Jennifer Lawrence: Izar goiztiarra

Jennifer Lawrence: Izar goiztiarra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jennifer-lawrence-izar-goiztiarra/@@download/image/jennifer_lawren_1365155196.jpg
2013/04/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
"Inoiz ez dugu ikusi hotzean egindako irakurketa hoberik". Horiexek New Yorken hamalau urterekin oporretan zela Jennifer Lawrenci proba baterako gonbita egin zioten agenteen hitzak.

Bertan geratzeko gomendioak ez zitzaizkion falta izan, baina neskatxak ez zuen Disney Channeleko izar goiztiar bihurtzeko asmorik. Eskolara bueltatu zen, eta ikaskideen aldetik mespretxuak sufritzen jarraitu behar izan zuen arren, lau urtetan burutu ohi diren High School ikasketak bi urtetan egin zituen, goi-mailako interpretazio klaseak lehenbailehen hasteko.

Ekoizpen independenteetan lekua egiten hasi zen pixkanaka eta, 2010ean, Winter's Bone filmean protagonista izan zen. Urteko film indiea izan zen, sari entzutetsuenetan superprodukzioen parean lehiatu zena, eta noski, arrazoi nagusia Lawrencen lan izugarria izaki, aktore onenaren Oscar sarira inoiz izendatutako hirugarren aktorerik gazteena bilakatu zen 20 urterekin. Marvel etxeak fitxatu zuen orduan superheroi mutanteen frankizia biziberrituko zuen X-Men: First Class estilizaturako. Mystique mutante urdinaren azalean Michael Fassbenderrek gorpuztutako Magneto gaztea liluratu zuen.

Arinegi blockbuster bat protagonizatzeko? Agian. Baina, berak esan bezala, beste edozein lanetan promozionatzea eskaintzen dizutenean ez duzu pentsatzen "goizegi da, hementxe geratuko naiz denboraldi batean. Lanpostua onartzen duzu!". Hala, Suzanne Collins idazlearen The Hunger Games eleberri arrakastatsuko borrokalari Katniss Everdeen izan zen iaz, eta kasu hauetan zailena dena lortu zuen: ikusleen oniritziaz gain, kritikaririk zorrotzenek ere egindako lana goraipatzea, zinezale puristenak ere filmera erakarriz.

Baina momentuko aktorerik kotizatuena izatera eraman duen filma Silver Linings Playbook izan da. Bradley Cooperren laguntzarekin, gizarteak alboratzen duen jendearen duintasuna Kodak antzokiko taula gainera eraman zuen iragan otsailean Lawrencek. 22 urterekin aktore onenaren Oscarra irabazi duen bigarren emakumerik gazteena. Eta halako bi irabazten dituen gazteena izango da, laster.

Nortasun Agiria


Izena: Jennifer Shrader Lawrence
Jaioteguna: 1990-08-15
Jaiolekua: Kentucky (AEB)
Ezizena: JLaw
Aktore kuttuna: Jeff Bridges
Film maiteena: The Big Lebowski (Joel Coen, 1988)
Liburu gustukoena: Harry Potter saga
Maite du: Surfa egitea
Gorroto du: Twitter