JAZZALDIAN ARITUKO DIREN TOKIKO TALDEAK HAUTATZEKO KONTZERTUAK GAURTIK AURRERA

Donostiako 57. Jazzaldia uztailaren 21etik 25era izango da, eta bertan joko duten tokiko hamar taldeak hautatzeko kontzertuak hasiko dira gaur. Jendaurreko 15 emanaldi izango dira guztira martxora bitarte. Helburua musikaren eta arte eszenikoen arloetan talentu gipuzkoar gazteak bultzatzea da, eta aldi berean, Gipuzkoako eszena dinamizatzea, klubei zein antolatzaileei laguntza emanez.
Aurten aurkeztu diren 41 proposamenetatik, eta taldeek ekarritako grabazioetan oinarrituta, Jazzaldiaren antolakuntzak 15 banda hautatu ditu Donostian zuzenean jotzeko hiru hilabeteotan . Zuzeneko emanaldi horien ondoren, antolakuntzak, taldearen kalitate artistikoa eta ikus-entzuleen erreakzioa aintzat harturik, 57. Jazzaldiaren egitarauan sartuko diren 10 taldeak hautatuko ditu.
Gaur Gregario de Luxe taldearen kontzertua izango da Victoria Eugenia Clubean, 19:30ean. Gainerako emanaldiak hauek izango dira: Arnela urtarrilaren 27an, K-free otsailaren 1ean, Herman Family Singers otsailaren 3an, ĒTHĘR ensemble otsailaren 22an, Eva Alcaide Quintet otsailaren 24an, Swingin’ Bayonne Trio otsailaren 27an, HiruKote martxoaren 1ean, Senfina Truo martxoaren 3an, Aldapeko Basque Latin Jazz martxoaren 10ean, Trío Zemí martxoaren 17an, Horda martxoaren 21ean, Caligrama martxoaren 29an, Carla Sevilla 5tet martxoaren 31n, eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola Big Band data zehazteke.
Emanaldiak Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean eta Victoria Eugenia Club aretoan izango dira, 19:00etan edo 19:30ean hasita. Kutxa Kultur Klubaren kasuan, sarrerak webgunean daude eskuragarri, hiru euroan aldez aurretik erosita eta bost euroan leihatilan. Victoria Eugenia Clubean, aldiz, doako sarrera izango da, edukiera osatu arte, eta gonbidapena kontzertuaren egun berean eskuratu beharko da, 17:00etatik aurrera, antzokiko leihatiletan.