzko maisulana 'Joker', superheroi filmaz mozorroturiko ekoizpena den arren, munstroak sortzen dituen gizarte gaixo bati buruzko hausnarketa gordina eta latza iruditu zait, AEBtako sistema ekonomikoari buruzko kritika nabaria eta esplizitua. 'Joker' ez baita superheroien inguruko film bat. Absurdoa da horrela etiketatzea, ez baitu hauekiko ia inolako antzekotasunik, eta hori iruditu zait hain zuzen erakargarritasun handiena. Estreinaldia ostiral honetan (urriak 4) izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joker-munstroak-sortzen-dituen-gizarte-bati-buruzko-maisulana/@@download/image/Joker-150686022-large.jpg
2019/09/30

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

'Joker', superheroi filmaz mozorroturiko ekoizpena den arren, munstroak sortzen dituen gizarte gaixo bati buruzko hausnarketa gordina eta latza iruditu zait, AEBtako sistema ekonomikoari buruzko kritika nabaria eta esplizitua. 'Joker' ez baita superheroien inguruko film bat. Absurdoa da horrela etiketatzea, ez baitu hauekiko ia inolako antzekotasunik, eta hori iruditu zait hain zuzen erakargarritasun handiena. Estreinaldia ostiral honetan (urriak 4) izango da.
'Joker': munstroak sortzen dituen gizarte bati buruzko maisulana

“Ni naiz ala mundua erotzen ari da?” Arthur Fleck-ek filmaren hasieran farfuilatzen duen lehen esaldia da hori. Fleck (Joaquin Phoenix) Gotham izeneko hiri ilun eta etsigarri batean, pailazo modura lan egiten duen tipo bitxi eta gizajo bat bezala aurkezten digute lehen minutuetan. Gaixorik dagoen bere amarekin bizi den arren, zailtasunik handiena, afektibitate-arazo larri baten erruz bizi duen isolamendu sozialari aurre egitea izango da, lan prekario eta osasun mental ahularekin batera. Hazi horretatik, superheroien munduko pertsonaia mitiko eta ezaguna den Joker bihurtzerainoko bidea erakutsiko digu pelikulak.

Baina kontuz, Joker, superheroi filmaz mozorroturiko ekoizpena den arren, munstroak sortzen dituen gizarte gaixo bati buruzko hausnarketa gordina eta latza iruditu zait, AEBtako sistema ekonomikoari buruzko kritika nabaria eta esplizitua. Joker ez baita superheroien inguruko film bat. Absurdoa da horrela etiketatzea, ez baitu hauekiko ia inolako antzekotasunik, eta hori iruditu zait hain zuzen erakargarritasun handiena; ez dago efektu bereziekiko handikeria zantzurik, edota gizagaindiko gaitasunik duen pertsonaiarik, mugan etengabe egon den pertsona baten garapenari buruzko ikuskizun izugarria eta ikaragarria da. Zentzu honetan pelikula transgresorea iruditu zait, urratzailea, brutala, latza. Komikietako pertsonaien egokitzapenek, akziozko filmak baino zerbait gehiagorako balio dezaketenaren eredu bihurtuko dena eta gai oso sakonak, helduak eta konplexuak lantzeko atea zabalik uzten duena.

Ikusle-belaunaldi bat markatuko duten irudi, esaldi eta une ikonikoz josia dagoen pelikula ere bada. Hori gertatzearen errudun nagusia, jakina, Joaquin Phoenix-en interpretazio izugarria, beldurgarria, histerikoa eta histrionikoa da. “Joaquin Phoenix ez baita mundu honetakoa”. Filma ikusten ari nintzen bitartean esaldi hori bueltaka zebilen nire buruan etengabe. Egia da, interpretazio ikaragarriak oparitu dizkigula beti aktore honek, baina behin betiko Joker iruditzen zaidan pertsonaiarekin lortu duena hitzik gabe uzteko modukoa da. Kosta egiten zait hitzen bidez eskaintzen duen interpretazio-espektakulua adieraztea. Kritika osoa bere erakustaldiari buruz idazteko bakarrik erabiliko nuke, baina zorionez filmak baditu maisulana bilakatu izanaren aldeko argudio gehiago.
Argumentuaren ia hari osoa, pertsonaiak berak garraiatzen duen arren, 80ko hamarkadako estetika duen argazki zuzendaritza krepuskular ikusgarri bati esker eta Hildur Guðnadóttir-en -Chernobyl telesailaren konposatzaile berbera- soinu banda itogarriaz lagunduta, filmak irauten dituen 122 minutuak ziztu bizian igarotzen dira. Osagarri guzti horiek lepotik estutzen zaituztela sentitzen duzu lehen segundotik, eta justu itotzeko zorian zaudela amaitu eta askatzen zaitu.


Todd Phillipsen zuzendaritza lana ere aztertzeko modukoa eta bitxia iruditu zait. The Hangover trilogia ezagunaren zuzendariak, Gotham, Taxi Driver filmeko New York koipetsu, zikin eta dekadentea bezala janztea lortu baitu, eta Arthur Fleck, The King of Comedy filmeko Robert De Nirorekin ahaidetzen du zuzenean. Fantasia baltsamiko eta bizipen miserable baten labirintoan zeharo galduta dagoen gizon alienatu baten aurrean jartzen gaitu. De Nirok , Murray Franklyn gorpuztearen erabakia ere ez dut uste kasualitatea izan denik, Scorseseren unibertsoarekin beste lotura bat iruditu baitzait, aipaturiko bi filmak bezala. Filmen erreferentziak aipatzen hasita, Taxi Driver eta The King of Comedy pelikulei, V for Vendetta eta The Clockwork Orangen keinuak ere gehituko nizkioke.


Remake eta superheroi/pertsonaia ergel eta estereotipatuz josia dagoen garai batean bizi garela iruditzen zait, eta gidoi on baten aurretik, efektu bereziak eta eztandak gailentzen direla. Baliteke Joker pelikula amoral bat izatea, baina artearen eremura eramandakoa. Artelan kontsideratzen diren lan ugarik egin bezala, eskertzen dut obra batek eskandalizatzea edota asaldatzea lortzen duenean eta batez ere gure barruan muturreko emozioak pizten dituenean. Askok, kritikatu eta erasotu egingo dute eta gizartearen aurka doan film bat bezala etiketatuko dute, niri bost. Munstroak sortzen dituen gizarte gaixo bati buruzko hausnarketa gordina iruditu baitzait, superheroi filmaz mozorroturiko maisulana.

Polemika

Polemika ere piztu du film honek, batzuen ustez, biolentziaren aldeko oda moduko bat jaurtitzen duelako. Philipsen gidoiak, pertsonaia honen sorrerari buruz dihardu, eta gaizkilea humanizatzearen ideia arriskutsuarekin jokatzen duela argi dago. Pertsona Jokerraren aurretik. Mendeku gosea duen marjinatua.  Arthur Fleck gizartearen aurrean aurkezten du, langile-klaseko pailazo moduan eta desoreka mental bitxi bat duen gizajo bat bezala azken finean. Arthur, Gothamen bizi da, bere amarekin batera, eta bere ametsa humoregile izatea besterik ez da, late night propio bat izatearekin batera.

Baina Philipesek sortu duen Gotham hau, ez dago arazo mentalak dituen tipo batez arduratzeko egina, bertako biztanleei txiste nazkagarriak bakarrik gustatzen baitzaizkie eta ez besteen arazoez arduratzea. Zuzendariak eta aktoreak, ikusleak, pertsonaiarekin bat egitea lortzen dute erruaren bitartez. Arthur deserosoa eta aztoragarria da, baina Phoenixek berak Veneziako Zinema Jaialdiko aurkezpenean esan zuen bezala, “hasieran pertsonaiaren borroka bakarra, maitasuna eta berotasuna bilatzea besterik ez da”. Zentzu honetan gaizkilearekin konekta dezagun lortzen dute, eta hor sortu da hasieran aipatu dudan polemika hori. Baina aizue, hau fikzioa dela gogoaraztea ez dago gaizki, eta anti-heroiak aspalditik daudela pantailan. Breaking Bad telesaileko Walter White eta Heinsenberg pertsonaiarekin berdina gertatu zela iruditzen zait adibidez. Egia da ikuslearengan   enpatia maila sakon bat lortzen dutela horrelako pertsonaiak sortzean, baina nik badakit egiten duten hori gaizki dagoela eta ez naiz beraiekin inondik inora identifikatzen. Fikzioa, berriro errepikatuko dut.

Ez dezagun ahaztu Joker, azken urteetako ariketa zinematografiko ilunenetarikoa dela, eta hor sortu dira arazoak AEBtan hain zuzen. Bai, Joker, biolentoa da. Oso. Baina horrek gizartean ispilu efektu bat sortu dezakeen ala ez, pintzekin hartu beharreko beste eztabaida aspergarri bat iruditzen zait. Zaharkitua dagoena eta bideo-jokoekin gertatzen den bezala fundamenturik gabekoa nire ustez.

Joker, V for Vendettaren moduko justizia soziala eta aberatsak suntsitzearen sinesmena duen masa txiro bat barregarri uztearen arteko gorabeheran aritzen da. Sentimenduen talka hori da hain zuzen ikuslea gehien kutsatzen eta erakartzen duena nire ustez; Waynedarrak gorrotatu ditzakegu -gaizkilearen pelikula honetako gaizkileak nire ustez- baina aldi berean, baita hauen aurkako protesta baketsuak, bataila-eremu bilakatzen dituztenak ere.

 

Amaitu aurretik azken oharra: ikus-entzunezkoak, beti, jatorrizko hizkuntza ikustearen aldekoa naiz eta horren aldeko diskurtso aspergarriak jaurtitzen ditu beti, baina pelikula honekin are gehiago. Filma bera baino are beldurgarriagoa iruditzen baitzait, Phoenix-en erakustaldia bikoiztua ikustea. Ezta okurritu ere ez, mesedez!