Jazzaldia 2020: Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez musikariek saria jasoko dute
Aurtengo Jazzaldia ezohikoa izango da zinez, baina ospatuko da hilaren 22tik 26ra.

Ez hori bakarrik, Donostiako 55. Jazzaldiak Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez musikariak sarituko ditu. Izan ere, antolakuntzaren esanetan hirurak “kontinenteko jazz musikari gailenen artean daude”.
Urtero jazz munduko musikariei aitortza egiten die jaialdiak sari baten bidez eta aurten ere horrela jarraitu nahi izan du. Saria jaso dutenen artean daude Keith Jarrett, John Zorn, Herbie Hancock eta Clack Terry, besteak beste. Ezohikoa izango bada ere aurtengo edizioa, tradizio horri ez diote uko egin nahi izan antolatzaileek.
Izan ere, Iñaki Salvador piano jotzailea nazioartean proiekzio handienetakoa duen euskal musikarietako bat da. Zinema, telebista zein antzerkirako soinu bandak sortu ditu eta baita hainbat disko argitaratu ere bere izenean zein besteekin lankidetzan, horien artean agertzen da Mikel Laboa handia, baina zerrenda zinez da luzea.
Jorge Pardo berriz flauta eta saxofoi jotzaile bikaina da jaialdiaren arabera. Besteak beste, honako musikari hauekin lan egin izan du: Chick Corea, Paco de Lucia, Wagner Tiso, Camaron, Tete Montoliu, Alex Acuña, Gil Goldstein, Peter Erskine, Chano Dominguez, Javier Colina,…
Azkenik, Chano Dominguez piano jotzailea dugu. Sari ugari eta nazioarteko aitorpena jaso dituela azaldu dute antolatzaileek. Besteak beste, Enrique Morente, Paco de Lucía eta Martirio, Herbie Hancock, Jack DeJohnette, Wynton Marsalis eta Stefano Bollani artistekin lan egin izan du.
Musika bermatua
Horrez gain, xumeagoa izango bada ere aurtengo Jazzaldia azpiegitura aldetik, artisten maila ez da inondik inora jaitsi, nazioarteko eta bertako sortzaile bikainekin sekulako zerrenda osatuz. Bihartik aurrera beraz honako musikari hauek entzun ahal izango dira oholtza gainean: Sílvia Pérez Cruz & Marco Mezquida, Chano Domínguez Trio, Mariza Canta a Amália, Joachim Kühn, Benaven Di Geraldo, Perico Sambeat, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Raül Refree, Bojan Z, Salvador Sobral, Mikel Azpiroz, Joseba Irazoki eta lagunak, Idoia Asurmendi, Indian Feathers, Sara Zozaya.... musikaz gozatzeko aukera paregabea!