JazpanArt!, rural postmodernoa ikusgai

JazpanArt!, rural postmodernoa ikusgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jazpanart-rural-postmodernoa-ikusgai/@@download/image/jazpanart_1375774660.jpg
2013/08/06
berria
Urriaren 25 eta 26an egingo dute JazpanaFest jaialdiaren bosgarren edizioa, eta beste behin ere, rural postomodernoak hartuko du Beasaingo herria. Jaialdiaren baitako JazpanArt! erakusketak, aldiz, bigarren edizioa izango du, eta lanak bidaltzeko epea zabaldu dute.


Izpiritu herrikoi eta postomodernoa batzen dituen jaialdiak, JazpanaFest-ek, euskal musika talde indartsuak gonbidatzen ditu urtero Beasainera, antolatzaileak ere ongi definitzeko gai ez diren joera musikal eta eszeniko horri lekua egitera. Iazkoan, esaterako, Belako, Mutürbeltz, Bigott, Lisabö, Wilhelm and The Dancing Animals eta Sumision City Blues bezalako taldeak izan ziren protagonista, eta skate lehiaketa, saskibaloi txapelketa eta argazki rally ere antolatu zituzten.

Baina laugarren edizio hartako berritasun nagusia JazpanArt! erakusketa izan zen. Herrian dagoen XV. mendeko Igartza Jauregia, rural postmodern izpirituaren erakusle behinena, areto bilakatu eta deialdi ireki baten bidez bildutako obrak ikusgai jarri zituzten bertan urriaren 21etik 26ra.

Aurtengoan, beraz, bigarren edizio martxan jarri dute antolatzaileek. Ideiekin jolastera eta sorkuntza lantzera bultzatu nahi dituzte beste behin ere parte hartzaileak, beste inon topatu ezinezko obrak sortzera, ohikoa ez den hizkuntza bat erabili eta rural postmodern terminoak iradokitzen dien hori egikaritzera.

Baldintzak
Lanak edo proiektuak PDF formatuan bidali behar dira jazpanart@jazpana.com helbide elektronikora irailaren 8a baino lehen. Bertan obraren tamaina, erabilitako materiala, baldintzak, egilearen datuak, eta irudi edo ikus-entzunezko erregistroak azaldu beharko dira. Halaber, eraikinaren barne edo kanpoaldean gauzatu daitezkeen performanceetarako bigarren deialdi bat zabaldu dute, eta horren inguruko informazio gehiago nahi duenari, arestian aipaturiko helbidearen bidez harremanetan jartzeko gomendioa luzatu diete.