John Sayles, zinezko independentea

John Sayles, zinezko independentea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/john-sayles-zinezko-independentea/@@download/image/80p66Sayles.jpg
2007/12/07
erreportajea
Gontzal Agote
John Sayles, zinezko independentea


Ez du beste kultu zuzendari batzuen ukitu underground hori -Jim Jarmusch, esate baterako-, baina estudio sistema itogarritik kanpora lan koherente eta pertsonala egiten jakin izan du. Eta, dudarik gabe, bera da AEBek azken urteotan emandako zinemagilerik –independentea ala morroia izan- onenetakoa.

1950. urtean New York estatuan jaioa, John Saylesen biografiak bere lanetan oinarritua dirudi. Hortaz, ez da harritzekoa gaztetako esperientzia asko zinemarako jaso izana. Han eta hemen ibili zen Sayles gaztea, eta herrialde zabal horren ifrentzua ezagutu zuen: lan zikinak, estuasun ekonomikoak, bazterketa soziala… Baina baita beste aldea ere: komunitateen aberastasuna, pertsonen arteko elkartasuna, gauza txikien balioa… Hori guztia egundoko ikasgaia izan zen, gerora transmititzen jakin duen ondarea.

Ezer baino lehen, idazlea da John Sayles: zinemagintzan murgildu aurretik hainbat narrazio bilduma eta eleberri argitaratu zituen. Zeregin horren bitartez sartu zen zinema munduan, eta 70eko hamarkada amaieran gidoiak idazten hasi zen. Enkarguz idatzitako lanen artean ezagunena, Piranha (Joe Dante, 1978).

Hollywoodetik kanpora

Ofizioa ikasita eta sos batzuk eskuratuta, John Saylesek filmak egitea erabaki zuen. Return of the secaucus seven izan zen lehena, 1980. urtean. Aspaldiko partez elkartuko den lagun talde baten inguruko istorioa da, oso baliabide gutxirekin egina. Hala ere, filmak kritika onak izan zituen, eta horri esker, hurrengo proiektuari ekin ahal zion.

Oso bestelakoa izan zen Lianna. Bertan, ezkondutako emakume baten istorioa kontatu zuen: beste emakume batekin harreman bat hasi eta ordura arteko mundua hankaz gora jarriko du. Sentsibilitate handiz filmatuta, lan harekin argi gelditu zen Sayles ez zela zuzendari otzana izanen.

Izan ere, urte berean estudio handi batekin saiatu zen lan egiten, Baby, its you filmean. Baina tirabirak etengabekoak izan ziren, estudioak nahi adina moztu zuen eta ez zuen batere ahaleginik egin lana behar bezala banatzeko. Hor amaitu zen Saylesen eta Hollywooden arteko harremana.

80ko hamarkadan sendotze urteak izan ziren. Saylesek beste batzuentzat lan egin zuen, gidoilari gisa, eta lortutako diruaz gero eta film interesagarriagoak egin zituen: Matewan, Eight men out… Ondorengo hamarkadan zorioneko heldutasunera iritsi zen bere zinemagintza: Passion fish (Oscarretarako bi hautagaitza eskuratu zituen), Lone star, Men with guns… Eta XXI. mendeko filmek ere garbi utzi dute berriro Saylesen konpromiso sozial eta politikoa: Casa de los babys edo Silver city, esaterako. Bereziki azken horretan, George Bushen kontrako eraso zuzena eta ironiaz betea baita.

AEBen ifrentzua

Urte hauetan guztietan bere lanek berezko ezaugarriak izan dituzte: Sayles estilo paregabea. Film koralak, zorrotzak eta heroirik gabekoak dira. Bere filmografiak AEB ezezagunenetara ailegatzeko balio du: Chicagotik Alabamara, Louisianatik Texasera. Ez soilik geografikoki, AEBetako totem nagusien bitartez (kirola, musika, politika, langile sarea…) bere herrialdea ulertu eta ulertarazi nahi du eta. Alde horretatik, Clint Eastwood eta Robert Altmanengandik gertu dago. Lehena baino subertsiboagoa da, eta bigarrena baino serioagoa.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen azken lana, Honeydripper, hemendik gutxira iritsiko da gure pantailetara  -handira edo etxekoetara-. Rock and rollaren sorkuntza aitzakia hartuta, Saylesek afroamerikarren komunitateari luzatu nahi izan dio begirada: bazterkeria, arrazakeria, musikarekiko harreman berezia….

Gainera, film honekin, beste urrats bat eman du Saylesek. Alderdi tekniko guztiak ezezik, banaketa ere bere gain hartu du-eta, haren ustez modu bakarra baita egindako lana behar bezala zabaltzeko eta banatzaileen galbahea saihesteko. Zinemagile handi honen beste lezio bat. Independentzia ez baita hitzez irabazten, ekintzez baizik.

Filmografia hautatua



•Return of the seacaucus seven (1979)
Lianna (1982)
Matewan (1987)
Eight men out (1988)
City of hope (1991)
Passion fish (1992)
Lone star (1996)
Men with guns (1997)
Limbo (1999)
Sunshine state (2002)
Casa de los babys (2003)
Silver city (2004)
Honey dripper (2007)