Joan Mari Torrealdai omenduko dute uztailaren 30ean Andoainen

Joan Mari Torrealdai omenduko dute uztailaren 30ean Andoainen Iaz hil zen Torreldai eta haren ekarpena aztertzeko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia egingo dituzte datorren ostiralean Martin Ugalde kultur parkean. Aurrez eman beharko da izena jardunaldian parte hartzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joan-mari-torrealdai-omenduko-dute-uztailaren-30ean-andoainen/@@download/image/torrealdai berria.jpg
2021/07/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Jon Urbe/ Foku

Iaz hil zen Torreldai eta haren ekarpena aztertzeko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia egingo dituzte datorren ostiralean Martin Ugalde kultur parkean. Aurrez eman beharko da izena jardunaldian parte hartzeko.
Joan Mari Torrealdai omenduko dute uztailaren 30ean Andoainen

Joan Mari Torrealdai idazle, ikertzaile eta euskaltzaina iazko uztailaren 31n hil zen eta urtebete geroago, osasun egoerak hala behartuta, haren omenezko jardunaldia eta ekitaldia antolatu dituzte. Datorren ostiralean, hilak 30, elkartuko dira Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 

Goizean, 10:00etatik 13:00etara, Torrealdaik hainbat alorretan egindako ekarpena izango dute hizpide jardunaldian. David Anaut euskara eta euskalgintzako jardunaz arituko da, Xabier Eizagirre liburugintzaren ikerketaz, Lourdes Otaegi liburuen zentsuraz eta Imanol Murua kazetaritzaz. Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute jakin@jakin.eus helbidera idatziz edo 943 21 80 92 telefonora deituz.

Arratsaldean omenaldi ekitaldia izango da 17:30etik aurrera kultur parkearen erdialdeko zelaian. Musika, hitzak eta bertsoak tartekatuko dituzte ekitaldian. Jakin taldeko Paulo Agirrebaltzategik, Jakineko zuzendari Lorea Agirrek, Mikel Arrizabalaga lagunak eta Garazi Torrealdai alabak hitz egingo dute. Bertsotan Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira eta musikariak, berriz, Mikel Urdangarin, Manex Torrealdai eta Kattalin Zubizarreta izango dira. 

Azken urtean aitortza gehiago ere jaso izan ditu Torreldaik. Abuztuan omenaldia egin zioten Foruan, bere jaioterrian. Hainbat komunikabidek gehigarri bereziak ere eskaini dizkiote, hala nola Berria egunkariak eta Jakin aldizkariak