Javier Ucar (DJ Amsia): "Gaur sekula baino errazagoa da musika sortu eta autoekoiztea"

Kontadores topalekuak martxan du udazkeneko laborategien deialdia. 18 urtetik gorako gaztea bazara eta ikastaro berriak egin nahi badituzu, beraz, ez galdu egitaraua eta eman izena eskaintza bakoitzaren hasiera eguna baino lehen. GAZTEZULOn azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitarte luzatuko den DJ eta musika autoekoizpen laborategia dinamizatuko duen Javier Ucarrekin (DJ Amsia) izan gara.
Zer landuko duzue zehazki datorren astetik aurrera Kontadores bidartez dinamizatuko duzun laborategian? Aurrerapenik egin dezakezu?
DJ tekniken eta ordenagailuaren bitartez musika ekoizteko baliabideak lantzen ditugu, baina edukia, normalean, taldearen mailaren araberakoa izaten da. Aurtengo helburua da musika ekoizpenean, grabaketan, edizioan eta nahasketetan gehiago sakontzea.
Kontadores ezaguna zaizu, oker ez banago aurreko edizioetan ere parte hartu duzulako. Hala da?
Bai, esango nuke laborategi honen bosgarren edizioa izango dela aurtengoa, eta horretaz aparte monografiko asko egin ditut. Asko estimatzen dudan espazioa da Kontadores.
Azaroaren 12an abiatuko da, eta guztira, oker ez banago hamaika saio egingo dituzue. Nahikoak dira Dj eta musika autoekoizpenean murgiltzeko?
Bai hala da, guztira hamaika saio egingo ditugu, abenduaren 17a bitarte, asteazken eta ostegunetan. Laborategiaren luzeera nahikoa izaten da partaideek euren proiektu berriei ekiteko.
Zein erranen zenuke direla laborategi honen helburu nagusiak?
Parte hartzaileen arabera helburu desberdinak daude. Nire aldetik erronkarik handiena da didaktikoa, parte-hartzailea eta, batez ere, aspergarria ez izatea –irriz–.
Oraindik izena eman ez duenari zer erranen zenioke?
Mugitu dadila, laborategia betetzear baitago! Datorren asteartera arte zabalik da izena emateko epea.
Zuk, guztira, lau bilduma kaleratu dituzu. Zenbateraino da zaila gaur egun musikarien autoekoizpena?
Musikari bakoitzaren araberako helburu eta erronken araberakoa izaten da zailtasuna, baina funtsean, gaur sekula baino errazagoa da musika sortu eta autoekoiztea.
Krisiak zenbateraino eragin du honetan?
Egia esan ez dakit. Ez zait gustatzen frustrazioa eragiten didaten gaien inguruan hitz egitea. Nahiago dut baikorra izan eta jende mundu honetan murgiltzeko animatzea.
Amaitzeko, zergatik uste duzu direla garrantzitsuak zuk dinamizatuko duzun laborategiaren antzekoak?
Gauza askorengatik, baina batez ere ideiak taldean elkarbanatu eta garatu ahal izateko, zalantza teknikoak argitzeko, eta jendearekin ondo pasatu ahal izateko, beti baita dibertigarriagoa laborategi batean parte hartzea bideo tutorial baten jarraipena egitea baino!