Joan Mari Torrealdai beka sortu dute kultur ikerketa eta egitasmoentzat
Usurbilgo Udalak eta Jakinek Joan Mari Torrealdai Beka jarri dute abian, kultur ikerketa eta egitasmoak sustatzeko, horiek izan baitira Torrealdaik jorratu izan dituen esparru nagusiak. Lehen beka deialdiaren gaia Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean izango da. "Joan Mari Torrealdaik bere obran zehar kultura garaikidearen inguruan egin izan zuen gogoetaren izpiritua ekarri nahi da: garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu. Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden zer eztabaidetatik, zer esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo alderantziz, nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?", azaldu dute antolatzaileek.
Galdera eta gogoeta horiei heltzeko, euskarazko edozein kultur adierazpide erabili ahal izango da: eduki digitalen sorkuntza, arte plastikoak, literatura, zinemagintza, bertsolaritza, liburugintza… Era berean, hurbilpena ere irekia izango da: iker litezke, adibidez, sortzaileen nahiz hartzaileen jarrerak, sektoreen eta esparruen antolaketa moduak, arloetan dauden eztabaidak edo beste edozein ertz. Azken batean, egoeraren irakurketak egitea izango da helburua, etorkizunerako irakaspenei eta bideei buruz gogoeta egiteko.
Lana euskarazkoa izan beharko da eta emaitza dibulgazioari begirakoa izango denez, garrantzi berezia emango zaio lana gizarteratzeko egokitzeari.
Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke parte-hartzaileak. Eskatzailearen datuak eta ikerketa-proiektua emailez bidali beharko dira jmtbeka@jakin.eus helbidera. Eskakizunak bidaltzeko azken eguna 2022ko urriaren 24a izango da. Oinarriak hemen kontsulta daitezke osorik.
Epaimahaiak erabakitako irabazleak 14.000 euro jasoko ditu eta urte eta erdiko epea izango du emaitza aurkezteko. Bi urtean behin egingo dute deialdia; lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko.

