Jeloskortasunaren atzaparrak

Jeloskortasunaren atzaparrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jeloskortasunaren-atzaparrak/@@download/image/47na.jpg
2004/12/03
erreportajea
Jeloskortasunaren atzaparrak
Batzuetan, mutil edo neska laguna beste pertsona bati musu ematen ikusi eta sutu egiten gara. Jeloskor gauden seinale. Zergatik gara jeloskorrak?

Hamaika liburuk eta filmek hitz egin digute jeloskortasunaz. Gai klasikoa da, eta gaurkotasuna du beti, pertsonen artean ohiko sentimendu edo emozioa delako. Nork ez du inoiz sentitu bihotzean halako ziztada, maite duen pertsonak beste batekin 'zerbait' duela susmatutakoan?

Diotenez, badira jeloskorrak ez diren pertsonak. Baina gehienak jeloskorrak gara, eta sentimendu honek mendean hartzen gaituenean, susmo txarrek gure burua mailukatzen dute, nahiz eta askotan susmoak, susmo huts besterik ez izan.

Normala al da? "Normala da, neurri batean. Hala ere, norbaitek bikotekidea jarraitzen duenean, bestearen telefono deiak kontrolatzen dituenean… Hori patologikoa da, gaixotasuna", dio Ainhoa Dura EHUko sexu aholkularitza bulegoko psikologoak.

Ez da atsegina

Muturreko kasuetara jo gabe ere, jeloskortasuna ez da sentimendu atsegina: "Pertsona jeloskorrak gaizki pasatzen du. Nik inbidiarekin alderatuko nuke. Batzuek inbidia sanoaz hitz egiten dute, baina nik ez dut uste inbidia sanoa izan daitekeenik", esan digu Ainhoa Dura donostiarrak.

Eta jeloskortasuna maitasuna al da? San Agustin zenaren ustez, jeloskor sentitzen ez denak ez du benetan maite. Beste batzuek ere antzeko iritzia dute: zenbat eta jeloskorrago egon, orduan eta gehiago maitatzen omen dugu. "Hori pentsatzea okerra da. Jeloskortasunak ez du maitasunaren seinale". Oso bestelako sentimenduak daude jeloskortasunaren atzean: bakarrik geratzeko beldurra, jabetasun sentimendua, segurtasun falta… "Bere buruarengan konfiantza duena ez da jeloskorra", esan du Ainhoak.

Jaiotzatik?

Pertsonak jeloskor jaiotzen direla esan ohi dute batzuek. Beste zenbaiten ustez, ordea, ikasitako portaera da. Azken boladan, aldaketak izan dira harremanen itsaso zabalean; askatasun handiagoa omen dago. Hortaz, jeloskortasun jokaerak ere apaldu egin direla pentsa liteke. Eraginik izan al dute aldaketa horiek jeloskortasuna ulertzeko moduan?. "Garai batean bezain jeloskorrak izaten jarraitzen dugu. Askatasun handiagoa ematen diogu bikotekideari, baina bikotekidea ez galtzeko onartzen da hori", dio Ainhoak. Tira: gure guraso eta aiton-amonen antzekoak gara. Hori bai, zergatik ez saiatu istorio mingarri gehiagorik ez sortzen? Horrelakoak, utz ditzagun literatura eta zinemarako... 

Kontuz irudimenarekin



· Benetako gertaerak eta zure irudimenak sortutakoak bereiztu behar dituzu.

· Malgua izan behar duzu bikotekidearekin. Egun osoa non dabilen galdezka ematen baduzu...

· Aholkua eskatu, eta entzun ezazu lagunek esandakoa. Gauzak beste era batera ikusten dira kanpotik begiratuta.

· Azter itzazu zintzotasunez zure sentimenduak, beldurtzen zaituenaz ohartzeko.

· Ez ahaztu: inork ez du errurik. Zu zara sentitzen duzunaren arduraduna, eta zu zara jarrera alda dezakeen pertsona bakarra.

Jeloskortasunaz esandakoak



· “Jeloskorra ez da jeloskor ikusten duen gauza horren eraginez; irudikatzen duenarekin nahikoa du”. Jacinto Benavente (idazlea).

· “Jeloskorrak gehiago maite du, baina ez da ondoen maitatzen duena”. Jean Baptiste Moliere (antzerkigilea).

· “Espirituko gaixotasunen artean, jeloskortasunak du elikagai gehien eta erremedio gutxien”. Michel Montaigne (filosofoa).

· “Maitasuna gogorra da, heriotza bezala; jeloskortasuna ankerra da, hilobia bezala”. Salomon erregea. 

Eta ezagunek zer diote?



Zenbait famaturi jeloskorrak ote diren galdetu diegu. Euren neska edo mutila beste norbaitekin joango balitz, zer?

Amets Arzallus (bertsolaria)
Pixka bat jeloskorra banaiz, denak bezala. Ez dakit fideltasun faltak eraginda bikotekidea utziko nukeen; hori kasuaren arabera erabaki behar da.

Martxelo Sotes (telebista aurkezlea)
Jeloskortasuna ez da nire akats handiena. Bestalde, nire bikotekidea beste norbaitekin joango balitz, ez dut uste utziko nukeenik. Baina, ezer esan aurretik, gertatutakoa aztertu egingo nuke.

Ane Zabala (irrati esataria)
Ez dut uste jeloskorra naizenik. Horrelako kasuren batean bikotekidea utziko nukeen? Ez dut uste. Norekin joan den eta nola izan den ikusiko nuke lehendabizi.