"Jeiki, jeiki!" erakusketa zabaldu dute Tolosan

"Jeiki, jeiki!" erakusketa zabaldu dute Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jeiki-jeiki-erakusketa-zabaldu-dute-tolosan/@@download/image/2011121558jeiki_jeiki.jpg
2012/12/13
berria
"Jeiki, jeiki!" erakusketa zabaldu dute Tolosan
Lehengo eta oraingo Tolosako Iñauterietan ateratako 2.000 argazki baino gehiago eta herritarren testigantzak bildu dituzte Aranburu Jauregian. Martxoaren 18ra arte izango da ikusgai.

Tolosarrek beraiek aitortzen dute ezinezkoa dela Iñauteriek herritarrengan sortzen duten "ilusioa eta zirrara" guztiz eta erabateko zintzotasunez jasotzea. Hala ere, Udalak ahalegina egin du, eta sentimendu horietaranzko hurbilketa bat proposatzen digu: urtarrilaren 21etik martxoaren 18ra bitarte, Jeiki, jeiki! erakusketa bisita daiteke Tolosako Aranburu Jauregian.

Guztira 2.000 argazki baino gehiago daude ikusgai, eta proiekzio desberdinak osatu dituzte hauekin. Batzuk zaharrak dira, beste batzuk berriak, zuri-beltzekoak, koloretan, erretratuak nahiz orokorrak… Izan ere, denak dira baliagarriak iraganeko eta gaur egungo Tolosako Iñauteriak irudikatzeko.

Herritarren partehartzea ezinbestekoa izan da, familiek eta lagun-koadrilek borondatez entregatutako argazkietatik abiatuta eratu baitute bilduma. Nestor Ardanaz argazkilari tolosarra arduratu da koordinazioaz, irudien hautaketaz eta beharrezko tratamendua egiteaz. Proiektuaren sustatzaileek herritarrengandik jaso dituzten argazki guzti-guztiak ez dira heldu erakusketara, baina Udal Artxiboan gorde dituzte eta, beraz, Jeiki, Jeiki! proiektuaren aitzakiarekin artxibo fotografikoa aberastu dute erruz.

Horretaz gain, Iñauteriei buruz hainbat tolosarri –adin guztietakoak– eginiko elkarrizketetatik habiatuta ikus-entzunezkoak prestatu dituzte haien testigantza bisitari guztiei helarazteko.

Bestalde, Tolosa & Co merkatarien elkarteak ere kolaboratuko du ekimen honekin, herriko hainbat erakusleihotan ere argazkiak aurkeztuko dituzte eta.