Jim Thompson: Hiltzailea erraietan

Jim Thompson: Hiltzailea erraietan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jim Thompson: Hiltzailea erraietan
Jim Thompson Anadarko izeneko herri txiki batean jaio zen, AEBetako Oklahoma estatuan. Bere aita Caddo-ko konderriko sheriffa izan zen, eta Big Jim goitizenez ezaguna zen inguru osoan. Diru publikoa legez kanpo xahutzeagatik, Big Jim sheriff ustelak eta bere seme-alabek Mexikora alde egin behar izan zuten, eta hor hasi zen Jim gaztearen bizitza markatu zuen abentura. Aita jokozale eta emakumezalearen istorioa "Bad boy" (1952) liburu autobiografikoan deskribatu zuen. Aitaren suizidioa, aldiz, "Now and hearth" (1942) nobelan irakur daiteke; garai bateko Big Jim suizidatu egin baitzen, semearen oroimenean betirako arrastoa utzita.
Alkoholaren itzala
Baina aitarekin baino, aitonarekin ikasi zituen Jim-ek ikasi beharrekoak. Hark ezagutarazi zizkion literatura obra klasikoak. Hark ohituarazi zuen egunero gosariak alkoholaz bustitzen. Hain zuzen, horixe izan zen bizitza osoan gainetik kendu ezin izan zuen itzaletako bat: edaria. "The alcoholics" (1953) eta beste hainbat nobelatan, aurrez aurre ageri da alkoholaren infernu hori.
Hamaika lanetan aritua, legez kanpo bizi den gizartea aurrez aurre ezagutua, Jim Thompsonen biografia harrigarria da. Kamioilaria izan zen, kazetaria, petrolio putzuetako langilea, hotel bateko mandatu mutila… 1931n Alberta izeneko telefonista batekin ezkondu zen arte, gau giroak berekin dakartzan alderdi guztiak dastatu zituen. Ezkondutakoan, baina, lasaitu egin zen eta hiru seme alaba izan zituen.
Inork gutxik eman dio Jim Thompson-ena bezalako begirada ezkorra AEBetako gizarteari. Inork gutxik marraztu ditu halako pertsonaia patetikoak, ankerrak, zinikoak… Gizarte ustelean gora egin nahi luketen pertsonaia horiek zentabo batzuen truke saltzen ziren nobela edizio merkeetako protagonistak ziren. Horrexegatik, bere garaian, handiuste askok "merketzat" jo zuten Thompson.
Oker zeuden. Nobela beltzean, bera izan zen handiena: Igela argitaletxeak euskarara itzulitako "1280 arima" sekula ahazten ez den nobela horietako bat da, eta istorio horretako protagonista, Nick Corey sheriff psikopata, literaturaren istorioak inoiz emandako pertsonaia harrigarrienetako bat da.
Zinemarako zenbait gidoi egin ondoren (Stanley Kubrick eta Sam Peckinpah zuzendarientzat, besteak beste), Jim Thompson Hollywood-en hil zen 1977an. Punk mugimendua jaio zen urtean. "The killer inside me" (1952) apartaren egilea horixe izan baitzen: punk hutsa.