Jesusi Etxebarria arrasatearra, punkaren izaera transmititu zuen irakaslea

Jesusi Etxebarriak musika akademia izan zuen Arrasaten berrogeita hamabost bat urtez, eta bertatik pasa ziren herriko gazte ugari. Hark musika giroari egindako ekarpenaren testigantzak, Etxebarriaren adierazpenak, haren ibilbidea eta izaera, eta besteengan utzitako arrasto eta irakaspenak biltzen ditu Perlata Kuirtaldeak sortutako Punkaren beste aldea dokumentalak.
Aitak eta izebak transmititu zioten umetatik musikarekiko maitasuna eta ezagutza. Pianoa eta gitarra klasikoa jotzen ikasi zuen Etxebarriak. Bere asmoa irakasle izatea ez bazen ere, ezagun batek ilobari irakasteko eskatu eta pixkanaka hazten hasi zen ikasle kopurua.
Dokumentalean ikusten den moduan, garai eta adin ezberdinetako ikasleak izan zituen Etxebarriak eta musikaren bitartez haiekin loturak sortzen jakin izan zuen. Solfeoa gaztetxoentzat aspergarria zela eta, ezagutzen zuen beste metodo baten bidez irakatsi zien, zenbakiak erabilita.
Eskolak gaztetxoen gogoko izan zitezen saiatzen zen, haiek maite zituzten kantuak jotzen irakatsiz. Hori zela eta, ikasleen eskaerei erantzuteko asmoz, 50 urterekin gitarra elektrikoa jotzen ikasteari ekin zion eta ondoren baxuari heldu zion. Autobusa hartu eta Donostiara joaten zen horretarako.
Eskorbuto eta halako punk taldeen kantuak entzun eta partiturak ateratzen zituen, ikasleei irakasteko. Ikasle horietako askok musika taldeak sortu izan dituzte gerora. 70 urterekin jubilatu zen, gogoz kontra, berak beste bost urtez ere jarraituko zukeelako, baina adin horrekin gitarra elektrikoa jotzen jarraitzea ez zitzaion aproposa iruditzen nonbait.
Etxebarriak bere bizimoduan ere izan du punk izaera, gauzak bere modura egiteko hautua egin baitu, gizarteak ezarritakoari ez, baizik eta bere pasioari, jakin-minari eta ausardiari jarraiki. Bere bideari heldu dio beti, benetakotasunez.
Jaione Martinez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleagak egindako dokumentalak epaimahaiaren eta publikoaren saria irabazi zuen iazko Dock of the Bay jaialdian.
30 minutuko iraupena du filmak eta Primeran plataforman ikus daiteke.